Glavistako kaleratzeak bidegabetzat jo ditu epaileak, eta Guardianek ordaindu beharko ditu

Kaleraturiko 200 langileek jaso beharreko kalte ordaina handitu du Gasteizko merkataritza arloko epaitegiak. 15 milioi euro inguruko ordainketa izango da. Helegitea jartzeko aukera du enpresak.

Glavistako langileek eginiko manifestazio bat. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Glavistako langileek eginiko manifestazio bat. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko uztailaren 15a
17:00
Entzun

Gasteizko merkataritza arloko epaitegiak bidegabetzat jo du Autoglas-Glavistako (Laudio, Araba) itxiera erregulatzeko espedientea. Epaileren ustez, ez dira frogatu erabakia hartzeko aurkezturiko argudio ekonomikoak. Ondorioz, nabarmen hobetu ditu 200 kaleratuek jaso beharreko kalte ordaina. Era berean, osorik kobratuko dutela bermatu du, Autoglas-Glavista, Guardian Europe multinazionala eta Parter Capital Suitzako funtsa enpresa multzo bereko zati direla ebatzi baitu, eta haien arteko «erantzukizun solidarioa» ezarri.

«Enpresek ez dutela behar adina informazio eman ebatzi du epaileak. Talde bat direla eta enpresa guztien informazioa behar duela arrazoi ekonomikoak bidezkotzat jotzeko. Horregatik esan du bidegabea dela». Azalpena Iñaki San Andres ELA sindikatuko abokatuarena da —sindikatu subiranistak eraman du auzia—.

Erabaki horrek asko hobetzen ditu kaleratuek jaso beharreko kalte ordainak. Orain arte urte bateko soldatakoak ziren, ebazpen honen ondoren, aldiz, bi urtekoak gutxienez. Are gehiago, antzinatasun handia pilatua dutenek gehiago jasoko dute. Hamabost milioi euro inguruko ordainketa izango da.

Kaleratze kalte ordainak bi aldiz handiagoak dira orain, urte bateko soldatatik bi urterainokoak. Langile batzuek handiagoak ere izango dituzte

Epaileak taldea aipatzen du, haren ustez frogatutzat jo daitekeelako Autoglasek eta Guardian Europek «talde patologikoa» osatzen dutela eta, ondorioz, taldeko beste kideen zorren erantzule ere badirela. Horrek lasaitasuna ematen die langileei, Autoglas zorrez lepo egon arren, Guardian kapital oso handiko enpresa delako.

ELAko abokatuaren ustez, ebazpen horrek arrazoia ematen dio sindikatuari. Autoglasek iazko irailean aurkeztu zuen itxiera erregulatzeko txostena, eta sindikatuak orduan salatu zuen Guardianek antolaturiko operazio bat zela. «Autoglasen jardun etenaren erantzulea Guardian izan zen», gehitu du San Andresek, «2020ra arte enpresa harena baitzen, eta, orduan, salmenta faltsu bat egin zuen [Parter funtsari saldu zion]». Autoentzako aurrealdeko beirak ekoizten zituzten, baina enpresak bi urte daramatza geldirik.

Hartzekodunen zerrendaren auzia

Ebazpena ez da irmoa, Guardianek EAEko Auzitegi Nagusian helegitea jar dezakeelako. San Andres, baina, lasai dago, ebazpena argia dela uste duelako eta lan agintaritzak ere arrazoia eman ziela iritzi diolako. Helegitearena, dena den, ez da lotzeke gelditzen den hari mutur judizial bakarra, epaileak oraindik Autoglasek eskaturiko hartzekodunen zerrendaren izaeraren berri ebatzi behar duelako.

Glavista
Glavistako langileek eginiko itxialdietako bat. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Iazko apirilean hartzekodunen zerrenda eskatu zuenean Autoglasek 30 milioi euroko zorra zuen, eta harrezkero handitu egin da: gizarte segurantza, langileen kalte ordain berria, langileek soldatak bermatzeko funtsetik (FOGASA) jasotakoa... Epaileak ebatziko balu Guardian dela erruduna, hark hartu beharko luke bere gain, eta 60 milioi ingurukoa izan daiteke guztira. «Albiste ona litzateke, langile batzuekin duten zorra soldata funtsak ordaindu ziena baino handiagoa da, eta horrek bere osotasunean kobratzea eragingo luke», zehaztu du abokatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.