Glovoko 207 banatzaile soldatapeko langile direla berretsi du Iruñeko epaitegi batek

Enpresaren helegitea atzera bota du. Hamar egun ditu Glovok Espainiako Auzitegi Gorenean epaiari errekurtsoa aurkezteko.

Glovoko zorro bat Iruñeko epaitegien atarian. IñIGO URIZ / FOKU
inaut matauko rada
2023ko irailaren 14a
08:57
Entzun

Epaitegi batek, beste behin, arrazoia eman die Glovoko banatzaileei eta sindikatuei, eta langileen eta enpresaren artean lan harremana dagoela ebatzi du; hau da, soldatapeko langileak direla. Hori bera ebatzi zuen 2022ko azaroan Iruñeko gizarte arloko lehen aretoak, eta, Glovoren helegitea atzera bota ostean, irmoki epaitu du soldatapeko langileak direla.

Kasua, beraz, jada ez dago Nafarroako Auzitegi Nagusiaren esku, eta Glovok hamar egun ditu Espainiako Auzitegi Gorenean epaiari errekurtsoa jartzeko. 2020an antzeko epai bat iritsi zen Auzitegi Goreneko epaileen eskuetara, eta Iruñeko epaitegiak ebatzitako bera esan zuen: soldatapeko langileak zirela banatzaileak.

Epaitegiaren arabera, 2018ko urriaren eta 2019ko abuztuaren bitartean 207 banatzaileren eta Glovoren arteko harremana laborala zen: «Glovo ez da bezeroen eta banatzaileen arteko bitartekari soil bat».

CCOOk plazaratu zuen atzo epaia, eta pozik agertu zen emaitzarekin, eta adierazi zuen halako epaiek gero eta argiago uzten dutela Glovoko eta antzeko enpresetako banatzaileak autonomo faltsuak direla.

Hala, azken epai hori Auzitegi Gorenak eta Espainiako hainbat autonomia erkidegoetako Justizia Auzitegi Nagusiek ebatzitako epaiei batuko zaie, eta jurisprudentzia handituko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.