Zerga sistema

Gipuzkoan ez da oraindik gehiengorik fortuna handien gaineko zerga onartzeko

Espainiako tasak jartzeko eskatu du Elkarrekin Podemosek, eta Nafarroakoak ezartzeko EH Bilduk. Jokin Perona Ogasun diputatuaren kalkuluen arabera, hamarren bat lagunek ordainduko dute, 300.000 euro guztira.

Jokin Perona Gipuzkoako Ogasun diputatua, gaur, Donostian. GOTZON ARANBURU / FOKU
Iker Aranburu.
2023ko azaroaren 7a
14:18
Entzun

Hasi da Gipuzkoako Batzar Nagusietan fortuna handien gaineko zerga berriari buruzko eztabaida, eta agerian geratu da zergari buruzko lehen erreakzioetan nabaritu zena: zaila izango da proiektuak aurrera egitea. Zergaren bultzatzaileek, hau da, EAJk eta PSE-EEk ez dute gehiengorik Batzar Nagusietan —51 batzarkideetatik 24 dituzte—, eta, proiektua aldatu ezean, ez dute ezkerraren babesik lortuko. PP zergaren aurka dago.

EH Bilduko eta EP Elkarrekin Podemosko ordezkariak aberatsei gehiago eskatzearen eta, beraz, foru arauaren ideia nagusiaren alde azaldu dira, baina batak eta besteak gehiago eskatu diote foru gobernuari, gaur eguerdian Batzar Nagusietako ogasun batzordeak egindako bileran.

EPko ordezkariak, Miren Etxebestek, zergaren ondorio praktikoei buruzko informazio gehiago eskatu dio Jokin Perona Ogasun diputatuari, baina argi utzi du zer baldintza betetzea nahi duen araua babesteko: Gipuzkoako arauak Espainiako fortuna handien gaineko zergaren tasak izatea. Aldea «ez da hain handia», haren esanetan.

Haritz Perez EH Bilduko batzarkidea, berriz, Nafarroara begira jarri da. Lurralde horretan ondare zergaren inguruan lortutako adostasuna «haustea» leporatu die aldundiko bi aldeei. Izan ere, Nafarroan 11 milioi eurotik gorako ondarea dutenek ordaintzen dute tasarik handiena (%3,5), baina Gipuzkoan hamasei milioitik gorakoa dutenentzat soilik izango da tasa hori. Perezek esan du «garaiz» dabiltzala Gipuzkoako zerga aldatzeko eta Nafarroako tasak Gipuzkoan ere ezartzeko, eta nabarmendu du ez dela «justua» autogobernua erabiltzea «aberatsak babesteko».

Aberatsen «ekarpen handia»

Beste taldeekin erabilitako tonua gogortu du Perona diputatuak (EAJ) EH Bilduri erantzutean, eta gogorarazi du EH Bildu abstenitu egin zela Nafarroako ondare zergaren bozketan. Gainera, nabarmendu du Nafarroak ondare zergaren bitartez Gipuzkoaren erdia biltzen duela –70 milioi euro batek, 36-37 milioi besteak–, bi lurraldeetan biztanle kopurua eta barne produktu gordina antzekoa den arren.

Gipuzkoan indarrean dagoen ondare zerga babestu du Peronak, haren esanetan «egonkorra» delako eta ez duelako aberatsen ihesa eragin. Gainera, ziurtatu du «gezur handia» dela aberatsek ordaintzen ez dutelako ideia. «Urtez urtez ekarpen handia egiten dute. Begiratu datuei, bestela».

Gogorarazi du fortuna handien gaineko zergarena Espainiako Gobernuaren ekinaldia dela, Madrilgo eta Andaluziako gobernuek indargabetu egin baitute ondare zerga praktikan –indarrean dago, baina tasa zero da—, eta Gipuzkoako fortuna handien gaineko zerga ondareari dagokionaren osagarria dela Gipuzkoan; hau da, ondare zergan jada ordaindu dutena kenduko dela fortuna handien zergan ordaindu beharrekotik.

Horrek berekin ekarriko du zerga berriak, indarrean jartzen bada, ekarpen txikia izatea. Peronaren arabera, 300.000 euro ekarriko lituzke, eta hamarren bat lagunek ordainduko lukete.

Ondare zerga 700.000 eurotik gorako ondarea dutenek pagatzen dute —lehen etxebizitza salbuetsita dago—, eta 8.500 zergapeko inguruk ordaintzen dute urtero. Fortuna handien gainekoa, berriz, hiru milioi eurotik gorako ondarea dutenek pagatu beharko dute. Aldundiaren arabera, ondare zerga zorrotzagoa izatea dakar horrek: urtero 70 milioi inguru ekartzen ditu, eta horren erdia ekarriko luke Espainiakoa soilik ezartzeak, 800 lagunek baino ez bailukete ordainduko.

Helegitea atzera bota dute

Hain zuzen ere, gaur, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ontzat hartu du Kongresuak iaz onartutako fortuna handien zerga. Madrilgo Erkidegoak haren aurkako helegitea aurkeztu zuen, bere autonomiaren aurkako «atentatua» zelakoan, baina epaileek ontzat hartu dute. EFE agentziaren arabera, zazpi epailek bozkatu dute helegitearen aurka, eta lauk alde.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.