ELAk «interbentzio zuzena» eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, Autoglas-Glavista enpresako lantegiaren auziari konponbidea emateko. Enpresaren akzioen zati bat erosteko eta haren kontrola bereganatzeko eskatu dio Gasteizko gobernuari. Duela bi aste helarazi zion enpresa batzordeak proposamena Garapen Ekonomiko Sailari, «guztiz bideragarria», Mikel Etxebarria ELAko nazio batzordeko kidearen hitzetan. Oraingoz ez dute erantzunik jaso. Enpresa batzordean zazpi kide ditu ELAk, eta bat LABek.
Autoetako haizetakoak egiten ditu Autoglas-Glavistak, Laudion (Araba), eta 200 langile ditu. Urtebete darama geldirik; likidezia arazoek eta lehengaiak lortzeko arazoek aldi baterako erregulazioa aurkeztera bultzatu zuten enpresa iazko azaroan.
Ekainean, Newco Anime Opco enpresak lantegia erosteko eskaintza bat egin zuen, baina Guardian enpresak —harena zen lehen Glavista eta hura da orubearen jabea— ez zizkion lurrak saldu nahi izan. Beraz, ez zuten lantegia martxan jarri.
Urriaren hasieran, gainera, enpresaren zuzendaritzak kaleratze kolektiboa egiteko eskaera egin zuen: berrehun beharginekbaino gehiagok egiten dute lan. Oraintxe bertan, eskaera geldirik dago, Gasteizko epaile batekhura etetea erabaki baitu. «Enpresak hainbat dokumentu aurkeztu behar ditu, baina oraindik ez du hala egin; eta bilerarik ere ez da egon», ohartarazi zuen Etxebarriak.
Lanpostu horiek babesteko eta enpresa berriz abiarazteko, Newco Anime Opco enpresak egindako bideragarritasun planean «kapital publikoa» sartzeko beharra ikusi du sindikatuak, «kontrol publikoa izateko» eta «etorkizuneko industria proiektua aurrera eramateko». Plan horrek konkurtso administrazioaren eta merkataritza arloko epaitegiaren oniritzia du. Hori dela eta, ELAk uste du eragile guztiek konpromisoa hartu behar dutela irtenbidea aurkitzeko, Eusko Jaurlaritzatik hasita.
«Jaurlaritzak benetako interes legitimoa izan beharko luke guk egindako proposamena onartzeko», esan zuen Etxebarriak. Izan ere, 2020. eta 2021. urteetan, 2,5 milioi euroren diru laguntzak eman zizkioten enpresari. Hori defendatzeko, beraz, bideragarritasun plan horretan parte hartu beharko luke. Kapital publikoa sartzeak «ordenamendu juridikoaren» onespena edukiko luke: «Guztiz legala izango litzateke».
Orubeen auzia
Oztopo «nagusiari» aurre egiteko baliagarria izan daiteke Jaurlaritzaren esku hartzea. Duela hiru urte, Guardian enpresa multinazionalak lantegia saldu zion Suitzako Parter Capital funtsari, baina ez lurrak. Ekainean agertutako eskaintzaren baldintza bakarra dena erostea zenez —negozioa, lantegia eta lurra—, proposamenak ez zuen aurrera egin.
ELAk arazo horri irtenbide bat bilatzeko eskatu dio Jaurlaritzari: «Gaitasuna izango du orubeen auzia desblokeatzeko». Hori gertatuko ez balitz, lurrak eta instalazioak desjabetzeko proposatu dio.
Glavista salbatzeko, haren zati bat erosteko eskatu dio ELAk Jaurlaritzari
«Proposamena bideragarria» dela dio sindikatuak, eta duela bi aste aurkeztu zion gobernuari. Orubea eta lantegia desjabetzeko eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu