Mikel Aranburu. Nafarroako Gobernuko Ogasun kontseilaria

«Gobernu hau itotzea zen UPNren jokaldia»

Ia hiru urte iragan dira Madrilgo gobernuarekin ekarpenaren akordioa lortu den arte. Montorok egoera alde zuelako eta arerioei politikoki komeni zitzaielako, blokeoa luzatzeko arriskua ikusi du Aranburuk. «Akordioa bera lortzea garrantzitsua da».

IDOIA ZABALETA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2018ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Mikel Aranburuk (Iruñea, 1955) 38 urte eman ditu Foru Ogasunean, eta, 2015eko uztailetik, kontseilari izatea egokitu zaio. Kargua hartu zuenetik, erronka nagusietakoa zuen ekarpenaren kalkulua ixtea. «Pisu bat kendu dut gainetik, bai», aitortu du. Hala ere, uste baino gehiago kostatu zaio. Uste zuen zortzi hilabete inguru beharko zituela, eta azkenean ia hiru urte izan dira.

Zer egoerarekin topo egin zenuen kargua hartu zenuenean?

UPNren azken urteetan, zorrak ziztu bizian egin zuen gora, 800 milioi eurotik 3.500 milioira. Zorpetuta, bildu baino gehiago gastatzen zen. 2012ra arte ez zegoen Finantza Egonkortasunerako legerik, ezta, ondorioz, kontrolik ere. Gainera, lauzpabost urteren buruan 1.200 milioi eurotik 50 milioira jaitsi zen altxortegiko dirua. Zor handia eta diru gutxi kutxan, gerra antzeko egoera batean geunden.

Zenbateraino izan zen UPNko gobernuen kudeaketa txarraren ondorioa?

Zaila da neurtzea. Zerga bilketa asko jaitsi zen, baina gauza asko ere gaizki egin zituzten. Erantzukizun politiko handi bat dago.

Zer ondorio izango du Nafarroarentzat 2015-2019ko eperako ekarpenaren akordioak?

Akordioa lortzea bera garrantzitsua da, akordioa ez lortzeko arriskua baitzegoen. Espainiako Ogasun Ministerioak lasai asko blokeatu zezakeen negoziazioa. Akordioa lortu izan ez bagenu, egoera jasanezina izango zen guretzat, ekarpena eguneratzeko behin-behineko sistemak zentzugabeko zifretara eramaten baikintuen (700 milioi), eta estatuak hori ordaintzea erreklamatzen zigulako. Defentsa zaila genuen: finantza gerra batean sartuko ginen, baina haiek zituzten giderrak eskuetan.

Zergatik?

Nafarroak estatuari ordaindutako ekarpena bera baino diru gehiago jasotzen duelako zergen doikuntzen konpentsazioaren bitartez. Liskarrean sartuz gero, haiek aterako dira irabazle. Akordioa lortuta, gatazkaren aukera hori uxatu da.

Jaurlaritzak eta Madrilek hamar urte eman zituzten horrela. Blokeo horren beldur zineten?

Bai. Tira, alderantziz ere gerta daiteke: gure aldekoa bada, gu tonto jar gaitezke, eta egoera luzatu. Bi aldeko negoziazio batean, batek ez badu nahi geratu egiten da, eta urteak eman ditzakezu horrela. Susmatzen genuen PPren gobernuak tentazioa izango zuela Nafarroako aldaketa politikoa arnasarik gabe uzteko.

Susmoak zenituzten. Eta zantzuak?

2015ean eta 2016an gutxi egin zen. 2015eko irailerako egin genuen lehen bilera, eta orduan hasi ziren esaten UPNren aurreko gobernuak utzitako kontu batzuk konpondu arte ezin ginela hasi. 2015 osoa joan zitzaigun. Gero, 2016ko urtarrilean, prozesua bizkortzeko baliatu genuen Hitzarmen Ekonomikoaren 25. urteurrena; baina abiatu ginela zirudienean, itzulinguruka hasi ziren. Telefonoa ere ez zidaten hartzen. Ez atzera ez aurrera geunden.

Hala ere, Espainiako aurrekontuen azterketa bat egin zenuten. Ikerketak zer ekarri du?

Metodologia bat ezarri genuen, eta banan-banan aztertu genituen 2015eko estatuko aurrekontuetako 8.000 aurrekontu sailak, kasu batzuetan ez baitago argi Nafarroak bere gain hartu gabeko kargak diren edo ez. Gero, badira historikoki bi administrazioek partekatutako gastuak, eta ikusi behar da zer zati dagokigun guri eta zein haiei. Lan hori garrantzitsua izanzen, indarra eman baitzigun negoziazioari begira. Gauzak gaizki joanez gero ere, parlamentuaren aurrean azalpenak emateko ere balio zigun. Etorkizunera begira, lana eginda dago.

2016ko abenduan gertatu zen tentsio unerik handiena. Zergatik jo zenuen mahaian kolpea?

Urrian, ministerioaren organigrama aldatu zuten. Niri denbora hegan zihoakidan, urte amaierarako ekarpenaren ordainketak eta zerga doikuntzak itxi behar genituelako. Goi kargudun berriei eskatu nien ekarpena gure kontabilitatearen arabera egiteko. Denbora eskatu zuten lur hartzeko. Orduan ikusi genuen: mahaian kolpe bat jotzen ez bagenuen, elkarrizketa ez zen aktibatuko. Ekarpeneko 82 milioi ordaintzeari utzi genion.

Zer ekarri zuen kolpe hark?

Negoziazioa bultzatzeko balio izan zuen. Badakit Cristobal Montoro ministroari ez ziola graziarik egin erabaki hark; Nafarroa inoiz ez zen intsumisoa izan gai hauetan. Ez zuten gustuko izan, baina balio izan zuen. Guk juridikoki gure erabakiaren defentsa genuen, eztabaidagarria baina posiblea. Eguberrietako oporretatik itzulita, finantzaketa publikoko estatu idazkariak deitu zidan, esateko konpondu egin behar genuela. Hala izan zen. Hamabost egunean behin bilera sistematikoak egin genituen. Urtebetean egin ez genuena egiten hasi ginen.

UPN, une hartan, Espainiako Gobernuarekin lerrokatu zen. Harritu zintuzten jarrera hark?

Oso argi dago gobernu hau itotzea zela UPNren jokaldia. Ondo zetorkion ekarpena behin-behinean asko igotzea gure aurrekontuak estutzeko. Horregatik, hasieratik lerrokatu ziren ministerioaren ildo gogorrenarekin.

Akordioaren zer ezaugarri nabarmenduko zenuke?

Lehen aldiz metodologia zientifikoa erabili izanak ziurtasuna ematen du.

BEZaren doikuntzen akordioa oharkabean pasatu da. Garrantzitsua da?

Bai. 1985ean, Espainia EBra sartu aurretik, hitzartu genuen kontsumoaren gaineko zergaren bilketa doitzeko. Aldagai makroekonomikoak hartu, eta formula matematiko bat erabili zen. Asmo oneko formula zen. Arbelean ondo funtzionatzen du, baina praktikan ez. Lehenago ez zen arazoa ikusten, baina 2012an, VWek salmenta sistema aldatu zuenean, agerian geratu zen formula horrek ez ziola itzularazten Nafarroari zegokiona. Orain, formula horren indizea hobetu dugu, eta urtero 40 milioi euro gehiago dira. Buelta eman diogu egoerari:BEZagatik gehiegi ordaintzen genuen, eta orain, aldiz, diru asko itzultzea dagokio estatuari.

Akordioak 215 milioiren soberakinak eragin ditu. Gastu arauaren ondorioz, ezin dira erabili inbertsiorako. Ala bai?

Hasteko, kontabilitate ikuspegitik, 215 milioi euro horien zati handiena 2017koa da. Gainera, aurtengo aurrekontua itxita dago. Edozein aldaketa egiteko, parlamentuaren onespena behar da, eta horrek gastu arauan eta defizit mugan eragin dezake. Zailtasunak zailtasun, ministroari argudio politiko hau planteatuko diot: ezohiko diru sarrera hauek, neurri batean, zure erruz izan dira. Akordioa 2015ean itxi izan bagenu, beste aurrekontu batzuk izango genituen 2016an eta 2017an, eta inbertsio gehiago. Ados gaude zati bat ez zorpetzeko erabili behar dugula, baina utzi era berean inbertsio iraunkorrak egiten.

Posible da?

Ofizialak izan ez diren lehen bileretan, sumatu dugu ezezkoa emango digutela.

Haiek erabakitzen dute, gainera.

IGAE Estatuko Administrazioaren Esku-hartzailetza Nagusiak erabakitzen ditu gastu arauaren inguruko auziak. Bueno, eta gero geuk ere ados jarri behar dugu. Laukoan denak ados jarriko garen inbertsio batzuk hitzartu behar ditugu, eta, ondoren, Montororengana joko dut zuzenean,bestela bai baitakit ezezkoa emango didatela. Dena den, egoera ez da erraza, denei ezezkoa eman diete eta.

Beste erkidego batzuk EAE eta Nafarroara begira daude, eta mezu politiko bat dago kontzertuaren eta hitzarmenaren aurka. Eraso horiek mehatxua dira?

Indar handiagoz edo txikiagoz, erasoak beti izan dira. Pribilegiotzat jotzen dute, baina, zehazki, diferentzia kritikatzen dute. Matematikoki erakuts dezakegu elkartasunez jokatzen dugula, baina beti ateratzen zaizkizu aurka. Nafarroako ekarpena bikoiztuz gero, Nafarroa hondatuko duzu, baina horrekin ez duzu konponduko beste erkidegoen zorra.

Espainiako zorraren arriskuaz ohartarazi duzu. Zergatik?

Legez, Nafarroak bere gain hartu gabeko zamen artean dago estatuko zorraren amortizazioa eta interesak. Uneotan zorra bilioi bat eurokoa bada, urtero 130.000 milioi euro inguru amortizatzen dira. Guk horren %1,6 ordaindu behar dugu. Kontzeptualki, astakeria da. 1990ean sinatu zenean, estatua noizean noiz zorpetzen zen, inbertsio garrantzitsu batzuk egiteko. Negoziatzaileen asmoa zen inbertsio horien zorraren %1,6 bere gain hartzea. Kontua da testuingurua aldatu egin dela. Orain, zor horren barruan daude beste erkidegoei egindako transferentziak, gastu arrunta...

Ekarpena handitu daiteke?

Oraingoz ez digu min egiten, ekarpenaren kalkuluan estatuaren defizita konpentsazio gisa ageri delako, eta bataren eta bestearen arteko eragina ia neutroa delako. Baina demagun etorkizunean estatuak defizitik ez duela edo nabarmen murrizten duela. Orduan, konpentsazio hori gutxitu egiten da, eta ekarpena nabarmen handitu daiteke.

Hori aldatzea erronka da?

Bai, argi eta garbi.

Hitzarmen Ekonomikoaren Legearen balizko aldaketan hori moldatu behar al da?

Bai. Proposatu dugu legeak ez aipatzea «estatuaren zor guztia», baizik eta «estatuaren zorrak». Aipamen horrek atea ireki dezake etorkizunean aztertzeko zorraren zer zati sartzen diren ekarpenean. Hala ere, ez digute onartzen.

Parlamentuan esan zenuen onartzeko prest zeudela.

Udan esaten zuten prest zeudela, baina orain ezetz diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.