Gizonezkoek emakumeek baino %23,5 gehiago irabazten dute Hego Euskal Herrian

Lan hitzarmenik gabe jarduten duten lau langiletik hiru emakumeak dira. Otsailaren 22an mobilizazioak egingo ditu LABek, soldata berdintasunaren alde

Bi langile Iruñeko kiroldegi bat garbitzen, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
inaut matauko rada
Donostia
2023ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Gipuzkoako eraikuntzako biltegiko langile batek zahar etxeetako batek baino %90 gehiago irabazten du. Soldata arrakalaren muturreko datu bat da, LAB sindikatuak Ipar Hegoa fundazioarekin batera egindako txosten batean argitaratua. Orokorrean, gizonezkoek emakumezkoek baino 6.204 euro gehiago irabazten dituzte urtean; %23,5 gehiago da hori. INE Espainiako Estatistika Institutuaren 2020ko datuak dira horiek.

Egun soldata arrakala gehienbat «sexuaren araberako lan banaketak» eragiten duela dio LABek, eta sektore feminizatuetako eta maskulinizatuetako hitzarmen kolektiboak alderatu ditu, arrakala zenbakitan jartzeko. Arrakala horren atzean hainbat arrazoi daudela adierazi du Maddi Isasi LABeko idazkari feministak; besteak beste, hauek: lanaldi partzialen %75 emakumeek egiten dituzte; sektore feminizatuetako langileek egiten duten lana gutxiago ordaintzen da; gizon baino emakume gehiago daude behin-behineko lanaldietan; eta zaintza lanei ez zaie baliorik ematen.

Sektore arteko desberdintasunaz harago, sektore batzuen barruan ere aldeak daudela adierazi dute; garbiketa da horren adibide nagusia. Kale garbiketako peoi arrunt batek —sektore maskulinizatua— 23.585 euro irabazten ditu urtean, eta 17.812, berriz, aretoak garbitzen dituen peoi batek (%32, 4ren aldea). Lehen mailako ofizialetan, are handiagoa da aldea: %33,7koa.

Eraikuntzako langileak elikagaien merkataritzako langileekin alderatuz gero, herrialdeen arteko ezberdintasunak oso aldakorrak dira, baina baita deigarriak ere. Gipuzkoan, adibidez, eraikuntzako peoi arrunt batek zaharren egoitzetako batek baino %45,3 gehiago irabazten du, eta biltegiko peoietan %90,3koa ere bada alde hori. Nafarroan, %66,2 da aldea peoi arruntetan, eta %68,4, berriz, peoi espezialistetan.

Hala ere, milaka langile daude Hego Euskal Herrian lan hitzarmenik gabe jarduten dutenak, eta sektore feminizatuak dira lan hitzarmen batek arautzen ez dituen lanbide gehienak. Hala, lan hitzarmenik gabe jarduten duten lau langiletik hiru emakumeak dira. Kontrara, hitzarmen batek araututako lanbideetan, %55,8 gizonezkoak dira.

Lanaren balorazio feminista

Soldata arrakalari aurre egiteko hainbat alorretan lan egin behar dela adierazi du Isasik. Lan eremuan, itunak berritzeko negoziazio kolektiboetan «emakumeen diskriminazioa» kontuan hartzea eskatu du LABek, baita lanpostuen balorazio feminista egitea ere. Sexuaren araberako lan banaketa amaitzeko neurriak ere eskatu dituzte. Zaintzarako «euskal sistema publiko-komunitario» baten beharra ere azaleratu dute, zaintza lanak jendartean «modu justu batean» banatzeko.

Sektoreetako soldatak parekatzeko konpromisoa eskatu diete agintari politikoei, baita pribatizatuta dauden sektore publikoko zerbitzuetan «egoerari buelta emateko» neurriak hartzea ere. Otsailaren 22an, Soldata Berdintasunaren Aldeko Nazioarteko Egunean, bi mobilizazio antolatu ditu LABek, soldata arrakala salatzeko eta generoen arteko soldata berdintasuna aldarrikatzeko. Bilbon izango da bat, 11:00etan, Eusko Jaurlaritzatik abiatuta, eta Iruñean bestea, 11:30ean, Nafarroako Parlamentuaren aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.