Espainiako Gizarte Segurantzak ofiziozko salaketa jarri du Glovo App23 S.M. enpresaren aurka, plataforma digital horrentzat lan egin duten 280 banatzaile besteren konturako langiletzat hartu eta Gizarte Segurantzaren erregimen orokorrean koka ditzan. ELAk gogorarazi du berriki argitaratutako epai batean Espainiako Auzitegi Gorenak ohartarazi zuela plataforma horietako langileak ez direla jarduten autonomo gisa; aitzitik, enpresarekiko lan harremana Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean kokatzen da, auzitegiaren arabera.
Bada, justiziak demanda aintzat hartzen badu, ELAk eskaera zehatz bat egingo du: langileek autonomoen erregimenari ordaindutako kuotak itzultzea. Horrez gain, Glovoren aurka auzitara joko du sindikatuak, «enpresa horrek dagokion sektore hitzarmena aplikatuz gero langileek jasoko lituzketen soldatak ordain ditzan».
«Prekaritatea eta esplotazioa»
Gizarte Segurantzaren ekimeneko prozedura judizial horretan agertuko da ELA, «langileen kolektiboa enpresaren aurrean ordezkatzeko». Sindikatuak uste du Glovok langileak behartzen dituela autonomoen erregimenean iruzurrezko alta ematera; horrela, beren ardura da Gizarte Segurantzako kuotak ordaintzea. «Gainera, lan harremanen oinarria prekaritatea eta esplotazioa izan da», ELAren arabera. «Autonomo faltsuek ez dute eskubiderik, eta besteren konturakoek, berriz, bai. Glovok bere langileei inposatzen dien lan sistema esplotazio hutsa da; fikzio bat sortzen du, ustez langileak bere lana antolatzeko aukera duelarik. Alabaina, benetako lan harremana guztiz mendekoa da, soldata kaskarrekin, eta ez dago enpresa azpiegiturarik eta inolako eskubiderik».
Horregatik guztiagatik, ELAk Espainiako Gobernuari exijitu dio «berehala egiteko lege bat plataforma digitalen jokamolde horri aurre egiteko». Halako lege bat balego, Glovoren moduko plataformek iruzurra egin beharko lukete «XIX. mendeko lan harreman eredu bat ezarri ahal izateko». Sindikatuak dei egin die plataforma horietako langileei antola daitezen beren eskubideen alde; «sindikatua enpresa horiek inposatzen duten prekaritateari eta esplotazioari aurre egin nahi dutenen eskura jarriko du ELAk».