Globalizazioaren bertuteei eta kalteei buruzko eztabaida luzea bezain mamitsua da, eta askotariko ondorioak eragin ditzake. Baina bada zalantzan jartzerik ez dagoen faktore bat: jokalekua mundu osora zabaltzeak aberatsak aberatsago egin ditu. Eta, horrekin lotuta, inor gutxi harrituko duen beste aurkikuntza bati erreparatu dio EU Tax Observatory erakundeak: aberatsek aukera handiagoa dute orain ogasunei izkin egiteko.
«Globalizazioak zerga iheserako aukera berriak zabaldu dizkie multinazionalei eta aberatsei», nabarmendu du Joseph Stiglitz Ekonomia irakasleak, atzo kaleratutako Global Tax Evasion txostenaren hitzaurrean. Arazo handia da kutxa publikoentzat, baina baita gizarte osoarentzat ere. «Herritarrek [...] ikusten badute aberatsek eta enpresa handiek ez dutela beren zatia ordaintzen, zerga sistema arbuiatuko dute. Zergatik eman behar dute kostata irabazitako dirua aberatsek ez badute gauza bera egiten? Demokraziaren funtzionamendu egokiari kalte egiten dio zerga ordainketan dagoen aldeak: desberdintasun sozialak handitzen ditu, instituzioekiko konfiantza ahuldu, eta kontratu soziala higatu».
EU Tax Observatoryren txostenaren koordinatzaileetako batek, Gabriel Zucman ekonomista frantziarrak, The Good, The Bad and The Ugly Sergio Leoneren spaghetti western ezagunaren izenburuaren bitartez laburtu ditu ondorio nagusiak:
Zerga paradisuak
Zucmanen arabera, zerga paradisuetan gertatutakoa da azken urteetako berri ona, The Good deitu duena. Aberatsek zerga paradisuetan ezkutatutako dirua bi heren gutxitu da azken hamar urteetan. 2013an, munduaren BPGaren %10 zegoen zerga paradisuetan, eta horren %80k ez zuten zergarik ordaintzen; gaur egun, berriz, %10 inguruk jarraitzen du paradisuetan, baina %25ek ez dute zergarik pagatzen.
Nola gertatu da aldaketa? 2017az geroztik, bankuak behartuta daude beren kontuetan dauden mugimenduei buruzko informazioa automatikoki ematera kontuaren jabearen herrialdeko ogasunari. Erabaki politiko bat izan zela nabarmendu du Zucmanek, eta, hortaz, erakusten duela borondate politikoa egonez gero zerga ihesa ez dela saihetsezina.
Hori bai, txostenak onartu du kontuei buruzko gardentasunak handitu egin duela aberastasunak higiezinen bitartez ezkutatzeko joera.
Multinazionalen jokaera
Berri txarren artea —Zucmanen The Bad edo gaiztoa—, lehenengoa da multinazionalek ahaleginak handitu dituztela dagozkien baino zerga gutxiago ordaintzeko. 2022an, bilioi bat dolarren mozkinak (950.000 milioi euro) desbideratu zituzten zerga paradisuetara. Hau da, beren irabazien %35 ez zituztela aitortu enpresaren egoitzaren herrialdean edo irabazi hori egin zen herrialdean. Horrek berekin dakar ogasunek batez beste zerga horren %10 galtzea.
Praktika horietan bereziki iaioak dira AEBetako multinazionalak —irabazien %40 desbideratzen dituzte—, baina Europako ogasun batzuk dira kaltetuenak, beren auzoen mesedetan. Izan ere, zerga paradisuen artean, Karibeko uharte txikiak ez ezik, Europako hainbat herrialde ere sartu ditu EU Tax Observatoryk, dela finantza gune direlako (Suitza), dela multinazionalak erakartzeko tresna bereziak dituztelako (Irlanda, Herbehereak eta Luxenburgo).
Horrela, Irlandako Errepublikak biztanleko 4.500 euro biltzen ditu sozietate zergaren bitartez, Alemaniak eta Frantziak halako bost: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek, berriz, biztanleko 600 euro eskas.
Alemaniak, esaterako, sozietate zergaren %26,2 galtzen du irabazien desbideraketaren ondorioz; Espainiak, %15,6, eta Frantziak,%14,4; galeraren %80tik gora EBko herrialdeetara doa. Kontrako egoeran daude Herbehereak (180.000 milioiren irabaziak), Irlanda (145.000 milioi) eta Suitza (83.000 milioi).
Gutxieneko sozietate zerga
2021ean, 140 herrialdek hitzartu zuten enpresa handien irabaziei gutxienez %15eko tasa bat ezarriko zietela. Baina berri ona izan behar zuena itsustu egin dute gobernuek, sistema salbuespenez eta zirrikituz bete dutelako. Ondorioz, sozietate zergaren bilketa %8 handitu beharrean, soilik %3 handituko du. Horregatik dio Zucmanek neurri hori The Ugly dela.
Milioidunen zergak
EU Tax Observatoryren arabera, munduko aberatsenek oso zerga txikiak ordaintzen dituzte. AEBetan, beren aberastasunaren %0,5 inguru da, eta Frantzian, berriz, %0. Urteko irabazien arabera neurtuta ere, gutxi ordaintzen dute. Frantzian bertan, %10 txiroenek beren diru sarreren %45 inguru ordaintzen dituzte zergetan (BEZa, errenta, erregaien gaineko zerga...); mila milioidunek, berriz, %30 baino gutxiago.
Nola da posible? Nagusiki, aberatsenek errazago dutelako legezko trikimailuak erabiltzea ahalik eta zerga gutxien ordaintzeko tresnetara bideratzeko beren irabaziak eta ondasunak. Espresuki sortutako enpresetara eta higiezinetara, adibidez.
Proposamenak
EU Tax Observatoryk bi proposamen nagusi egin ditu zerga bilketa bidezkoagoa egiteko. Batetik, enpresei gutxienez %25eko sozietate zerga jartzea eta faktura hori txikitzeko ihesbideak ixtea. Bestetik, munduko aberatsenei beren aberastasunaren %2 adinako zerga berezi bat ezartzea. 2.756 aberatsenei soilik jarriz gero, haiek ordaindutakoa 40.000 milioi eurotik 200.000 milioira handituko litzateke.
Zucmanen taldeak onartu du hobe dela neurri horiek modu globalean ezartzea, baina uste du herrialde batek edo multzo batek bere kasara urratsak egiteak nazioarteko lankidetza bizkortuko lukeela.