Iazko ekainean Nafarroa erdialdean izandako sute handiak iltzatuak ditu oroimenean Felix Bariainek (Eslaba, Nafarroa, 1970). Bere herriko errepide nagusiaren bestaldean den mendirantz zuzendu du begirada, eta Galipentzuraino hedatu zen sutearen eremua deskribatu du. Azaldu duenez, inguruko herrietako biztanleek etxea utzi behar izan zuten, zer gertatuko zen jakin gabe, eta landa eremuak hamarkadatan bizi izan duen utzikeriarekin lotu du gertatutakoa. Berriki, laugarren aldiz hautatu dute UAGN Nafarroako Nekazari eta Abeltzainen Batasuneko buru izateko. «Sektore honi bidegabekeria galanta egin zaio. Ez da soilik alde batera utzi dela: orain, gainera, CO2 emisioen eta suteen errua guri botatzen digute».
Iazko suteen ostean zerbait ikasi al da?
Ez. Denbora asko generaman ohartarazten: sua hasten bada, ez da geratuko. Sua piztu zen, eta ez zen geratu. Eslaba ingurura begiratu besterik ez duzu: abeltzainak diren larreetan ez zen suterik izan; abeltzainak ez diren tokietan, suak dena eraman zuen aurrean. Guk aldarrikatzen dugu basoetatik gertu diren lursailetan laborerik ez jartzea, erein gabe uztea lursaila. Gaur, berriz, kontrakoa sustatzen da. Uzten dizute lursailetan landaredia hazten hegaztiek habiak jar ditzaten, baina, suteak direnean, hori erre egingo da. Abeltzaintza estentsiboa mespretxatu egin da hamarkadatan. Abeltzainen batez besteko adina 60 urtekoa da, eta ez dute erreleborik. Ikasi? Nafarroaren beste erdia erreko da.
Nolako harremana duzue EHNErekin eta UCANekin?
Ona. Iaz, elkarrekin egin genuen mobilizazio handia. Erakunde bakoitzeko laborari bana elkartu eta hamar puntuko idatzi bat ematen badiegu, bat egingo dute bederatzi punturekin. Logikoki, desberdintasunak ditugu, baina gutxienekoak dira.
Eta Nafarroako hurrengo gobernuari zer eskatzen diozu?
Sektoreak eta herriak errespetatu ditzala. Jendea herrietan ezartzeko erraztasunak eman behar dira. 2000ko hamarkadan, despopulazioa sustatu zuen orduko gobernuak, Iruñerrian bizitzeko neurriak jarri ziren, eta belaunaldi oso bat atera da herrietatik. Despopulazioaren lege bat egin behar da, nahitaez. Hiri handietako pertsonen zerga berak ordaintzen ditugu, baina zerbitzu gutxiago jaso. Burokrazia kentzeko eskatuko nuke. Laborarioi digitalizatzeko eskatzen zaigu, baina ez da posible oraindik Nekazaritza Politika Bateratuko Nafarroako laguntzak kudeatzeko sistema informatiko bat abian jartzea. Eta guk digitalizatu behar dugu? Alderantziz izan beharko luke.
Zergatik uste duzu lehen sektorea alboratua dela?
Ikusi besterik ez dagoelako. NPB hasi zenean, sorrerako helburua zen landa eremuaren eta hiriguneen arteko arrakala txikitzea. Ez da txikitu: areagotu egin da. EBko produktuen kontsumoa ere sustatu behar zen, eta, gaur egun, guztiz alderantziz da. Geure buruari arau zorrotz ugari jarri dizkiogu, eta beste herrialdeetatik elikagaiak ekartzen ditugu. Joko arauak parekatu daitezela nahi genuke, ez baitugu jokatzen EBtik kanpoko ekoizleen arau berekin. EBk munduko beste herrialdeekin dituen merkataritza harremanen txanpon trukea gara.
Negua nola joan den ikusita, lehortea al dago?
Bai. Estatuko beste toki batzuekin alderatuta, Nafarroa iparraldean eta erdialdean pribilegiatuak gara. Baina urtegien datuak direnak dira. Uraren erabilera erregulatu behar da.
Berriki lehortearen mahaia osatu zen. Zer helarazi zaizue?
Esan diegu zein den egoera. Iparraldeko larreetan arazoak izan ditzakete ez badu euri nahikorik egiten. Hegoaldean, idorreko laboreetan uzta txarra espero da. Ureztatze lursailetan, berriz, ur kuotak ezarriko direla aipatu da.
Etorkizunean ohikoak izan daitezke ur kuotak?
Klima aldaketa hemen dago, baina, hura leuntzeko, ura bildu egin behar da. Zer gertatuko litzateke Iruñean Itoizko urtegia ez balego? Artetako urtegia ez da nahikoa beharrak asetzeko. Zein da erkidego bedeinkatu honen arazoa? Euliaren hegaldia ere politizatu egiten da. Gauza bat ona denean, ona da, eta txarra denean, txarra.
Urteotan bi aldiz atera zarete kalera prezio duinak eskatzera. Iazko protesta handitik hona zerbait aldatu al da?
Bai, nahiago dut botila erdi beteta ikusi. Elikagai katearen legea dugu. Zer gertatzen da? Industriari edo banatzaile handiei salaketa jartzen badiezu, produktua erosteari utz diezaiokete, eta orduan hilda zaude. Salaketak normalizatu behar dira. Ekoizleak salatu egin behar du kontraturik egiten ez badiote edo epe barruan ordaintzen ez badiote.
Nafarroako Gobernuari dagokio zaintza, eta, lan hori errazteko, abusuak jakinarazteko eskatu dizue sindikatuei.
Legea ezartzea erkidegoen esku dago. Gauzak egiten ari dira, baina ez behar luketen abiadan. Banaketa enpresa handiek mahai gainean jartzen dute zenbat erosten duten edo zenbat lanpostu sortu. Gobernuek beldurra diete, baina, arazo baten aurka legea ezartzen ez bada, horrek izen bat du: prebarikazioa.
22 kontrol eta zazpi zigor espediente egin zituen iaz Nafarroako Gobernuak.
Erabateko anarkia batetik gatoz, eta orain banaketak eta industriak errespetua diote legeari.
Duela urtebete, abeltzaintza kinka larrian zegoen. Eta orain?
Esnearen prezioa merkatu nahian dabiltza, litroko bederatzi zentimo inguru. Eromena da. Zergatik? Frantzian sobera duten esnea prezio irrigarrietan sartzen ari da, eta hori eragotzi behar litzateke. Egunero esne etxaldeak ixten ari direla esan nion banaketa enpresa handi bateko arduradun bati, eta erantzun zidan Frantzian esnea erosi behar badute erosiko dutela. Guretzat funtsezkoa da marjinak non diren ikustea. Badakit abeltzainek zer preziotan saltzen duten esnea. Ikus dezagun zer marjina duen industriak eta zein banaketak.
Pandemian, Yolanda Diaz Espainiako Enplegu ministroak esan zuenean landa eremuan ikuskaritzak handitu beharko liratekeela, gogor egin zenuen aurka. Damutzen zara hitz haietaz?
Aitortu nuen erratua nintzela nire iritzia esateko moduan. Baina, sakonean, batere ez. Ministroak esan zuen galdetegiak egin behar zirela, eta galdetu ea langileak lotuak genituen [galdetegian galdetzen zen ea mehatxupean lan egiten zuten, ea hesiak eta zaindariak dituzten ez ihes egiteko...]. Autonomo eta pertsona moduan, iraindu egin ninduen horrek, eta aurka egin nuen tinko. Sektorean langileei jazartzen dien eta haiek bidegabe tratatzen dituen norbait badago, aurka egin behar da, baina ezin da zurrumurru hori sektore osora zabaldu. Ikuskaritza gehien egiten zaion sektorea da gurea.
Sektoreko azken lan hitzarmena 2019tik 2022ra artekoa da. Berria negoziatzen ari zarete?
Bai, elkarri pasatu dizkiogu proposamenak. Bat egiten dugun puntuak onartu dira, eta gainerakoetan, hitz egin behar dugu. Beti heldu gara akordiora. Aste Santuaren ondoren, ados jarriko gara. Gutxieneko soldata igo zutenean, sektore asko kexaka hasi ziren estatuan, baina guri ez digu eragin, gure itunean gehiago ordaintzen baita. Laborarion aldetik, ez dago arazorik.
Felix Bariain. UAGNko presidentea
«Gobernuek beldurra diete banaketa konpainia handiei»
Bariainen ustez, lehen sektorea urte luzez alde batera utzi izanaren ondorio dira suteak eta despopulazioa. Prezioez ez ezik, lehorteaz ere kezkatuta dago, eta ureztatzeko kuotak izango direla ohartarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu