Epaitegi batek beste behin ebatzi du Glovoko banatzaileen eta enpresaren artean lan harremana dagoela; hau da, soldatapeko langileak direla, eta ezin direla langile autonomo bezala jardun.
Oraingo honetan, Donostiako Lan Arloko 4. Epaitegiak esan du hori. Lan Ikuskaritzaren salaketa bat oinarri hartuta, Gizarte Segurantzaren Diruzaintzak epaitegira jo zuen, eta hark ebatzi du 2018ko urritik 2020ko abendura 168 pertsonak egin zutela lan Glovorentzat hark Gizarte Segurantzan alta eman gabe.
Gizarte Segurantzak 410.588 euro eskatzen dizkio Glovori. Epaia ez da irmoa, eta enpresak EAEko Auzitegi Nagusira jo dezake. Orain arteko epaietan, baina, iritzi bera eman dute auzitegi horrek eta beste batzuek.
Ohi bezala, Glovok argudiatu zuen langile horiek autonomo gisa lan egin zutela berarentzat, baina Donostiako epaitegiak adierazi du hori ez dela horrela; besteak beste, langile horiek ez zutelako euren zerbitzuen truke prezio bat ezartzeko gaitasunik, benetako langile autonomoek egin ohi duten moduan.
Espainian 2021. urtean onartu zen banatzaileak kontratupean izatera behartzen duen rider-en legea, eta Europako Batasunak, halaber, iazko martxoan onartu zuen elkarlaneko ekonomia arautzeko direktiba.
Araudi aldaketak eta bere aurkako epai ugarik bultzatuta, iazko urtearen amaieran Glovok iragarri zuen aurrerantzean soldatapeko langile gisa arituko direla banatzaileak. Horrek kezka eragin du langile batzuen artean, bereziki paperik gabekoetan.