Glifosatoaren eragina animalietan

2023ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Glifosatoak anfibioetan eta haien larbetan duen eragina aztertu zuen Aranzadi zientzia elkarteak 2011. urtean. Ondorioztatu zuten aldaketak eragiten dituela animalien ziklo hormonalean eta haien garatzeko moduan.

Anfibioek toxikotasun handia zutela eta hilkortasun tasa handitu zela ere ondorioztatu zuten. Halaber, glifosatoaren eraginpean egon ziren anfibio mota batzuek ohi baino tamaina txikiagoa zuten eta 20 egun gehiago behar zituzten metamorfosia egiteko.

Ion Garin da azterketaren egileetako bat, eta hark dio Euskal Herriko anfibio gehienak udaberrian ugaltzen direlaeta hori dela garai «kritikoa». Horregatik, irizten dio glifosatoaren erabilera eta anfibioen ugalketa garaia «bereizi» egin behar direla. Kontuan izan dutela uste du Garinek, baina bakarrik «espezieak oso mehatxatuta» daudenetan.

Horretarako, anfibioen espezieak ugaltzen diren urmaelen mapa bat eta ugalketa garaiaren egutegi bat egitea gomendatzen dute txostenean, herbizida aplikatzerako orduan kontuan izan dezaten.

Pestizidarik gabeko eremuak sortzea ere proposatu zuten, Kanadaren adibideari jarraituz. Eremu horietan, ezingo litzateke belar txarrik lainoztatu urmaeletatik berrehun metro baino gutxiagora.

Gaineratu du pestizidak anfibioei ez ezik beste espezie batzuei ere eragiten diela, «zuzenki edo zeharka». Urmael horietan ugaltzen direlako —burruntzia eta sorgin-orratza, adibidez—; ura edaten dutelako handik; edo han bizi diren espezieak jaten dituztelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.