Gobernuak pentsioen erreformaren lehen zatia onartu du, eta Kongresura bidali

Pentsioak KPIaren arabera igotzea ezartzen du. Ezeztatu egiten du jasangarritasun faktorea. Haren tokia hartuko duen tresna azaroaren 15erako adostuta nahi du Madrilek

Jose Luis Escriva, Gizarte Segurantzako ministroa, artxiboko irudi batean. JAVIER LIZON / EFE.
Irune Lasa.
2021eko abuztuaren 25a
00:00
Entzun

Oporraldiak emandako soseguarekin, lan astunik ez zuten hartu nahi izan Espainiako Ministroen Kontseiluan atzo, urte politikoari hasiera emateko bilkuran. Ondoko prentsaurrekoa ere bare joan zen Isabel Rodriguez ministro eledunarentzat, Pedro Sanchez presidenteak, Afganistan gorabehera, Europako Batasuneko buruzagiekin lortutako argazkiari esker.

Itzulerarako lan erraz horien artean zegoen, hain zuzen, pentsioen erreformaren lehen zatia, ekainean Elkarrizketa Sozialaren Mahaian patronalekin eta sindikatuekin adostutakoa. Atzoko bilkuran gobernuak oniritzia eman die akordio hartan hitzartutakoei, eta Kongresura bidean jarri ditu, lege proiektu batean bilduta.

Legearen arabera, 2022. urtetik aurrera, ezerezean geldituko da PPren erreformak ezarritako urteroko %0,25eko igoera finkoa; pentsioak berriz ere aurreko urteko KPIaren arabera eguneratuko dira; eta inflazioa negatiboa izango balitz urteren batean, pentsioak zeuden bezala geldituko dira.

Elkarrizketa Sozialeko Mahaitik adostuta datozen beste neurrien artean, aipatzekoak dira helburu dutenak egiazko erretiro adina —64,6 urte— hurbiltzea adin ofizialera —66 urte orain, 67 2027an—. Erretiro aurreratua hartzen dutenen pentsioak txikitzeko neurriak dira, betiere kotizatutako epearen arabera, eta kontuan izanik pentsiodunari zenbat falta zaion erretiroko adin ofizialera iristeko.

Beste neurri batzuk, berriz, erretiro atzeratua saritzera etorriko dira; besteak besteak, pentsioetan hobariak aurreikusiz (%4koak gehienera), edo ordainketa bakarreko sari bat.

Tresna berriaren bila

Kongresuan eztabaidatuko den lege proiektuak ezeztatu egiten du jasangarritasun faktorea, 2013. urtean pentsio berriak txikitzeko helburuarekin Mariano Rajoyren gobernuak onartutako mekanismoa. Neurri horrekin, pentsioen zenbatekoa murriztuz joan behar zen bizi itxaropena handitu ahala; baina ez zen indarrean ezarri, pentsiodunen protestak eta gobernu aldaketak tarteko.

Dena den, jasangarritasun faktorea desagertzeak ez du esan nahi sistemaren gastua kontrolatzeko tresnarik egongo ez denik. Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroak berak aipatu zuen uda aurretik «belaunaldien arteko berdintasuna» bermatzeko tresna bat izango dela. Baina hari buruzko adostasunik ez dago, oraingoz, Elkarrizketa Sozialeko Mahaian.

Jarri beharko dira negoziatzen, tresna berriaren inguruko akordioa azaroaren 15a baino lehenago nahi duelako gobernuak. Adostasunik ez badago patronalen eta sindikatuen artean, gobernuak bere proposamena ezarriko du, eta zuzenketa gisa sartu lege proiektuan. Izan ere, Europako Batzordeak urtarrilaren 1erako indarrean nahi du pentsioen erreformaren lehen zatia.

Bigarren zati baterako geldituko dira adosteko oso zailak diren beste gai arantzatsuak; hala nola pentsioen kalkulurako kotizazio epeak, autonomoen kotizazio sistema berria, eta soldata handien kotizazio oinarriak.

Gutxieneko soldata

Pentsioen erreformaz gain, izango dira beste gai batzuk datozen hilabeteetan eztabaida piztuko dutenak Elkarrizke ta Sozialeko Mahaian, hala nola lan erreforma. Hala ere, lehenago etorriko da SMI lanbide arteko gutxieneko soldataren gaia. Nadia Calviño Ekonomia ministroa SMIa igotzeko prest agertu zen, lehen aldiz, uztail bukaeran, eta irailean gaia atzera piztuko dute sindikatuek. Gaur egun, gutxieneko soldata 950 eurokoa da, baina sindikatuek batez besteko soldataren %60ra igotzea nahi dute —1.011 eta 1.049 euroko tartera 2023. urtean—. Patronala, berriz, igoeraren kontra dago.

Gaiari buruz galdetuta, Isabel Rodriguez ministro eledunak atzo erantzun zuen gobernuak «guztientzat bidezkoa izango den suspertzea» duela helburu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.