Datozen orduetan lasaitasuna itzuliko da Iruñeko kaleetara. Nafarroako Gobernuak konpromisoa hartu du nekazarientzako laguntza edo neurri fiskal batzuk abian jartzeko eta elikadura katearen legea bultzatzeko, eta, trukean, nekazariek protestak «malgutuko» dituzte.
Horretan jarri dira ados gaur egin duten hiru orduko bileran. Dena den, protesten amaiera ez dago ziurtatuta. Astebete barru batzartuko dira berriro, eta nekazarien ordezkariek ohartarazi dute gobernuak hitzemandakoetan aurrera egiteko urratsik egiten ez badu «indar handiagoz» itzuliko direla. Gainera, Nafarroako beste toki batzuetan mobilizazioei eutsiko diete, beste lurralde batzuetan egiten ari direnekin «elkartasunez». Arazoa «Espainia eta Europa mailakoa» dela nabarmendu dute.
Oraingoz ez dituzte neurri horiek jakinarazi, baina, nekazarien ordezkariek azaldu dutenez, datorren urteko errenta aitorpenean aplikatuko dira hobekuntza horiek, baina atzerako eraginarekin. Era berean, burokrazia errazteko, gobernuak aurrez aurreko komunikazioa bermatzeko bideak aztertuko ditu.
Neurri fiskalez gain, beste batzuk ere hartuko ditu gobernuak. Aste honetan mobilizatu diren nekazarien kolektiboko bozeramaile Salvador Morenoren arabera, plan hidrologikoa «garatzeko» konpromisoa hartu du. Era berean, esan die ez duela aurrera jarraituko estepako hegaztien proiektuarekin. Plan horrek, Morenoren arabera, Nafarroako nekazaritza lurren %70 landu ezinik uzten zituen. Era berean, gobernuak bere eskumenekoak ez diren gai batzuk negoziatzeko borondatea agertu du, hala nola simaurren eta minden kudeaketa.
Atzoko protestei segida emanez, gaur ere dozenaka traktorek «kolapsatu» dute Iruñe erdialdea. Haietako batzuek gaua igaro dute eta beste batzuk Nafarroako beste leku batzuetatik iritsi dira, hirirako sarbidean trafiko mozketak eraginez. Besteak beste, honako etorbide hauek itxi dituzte: Nafarroa Beherea, Pio XII.a, Antso Azkarra, Vergel, Juan XXIII.a plaza, Zaragoza etorbidea, Foruen plaza, eta Yanguas eta Miranda kalea. Arratsaldean egoera bere onera itzuliko da, gobernuarekin izandako bileraren ondoren nekazarien ordezkariek jakinarazi dutenez.
Sindikatuetatik kanpo dauden laborariek antolatu dituzten egunotako protestak, eta haien ordezkari batzuek parte hartu dute gaur goizean Jose Mari Aierdi Landa Eremuko kontseilariak eta Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasunekoak sektorearekin izan duten bileran. Hasieran ez zituzten bilerara deitu, baina atzo UAGNk, EHNEk eta UCANek ohartarazi zuten ez zirela azalduko plataforma horretako ordezkaririk ez bazegoen, eta gobernuak eskaera onartu zuen.
Ikusi gehiago
Traktoreak atzo iritsi ziren Iruñe erdialdera, Nafarroako hainbat tokitatik. Egun osoan trafikoa moztu zuten hiriko sarreretan eta etorbide nagusietan. Goizean, traktore multzo bat Maria Txibite Nafarroako lehendakariaren etxera hurbiltzen saiatu zen, Gorraitzen (Eguesibar), baina foruzainek bidea trabatu zieten.
Bizkaian eta Araban ere bai
Bizkaian eta Araban ere mobilizatu dira gaur. Bilbon elkartu dira goiz honetan Karrantzatik, Gernika-Lumotik, Markinatik, Mungiatik eta Erandiotik abiatu diren traktoreak, Bizkaiko EHNEk eta ENBAk deituta. San Mames estadioan bildu dira 10:00ak aldera, eta Areatzarako bidea hartu dute. Han, arkumea salduz aldarrikatu dute bertako produktuak kontsumitzearen onura.
Enkarterritik iritsitako lehen traktoreak Bilbora heldu dira @berriapic.twitter.com/TdM1XrTnhp
— Gotzon Hermosilla (@GotzonH) February 9, 2024
Ibilbide guztia Ertzaintzak lagunduta egin dute traktoreek, ilaran banaka jarrita eta atoirik gabe. Deitzaileek nabarmendu dutenez, euren helburua ez da Bizkaia eta Bilbo «kolapsatzea». Europako Batasuneko Nekazaritza Politika Bateratua (NPB) malgutzeko eskatzen dute, ekoizpen prezioak bermatzea, Europako Batasunaren eta Mercosurren arteko eta gisako merkataritza libreko akordioen negoziazioak etetea, eta burokrazia arintzea.
Gasteizen, UAGAko kideak oinez joan dira sindikatuaren bulegoetatik Arabako Foru Aldundiaren egoitzara, eta han Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiarekin batzartu dira. Iraunkortasun, Nekazaritza eta Ingurune Naturaleko foru diputatu Amaia Barredok jakinarazi duenez, aldundiak eta UAGAk lanerako mahai bat sortzea adostu dute, neurri fiskalak onartzeko aukera aztertzeko. Era berean, administrazio kontuak arintzeko neurri «zehatzak» adostu dituzte. Beste lan ildoetako bat izango da nekazari gazteentzako lehen instalazioetarako inbertsioak indartzea, eta belaunaldi erreleborako neurri gehiago bultzatzea.
Gipuzkoan, berriz, EHNEk eta ENBAk oraingoz ez dute protestarik antolatu, nahiz eta askotan salatu duten baserritarrek beren produktuen truke jasotakoa motz geratzen dela.
Atzo, Eusko Legebiltzarraren aurrean batu zen nekazari talde bat, eraikinaren barruan bozkatzen ari ziren klima aldaketaren legea salatzeko.