Enpresak

Glovok bere jarduera indartuko du Bilbon, bi milioi euroko inbertsioa eginda

Bulego handiagoan ezarri du Hego Euskal Herrirako eta Espainiako iparralderako estrategia kudeatzeko taldea. 25 ariko dira 250 metro koadroko espazioan.

Glovoko langile batzuk, epaitegi batean, enpresa salatu ondoren. TONI GALAN / EFE
xabier martin
2022ko apirilaren 6a
11:14
Entzun

Etxez etxeko janariaren banaketa rider-en bidez egiten duen teknologikoak Bilbo aukeratu du gune estrategiko gisa Espainiako iparraldeko eta Euskal Herriko eremu baterako estrategia kudeatzeko. Bilbon duen egoitza utzi, eta bulego handiago batera aldatu da. Urtea amaitu arte, bi milioi euroko inbertsioa egingo du plataformak, bere presentzia egonkortzeko eta ahal den neurrian zabaltzeko.

Bilboko egoitza horretatik kudeatuko dute Glovoren aplikazioa, Euskal Herriko, Galiziako eta Espainiako (Asturias, Kantabria eta Aragoi) 75 hirietako jarduera. Ramon Lopez-Doriga, Glovoko Iparraldeko eremurako zuzendariak esan du, «Espainian zabaldutako bosgarren bulegoa» dela Bilbokoa. Langileen prekaritatearen eredurik gordinenean hazitako enpresako bozeramaile horrek esplikatu du Bilbo aukeratu dutela «hiri ekintzailea delako eta berrikuntza teknologikoaren alde egiten duelako». Lopez-Dorigak gaineratu du «Espainiako iparraldea Europako erreferente teknologikoa» izan dadin nahi duela Glovok.

Janaria etxez etxe banatzeko enpresa horrek eta pareko beste zenbaitek, tartean Deliveroo, arazo handiak izan dituzte justiziarekin, haientzat aritutako autonomo faltsuek auzitara jo dutelako Europa osoan. Bilboko Gizarte arloko 11. epaitegiak ebatzi zuen, iazko maiatzean, Glovoren eta hango langileen arteko harremana lan harremana dela, eta soldatapeko gisa kontrataturik egon behar dutela. Autonomoen kontratuarekin jardun izan dira banaketa plataformarentzat rider horiek, autonomo faltsu gisa, eta hori aldatzera behartu dute Bilboko Glovoren adarrak.

Espainiako Auzitegi Gorenak Glovoren autonomoen auzian jurisprudentzia ezarri ondoren iritsi zen Bilboko ebazpena. Egungo langileen baldintzen inguruko informazio zehatz gutxi dago, baina Glovok oso ospe txarra darama zama gisa bizikletaren gainean, azken urteetan zabaldutako prekaritate eredua dela eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.