Gaur hasi da Glovo banaketa enpresaren kontrako epaiketa Iruñeko Auzitegian. Enpresak Gizarte Segurantzari loturik argitzeko dituen kontuak zehaztea da auzibidearen helburua; zehazki, epaileak erabakiko du Glovoko langileak autonomo diren edo ez. Hau da, ebatzi beharko du banatzaile horiek soldatapeko langile behar luketen edo ez. 80 langile daude epaitegira deiturik.
Beste behin, LAB sindikatuak aldarrikatu du Glovoko banatzaileak «langileak» direla, eta ez autonomoak. Protesta gisara, elkarretaratzea egin dute goizean Nafarroako Justizia Jauregiaren aitzinean. Sindikatuak Glovori galdegin dio «legeak betetzea eta kontratuak, kotizazioak eta hitzarmeneko baldintzak ezartzea».
Halaber, LABek azpimarratu du enpresa ez ikusiarena egiten ari dela aspaldi, eta salatu du instituzioak «utzikeriaz» ari direla horrekin. «Instituzioen utzikeria eta Glovoren zigorgabetasuna izugarriak dira. Enpresak, bere kontrako ezin konta ahala epai izanik ere, berdin segitzen du langileei eskatzen beraiek ordain ditzatela kotizazioak». Oroitarazi dute, besteak beste, LABek 2019an jarri zuela Glovoren aurkako lehenbiziko salaketa. Ordutik ari dira enpresarentzat lanean dabiltzan banatzaileen eskubideak aldarrikatzen.