Azkenik, Glovoren eredua ez da jasangarria. Motxila horien enpresa aspaldidanik dabil isunak pilatu eta pilatu —267 milioi euro zor dizkio Espainiako Gizarte Segurantzari—, eta, porrot egiteko mehatxua gertu duela, iragarri du autonomo faltsuen bidez funtzionatzeari utziko diola. Konpainiaren arabera, aurrerantzean soldatapeko langileak izango dira banatzaileak, eta ez autonomoak.
Iragarpena gaur heldu izana ez da kasualitatea. Oscar Pierre, Bartzelonako enpresaren sortzailea, ikertzen ari dira langileen eskubideen aurkako delituak egotzita, eta bihar deklaratu beharko du epailearen aurrean. Espainian 2021. urtean onartu zen banatzaileak kontratupean izatera behartzen duen rider-en legea, baina oraindik autonomo faltsuekin lanean segitzen du haren enpresak.
Orain ordutik Glovon lan egin duten 60.000 pertsonaren egoera legeztatuko dela uste du Lan Ministerioak. «Espainiaren historiako afiliazio mugimendurik handiena da», Yolanda Diaz Lan ministroaren iritziz. «Sakelako bat eskuan duela bizikletan dabilen gazte bat ez da ekintzaile bat. Behingoz lortu dugu; handia izan arren, ez dago demokraziaren gainetik dagoen enpresarik», gehitu du.
Konpainiak, berriz, esan du eredua aldatzeko erabakia hartu duela Espainiarekin duen «konpromiso sendoagatik eta herrialdean ekonomia digitala sustatzeko». Azaldu duenez, «erabiltzaileen esperientzia» berdina izango da aurrerantzean ere, baita aplikazioarekin elkarlanean jarduten duten jatetxeena ere.
645
Zenbat aurreztu duen Glovok autonomo faltsuekin, milioi eurotan. Lehia desleiala egotzita, Just Eatek salaketa bat jarri zion Glovori ostiralean. 295 milioi euro eskatzen dizkio kalte ordainetan. Izan ere, enpresa horren arabera, Glovok 645 milioi euro aurreztu ditu autonomo faltsuen bidez funtzionatuta.
Glovo bederatziehun hiritan baino gehiagotan dago gaur egun, eta ziurtatu du ez dela aldaketarik izango ematen duen zerbitzuan; hau da, eskariak jasotzeko epeak ez direla aldatuko eta banatzaileak noiznahi egongo direla eskuragarri. Gizarte eragileekiko elkarrizketa fase bati ekingo diola ere esan du enpresak, baina ez du zehaztu noiz jarriko duen martxan eredu berria.
Glovoren jabea Alemaniako Delivery Hero da —2021ean erosi zuen, mila milioi euroren truke—. Hark aitortu du helburua «ziurgabetasun legalak» saihestea dela, eta aldaketak ekonomikoki ekarriko dionaren berri eman du: zerga aurreko emaitzetan ehun milioi euroko eragina izango du erabakiak. Isunak eta zorrak ordaintzera ere 440 eta 770 milioi euro artean bideratuko dituzte aurten.
Gaur jakin da, gainera, Just Eatek salaketa bat jarri ziola Glovori ostiralean, lehia desleiala egotzita. Banaketa enpresa horrek soldatapean ditu bere langileak, eta Glovori 295 milioi euro eskatzen dizkio kalte ordainetan. Just Eaten arabera, motxila horien enpresak 645 milioi euro aurreztu ditu autonomo faltsuen bidez funtzionatzeari esker.
Bide luzea
Isun ekonomikoekin nahikoa ez zela ikusita, Espainiako Gobernuak udan abiarazi zuen epaitegietako bidea, eta horren ondorio da Pierreren inputazioa. Madrilek 2023ko urtarrilean gogortu zuen Zigor Kodea langileei legez kanpoko baldintzak ezartzen dizkietenentzat, eta, orain, sei hilabete eta sei urte bitarteko kartzela zigorra jar diezaiekete delitu hori egozten dietenei. Bartzelonako Fiskaltzak dio langileen eskubideak «gutxietsi eta ezabatu» dituela Pierrek.
Apirilera bitarte, Espainiako lan ikuskaritzak 2014tik Glovon lan egin duten 40.889 autonomo faltsuri alta emateko agindu zion enpresari. Orain, adituen arabera, 15.000 banatzaile inguru ditu, baina litekeena da zenbaki hori handiagoa izatea, asko baitira kontu bat alokatuta banatzaile lanetan dabiltzan paperik gabeko migratzaileak.
Ikusi gehiago
Gaur arte iraun du, beraz, Glovoren burugogorkeriak. Espainiako Auzitegi Gorenak duela lau urte ebatzi zuen bizikletako banatzaileak soldatapeko langileak direla, gobernuak duela hiru urte jarri zuen martxan rider-en legea, duela ia bi urte gogortu zuen Zigor Kodea, eta Europako Batasunak martxoan onartu zuen elkarlaneko ekonomia arautzeko direktiba. Euskal Herrian ere, besteak beste, Glovoko 207 banatzaile soldatapeko langile zirela berretsi zuen Iruñeko epaitegi batek iaz. Hori guztia izan da beharrezkoa motxila horien enpresak amore emateko.
Enpresako langileak izateari esker, banatzaileek ez dute autonomoen kuotarik ordaindu beharko, eta soldata finkoaz gain, lanaldi jakinak izango dituzte, atsedenerako eskubidea, baimenak, oporraldiak eta Gizarte Segurantzaren babesa, orain arte ez bezala.