ENERGIA BERRIZTAGARRIAK

Gobernuen jarduna klimaren Dubaiko goi bileran hitzartutakoaren azpitik dagoela esan du IEAk

Azaldu du herrialde gutxik jarri dituztela helburu «zehatzak», 194tik hamalauk, eta nabarmendu du martxan dauden proiektuek 2030erako behar den potentziaren %12 soilik ordezkatzen dutela.

Plaka fotovoltaikoen parke bat, Portugalen. PAULA FERNANDEZ / EFE.
Plaka fotovoltaikoen parke bat, Portugalen. PAULA FERNANDEZ / EFE.
inaut matauko rada
2024ko ekainaren 4a
13:00
Entzun

Nazio Batuen Erakundeak klima larrialdiari buruz Parisen eginiko goi bileran, 2016an, herrialdeek adostu zuten planetaren berotzeak 1,5 gradu ez gainditzeko neurriak hartuko zituztela, eta ondorengo goi bileretan beste hainbat akordio egin dituzte helburu handi hori betetzeko. Horietako asko energia berriztagarrien zabalpenari buruzkoak dira, iaz Dubain (Arabiar Emirerri Batuak) egindakoak esaterako: 2030erako energia berriztagarrien potentzia instalatua 2022an halako hiru izan beharko dela hitzartu zuten. Bada, Nazioarteko Energia Agentziak (IEA) eginiko ikerketa baten arabera, herrialdeek ez dituzte behar adina proiektu onartu helburu hori betetzeko.

IEAren arabera, herrialde gutxik hartu dituzte neurri «zehatzak» berriztagarrien ahalmena handitzeko, akordioa sinatutako 194 herrialdeetatik hamalauk, eta herrialde horiek 2030erako martxan egotea espero duten berriztagarrien instalazioek guztira 1.300 gigawatteko potentzia gehituko diote munduko ahalmenari, 2030erako jarrita dagoen helburuaren %12 soilik. Izan ere, 2022an instalatuta zegoena hirukoizteko 11.000 gigawatt gehiago behar dira. Hala ere, beste gobernu batzuk egiten ari diren planak ere kontuan hartu ditu IEAk, eta, horiek instalatuz gero, helburuaren %70 lortuko litzateke 2030erako —8.000 GW—.

IEAren ustez, energia berriztagarriak asko hedatzea da garrantzitsuena planetaren beroketa murrizteko, eta, haren ustez, potentzia hirukoiztea anbizio handiko helburua den arren, lorgarria da. Hala ere, hori lortu ahal izateko, gobernuek promestutakoa ekintza bihurtu behar dutela adierazi du Fatih Birolek, IEAko zuzendari exekutiboak. «Dubain ezarritako helburuak lortuz, herrialdeek aukera handia dute argindar sistema seguruago, irisgarriago eta jasangarriago baterako bilakaera azkartzeko. IEAk herrialdeak laguntzen jarraituko du helburu horiek lortzeko bidean».

Berriztagarriak zabaltzeari oztopoak kendu beharraz ere hitz egin du IEAk; izan ere, agentziaren ustez, hedapen hori moteltzen duten hainbat gako daude, finantzaketa eta burokrazia esaterako, eta aspektu horietan neurriak hartuz gero azkartu egingo dela uste du. Horretarako, herrialdeei proposatu die luzera begiratzea gehiago, aurregarapen fasean dauden proiektuak bultzatzea eta finantzaketan dauden arazoak konpontzeko neurriak hartzea —prezioen bilakaeren arriskua murriztea, esaterako—.

Datozen urteetako joerak ere aztertu ditu IEAk; eguzki plaken instalazioak izango dira gehien, azpiegitura berriztagarrien erdiak fotovoltaikoak izango baitira. Eolikoak %26 izango dira, eta gainontzeko laurdena beste teknologientzat izango da, hidroelektrikoarentzat esaterako —gaur egun arte, hori izan da izarra—.

Txina da aurreratuena

2023an 2022an baino %64 gigawatt gehiago instalatu ziren munduan, 560 GW, eta ia bi heren, %62,5, Txinak bultzatu zituen. IEAk azaldu duenez, Txinak, hala jarraituz gero, «aise» lortuko ditu 2030erako helburuak. Horrez gain, hemendik 2030era bitartean instalatuko den potentziaren %45 Txinak egingo duela ere kalkulatu du agentziak. Hala, 2030ean, munduan instalatutako potentzia berriztagarriaren %40 Txinan egongo litzateke; 2022an %32 zen.

Europan instalatuko da, berriz, potentziaren %20 datozen urteetan. Alemanian instalatuko da gehiena; Espainia da bigarrena, Italia hirugarrena, eta Frantzia eta Erresuma Batua atzetik. Kalkulatu dute kontinente zaharrean 1.590 gigawatt instalatuko direla 2022tik 2030era bitartean. Asia eta Itsaso Bareko eremua izango da, Txina kenduta, potentzia gehien handituko duen hurrengo eskualdea munduan, instalatuko den potentziaren %15 instalatuko baita han, eta AEBak eta Kanada ahalmenaren gorakadaren %13ren erantzule izango dira. Erdialdeko eta Hegoaldeko Amerikan ez da asko handituko berriztagarrien potentzia, %39, baina gaur egun teknologia horiek pisu handiena duten eremua da munduan, argindarraren %60 ekoizten baita bide horietatik.

Saharaz hegoaldeko Afrikako herrialdeetan 3,2 bider handiagoa izango da berriztagarrien ahalmena, eta Iparraldeko Afrika eta Ekialde Hurbila izango da energia berriztagarria munduan gehien handituko duen eskualdea: 2022an baino 4,5 bider potentzia handiagoa izango du 2030ean. Eurasian txikiagoa izango da hazkundea, soilik 1,3 aldiz handiagoa izango baita ahalmena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.