Christian Burgsmueller. EBko ordezkaria

«Globalizazioari arauak jarri nahi dizkiogu TTIP ituna AEBekin adostuta»

MARISOL RAMIREZ / ARP.
Ivan Santamaria.
Bilbo
2015eko azaroaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Cecilia Malmstrom Europako Batzordeko Merkataritza komisarioaren kabineteko kide da Christian Burgsmueller. TTIPi buruz Bruselak duen ikuspuntua azaldu zuen, Sabino Araba fundazioak itunari buruz antolatutako jardunaldiaren barruan.

Zer eskain diezaioke TTIPek Euskal Herriari?

Aukera onak eskaintzen dizkie lehiakorrak diren eta asko esportatzen duten enpresei, eta hemen badira. AEBetako merkatuari baikortasun handiz begiratzen diotela helarazi didate, eta sufritzen dituzten trabak murrizten lagunduko luke akordio batek.

Asko eztabaidatu da TTIPek izango lituzkeen onura ekonomikoei buruz. EBk dituen azken kalkuluak zeintzuk dira?

Oso zaila da neurketak egitea, eta aurretik egindako kalkulu batzuk ondoren ez dira bete zehaztasunarekin. Behin akordioak martxan egonda, Europarentzat ona da emaitza. Itun guztiekin gertatu da: enpresa askok etekina ateratzen diete, eta ez dira agertzen ohartarazi diren mamuak. Mexiko, Txile edo Hego Koreako produkzioak Europan gainezka egingo zuela esaten zen. Ez da gertatu. Oreka nagusitzen da.

Zer esango zenioke TTIPen erruz lanpostua galtzeko beldur den langileari?

Mundu guztiak bere gaitasunak hobetzeko prest egon behar du. Lehiakorra ez den produkzioa inportatzea egokiagoa da. Europak jantzi produkzio handia zuen. Hori desagertu zen, baina modan edo goi mailako joskintzan puntakoak gara orain, esaterako.

Ondorio horiei aurre egiteko modurik ba al dago?

Ez dugu merkataritza libreko itunik Txinarekin. Ez dute behar, prezioan oso lehiakorrak direlako. Ez dakit Espainian oraindik telebistaren bat produzituko den. Jende gehienak prezioari begiratzen dio. Kontsumitzailearen erabaki bat da. Askotan, pertsona berberak eskatzen du kontsumitzaile modura langile modura nahi ez duena. Globalizazioa eta merkataritza libreko itunak bereizi behar dira. Akordioak globalizazioa kudeatzeko modu bat dira, baldintza batzuk sartzeko aukera eskaintzen dutelako.

Aduana eta muga zerga kontuetan ados jartzea ez dirudi zaila. Non egon liteke eztabaida gogorrena?

Erabakigarria da AEBetako merkatu publikoetara sarbide handiagoa lortzea. Protekzionismo neurri pila bat dituzte beren enpresen alde. Ez dugu bakarrik nahi sarbide federala, estatuetan ere sarrera errazagoa nahi dugu. Zerbitzuetan aire eta itsasoko garraioan sarbide handiagoa behar dugu, baita telekomunikazioetan ere, muga handiak baitaude AEBetako enpresetan parte-hartzeak izateko. Beste eskaera garrantzitsu bat sor-marka geografikoak aitortzea da.

TTIPen aurkako mugimendu indartsua dago, bereziki Alemanian. Nola ikusten duzu?

Globalizazioaren eta korporazio handien aurkako sentimenduak daude, eta NSAren eta Snowden kasuaren eskandaluarekin nahastu dira. AEBei dena eskaini eta Googlek dena gobernatuko duen beldur hori dago. Geure sistema ekonomikoaren kontrola galdu dugula iruditzen zaie. Globalizazioa txarra dela uste dute batzuek, eta gehiago liberalizatzea onartezina iruditzen zaie. TTIPekin globalizazioari arauak jarri nahi dizkiogu, AEBrekin adostuta, baina zaila zaigu mezu hori helaraztea. Ez badugu saio hori egiten geure antzeko sistemak dituzten herrialdeekin, orduan no- rekin? Jarrera pixka bat aldatzen hasi dela iruditzen zait, hala ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.