Bakarrizketa

Gizon boteretsuak eta haien suziriak

Bezosen Blue Origin enpresaren New Glenn suziria, espazioratzeko prest. BLUE ORIGIN
Bezosen Blue Origin enpresaren 'New Glenn' suziria, espazioratzeko prest. BLUE ORIGIN
Iker Aranburu.
2025eko urtarrilaren 19a
05:00
Entzun
Psikologo egin zara ala goikoa titulu anbiguo horietako bat izatea nahi zenuen?

Hori galdetzea ere. Ondoko zutabegileak ongi azaldu duen bezala, Ekonomia saileko berriak nolabait saldu behar dira...

Ez zara berriro Donald Trumpen eta haren esku txikiei buruz ari, ala?

Ez, baina ez zabiltza oso urrun. Suziriez ari garela, haren orbitan dauden edo egon nahi dutenei buruz ari naiz: Jeff Bezos eta Elon Musk.

A ze nekoso parea. Esaidazu behintzat benetako suziriez ari zarela.

Bai. Batzuetan ez dirudi, baina hemen gauza serioei buruz ari gara. Kontua da bata zein bestea lehian ari direla espaziora suziriak bidaltzeko, eta aste honetan Bezosek bere aspaldiko amets bat bete du: haren Blue Origin enpresaren New Glenn suziriak lehen aldiz satelite bat jarri ahal izan du Lurraren orbitan, Pathfinder izenekoa. Hori bai, satelite jaurtigailua berreskuratzeko saioak huts egin zuen, eta orain Atlantikoaren azpian dago, Titanic-i konpainia egiten.

Eta Muskek Donald osabari kontatu dio, Bezosek istripua izan dezan...

Ez. Aste honetan Muskek berak izan du istripua. Edo hobeto esanda, haren suziri batek, Starship izenekoak. Ostegunean, haren desintegrazioak ikuskizun koloretsu bat eskaini du Karibeko zeruan.

Bezosek bat, Muskek zero.

Aste honetan bai, baina, oro har hartuta, lasterketa horretan Teslaren jabea planeta gutxi batzuk aurrerago doa Amazoneko burua baino. Musken Space X enpresak aspaldi espazioratu zituen lehen suziriak, eta gauean zerura begiratuz gero hark jarritako sateliteen argiak ikusiko dituzu, ilara luzeetan. Gauzak horrela, ez da harritzekoa Muskek, ironiarekin ala ironiarik gabe, Bezos zoriondu izana.

starship
Starship suziriaren zatiak zeruan, Dominikar Errepublikatik ikusita. MARVIN DEL CID / EFE
Zer dela eta lehia espaziala? Gizon multimilionarioen egoak elikatzeko modu bat da?

Horretatik izango du, baina egia da espazioa negozioa egiteko lekua bilakatu dela, batez ere espazio agentzia ofizialek hainbat lan azpikontratatzen dituztenetik. Orain, 10.000 milioi dolarreko kontratuak bete behar ditu Blue Originek, enpresa pribatuekin ez ezik, baita NASArekin ere. Eta azken horrekin elkarlanean ari da Artemis programan, gizakiak Ilargira bidaltzeko.

Joan dadila Bezos lehenbailehen...

Horretarako asko falta da. Atera kontuak: Bezosek 2016an abiatu zuen Blue Origin, eta 2020rako nahi zuen New Glenn suziria espazioan. Haien proiektu guztiak atzeratu egin dira, zuhur jokatu baitute, eta arazoak konpondu arte itxaron baitute probak egiteko. Muskek, ordea, ez; haren lehentasuna ekonomikoa izan da: bezeroek suziriak behar zituzten beren sateliteetarako, eta asko espazioratuz ikasi du; eta, noski, batzuk lehertu egin zaizkio.

Musk ere Ilargira joaten bada, ni ez naiz kexatuko.

Satelitea baino, Marte dauka buruan Trumpen adiskideak. Arrazoietako bat da metanoa erabiltzen duela erregai gisa, eta hori planeta gorrian aurkituko duelakoan dago. Martera heltzeko tresna da Starship, eta, orain lehertu egin bada ere, hurrengo hilean beste saiakera bat egingo duela iragarri du Muskek. Jostailuari gustua hartu dio...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.