Langileek lantegia nahi dutenean

Duela hiru urte, autogintzarako osagaiak ekoizten zituen GKNren planta bat itxi zuten Florentzian, eta langileek borroka luzea hasi zuten ekoizpenaren kontrola hartzeko.

GKN Florentziako langileek eginiko manifestazioetako bat. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko irailaren 4a
17:00
Entzun

2021eko uztailaren 9an dena aldatu zen GKN autogintza multinazionalak Florentzian (Italia) zuen lantegian. Bi egun lehenago, zuzendariek robot berri bat sartu zuten plantan, eta langileak lasai ziren berrikuntza lanetarako eginiko 26 milioi euroko inbertsioarekin. Lantegi ezaguna zen Toscanan, gurpil arteko ardatzak ekoizten zituztelako Italiako auto ekoizle handientzat (Ferrari, Maserati...). Egun hartan, baina, 450 langileak kaleratuak izango zirela iragartzen zien mezu elektroniko batekin esnatu ziren.

Goiz hartan, langileek itxieraren aurkako borroka hasi zuten. Argi zuten deslokalizazio kasu bat zela, eta lantegian giltzapetu ziren. Plantak etorkizuna bazuela aldarrikatu zuten, eta, 38 hilabete geroago, borrokan jarraitzen dute. Tarte horretan, denetarik bizi izan dute: greba luzeak, jabetzaren bi salmenta, inbertsio funts baten sarrera eta irteera, bete gabeko promes asko, kaleratzeen aurkako bi ebazpen...

«Gure egitasmoa logika kapitalistatik harago aztertu behar da. Gure asmoa ez da Txinarekin lehiatzea: hori ezinezkoa da»

DARIO SALVETTIGKN Florentziako langilea

Borrokan jarraitzen duten langileen kopurua asko murriztu da. Gaur egun 150 dira, baina asko itzuliko lirateke kooperatibak bultzatu nahi duen egitasmoa gauzatuko balitz. «Urtarrilaz geroztik ez dugu soldatarik jaso, eta, kaleratuak ez gaudenez, ezin dugu langabezia saririk ere eskatu. Gosearen estrategia erabiltzen ari dira gure aurka». Azalpena Dario Salvettirena da, GKNko langile eta batzordeko kide ohiarena.

Salvetti Euskal Herrian dabil egunotan; haien borroka babesten duen teknikari talde batekin etorria da, eguzki panelak ekoizteko lan katea diseinatzeko aholku bila. Bere bisitan, Mecanerreko langileekin biltzeko aukera izan du, eta astelehenean hitzaldia eman zuen Bilbon, Urdulizko (Bizkaia) lantegia berpiztu nahi duen plataformak gonbidatuta. 

GKNko borroka bidegurutze batean dagoela uste du Salvettik, eta Francesco Borgomeo enpresariaren itzala ikusten du atzean. Hark Melrose inbertsio funtsari erosi zion 2022an, eta orain orubea salgai jarri du. «Etsigarria da. Guk industria plan bat dugu; jabeek, aldiz, auskalo zer espekulazio interes duten lurrekin. Denborak haien alde egiten du: nekatu egin nahi gaituzte».

Dario Salvetti
Dario Salvetti GKNko langilea, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

Urte hauetan, langileek eta haien aldeko babes sareek ez dute inoiz lantegia utzi. Azpiegitura haien esku izateak eragotzi du hura hustea. Baina horrekin ez da aski; langileek ekoizpena bere gain hartu nahi dute, eta bide orri bat dute. Hori bai, gauza bat argi dute: autogintza ez da bidea. «Alternatiba jasangarriak behar ditugu. Autogintza aldatzen ari da; orain arteko ekoizpen kateek ez dute balio etorkizunerako».

Kooperatibak aditu talde baten aholkuari jarraitu dio, eta bi produktu jakinetara bideratu nahi du enpresa: «Argindarra sortzeko eguzki panelak eta zamak eramateko bizikleta elektrikoak ekoitzi nahi ditugu», zehaztu du Salvettik. «Plan oso zehatza da, baina logika kapitalistatik kanpo aztertu behar da; bestela ezinezkoa da mailegurik lortzea. Mundu guztiak esaten digu hori guztia merkeago ekoizten dutela Txinan. Baina ekoizpen bideak Europara ekarri nahi baditugu, horrelako egitasmoak behar dira. Gure asmoa ez da Txinarekin lehiatzea, hori ezinezkoa baita».

Zazpi milioi euro eta orubea

Proiektua badute, eta lantegiak zutik dirau, baina orain baliabideak behar dituzte ekiteko, eta ate publikoa jo dute. «Gure kalkuluen arabera, zazpi eta bederatzi milioi euro beharko genituzke lehen ekoizpen lerroa eraikitzeko. Ondoren, azpiegituraren korapiloa geldituko litzateke, eta hori Toscanako Gobernuak erosi beharko luke. Zenbat balio duen? Auskalo, likidazioan dauden orubeak euro baten truke ere saldu izan dira». Salvettik nabarmendu du aukera onena lurra nazionalizatzea litzakeela, baina Toscanan gaur egun ez dago hori ahalbidetuko lukeen lege esparrurik. 

Orain eskuin muturra dago Italiako Gobernuan, eta ez du egin GKNko langileen aldeko keinurik. Hala ere, hiru urteotan dirutza bideratu du haien soldaten amortizazio funtserako. Langileen kalkuluen arabera, hamar milioi eurotik gora izan dira, baina beste ikerlari batzuek diote hogeitik gora ere izan zitezkeela. Toscanan, aldiz, zentro-ezkerra dago agintean, eta harengan jarria dute itxaropena.

GKNko langileek Insorgiamo delako plataforma osatu dute akziodun herritarrak lortzeko. BERRIA
GKNko langileek Insorgiamo delako plataforma osatu dute akziodun herritarrak lortzeko. BERRIA

«Enpresek galerak dituztenean, gobernuak sartzen dira horiek estaltzera. Guk eskatzen ditugun zazpi milioiak hutsaren hurrengoa dira», zehaztu du langileak. Europara begira ere badaude, haiek ekoitzi nahi dituzten produktuek diru laguntza handiak jasotzen baitituzte Bruselatik. «Inspiratzaileak izan nahi dugu, trantsizioa posible dela erakutsi. Autogintza nola doan ikusita, ez gara antzeko prozesu bat gauzatu beharko duten bakarrak». 

Eta kontrola? Nork kontrolatuko luke enpresa? «Langileek, gizarteak, erakunde publikoek... Hau enpresa baten jabetzaren eskualdaketaren beste eredu bat da. Lantegi bat ixten denean, beste jabe pribatu bat sartzen da, eta hark diru publikoa jasotzen du. Hemen agintea langileek dute».   

Egitasmoa gizarteratzeko asmotan, herri akziodunaren figura sortu dute. Milioi bat euro bildu nahi dituzte, eta akziodun horiek enpresaren erabakiguneetan sar daitezela. Insorgiamo.org webgunean eros daitezke akzioak. «Lantegia gizarteari ireki behar diogu, eta hark erabaki ahalmen erreala izan dezala. Hori bai, bitartean langileek eutsi egin behar diogu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.