Gipuzkoan eman diote hasiera jantzi eta oinetako dendetako langileen grebei

Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko langileek euren probintzia hitzarmenak defendatu nahi dituzte, Espainiako ituna aplikatuz gero haien lan baldintzak okertu egingo direlako.

Gipuzkoako jantzi eta zapata dendetako langileen protesta, atzo, Garberan. JON URBE/FOKU
Gipuzkoako jantzi eta zapata dendetako langileen protesta, atzo, Garberan. JON URBE/FOKU
Estibaliz Navarro Argaz
2024ko urriaren 1a
19:15
Entzun

Greba astea dute hau Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako jantzi eta oinetako dendetan. Espainiako lan hitzarmena haiei ere inposatzea eragotzi nahi dute protesten bitartez, beren lan baldintzak asko okertuko dituelako.

Araban eta Bizkaian mobilizazio eguna zen gaur, eta greba eguna, berriz, Gipuzkoan. ELAren arabera —hura da sektoreko sindikatu indartsuena, eta hark deitu du grebara—, «grebak erantzun zabala izan du esparruko enpresa handietan». Besteak beste, itxita egon dira Garbera eta Txingudi merkataritza guneetako H&M, Garbera eta Urbileko Tezenis, Oysho, Guess, Mayoral, Fifty eta Falconeri. Irekita egon diren arren, langile batzuek greba egin dute Primark, Pull&Bear, Zara eta Massimno Duttin.

Grebalariak Donostiako Garbera merkataritza zentroan elkartu dira 11:30etik 13:00etara. Atean batu ondoren, barrura sartu dira, eta itzulia eman diote guneari. Pertsiana itxita ez zeukaten denden aurrean eseri dira, eta «ARTE, entzun, merkataritza borrokan dago!», «Estatuko hitzarmena, lan miseria!» eta antzeko esaldiak oihukatu dituzte behin eta berriz.

Homogeneizazioaren aurka

Gatazka 2023ko uztailean sortu zen. Orduan, sektoreko enpresa handiek —Inditex, Primark, Mango, besteak beste— estatuko lehen hitzarmena sustatu zuten ARTE patronal berriarekin. Helburua zen ordura arte probintzietako hitzarmenen bitartez araututa zeuden lan baldintzak homogeneizatzea. 

Hitzarmen horren aurkako mugimendua sortu zen Euskal Herrian, eta hemeretzi greba egin eta gero, lortu zuten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez aplikatzea, eta lurraldeetako hitzarmenek indarrean jarraitzea. Orain, ordea, baldintza horiek arriskuan daudela ziurtatu du ELAk. Izan ere, Espainiako ituna berritzen hasi zirenean, uda baino lehen, ELAk patronalarekin negoziatu zuen hiru lurraldeetako langileak hitzarmenaren kanpo uztea. Patronalak hasieran horren alde egin zuen, baina azken unean iritzia aldatu eta eskaera baztertu zuen.

Erabaki horrek haserrea eragin du langileengan. «Gipuzkoan dituzten baldintzak hobeak dira beste lurraldekoekin konparatuta, bere garaian borrokatu egin zirelako», azaldu du ELAk. «Horiek ezartzen badira, borrokatu eta gero lortu dugun guztia galduko dugu». Arriskuan daude Hego Euskal Herrian lortu diren hainbat baldintza, hala nola igande eta jaiegunetako atsedenak.

Sindikatuak uste du ARTE patronala eratzen duten enpresek ez zutela gatazka ireki bat izan nahi eta horregatik onartu zutela EAEko langileak Espainiako hitzarmenetik kanpo geratzea. «Baina denbora igaro ahala, ez dute hitza bete, eta esandakoaren kontrakoa egin dute». 

Mobilizazioen bidez, lan eskubideen garrantziari buruzko kontzientzia handiagoa sustatu nahi du ELAk, eta bide hori jarraituz gero langileen aldeko erantzun bat jasotzeko aukera dagoela uste du.

Arabako eta Bizkaiko jantzi dendetako langileek larunbatean emango diote segida grebari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.