Lehen greba eguna dute gaur Gipuzkoako Onkologikoko hogei garbitzaileek, eta ELA sindikatuak adierazi du lehen eguna «arrakastatsua» izan dela; «gutxienez» greba hogei egunez luzatuko dela iragarri dute. 11:00etan egin dute elkarretaratzea, baina aurretik, 07:30ean, Onkologiko ondoko errepidea moztu dute ordu erdiz, eta trafiko handia egon da inguruko errepideetan protesta dela eta. Aste honetan egunero egingo dituzte elkarretaratzeak eta manifestazioak.
Enpresak behin baino gehiagotan egin dio muzin langileekin biltzeari. Hala ere, atzo bilera egin zuten, greba hasi aurretik, eta ELAk salatu du enpresak ez duela negoziatzeko borondaterik; Onkologikoaren jarrera ere berdina dela diote.
Azpikontratatutako Ilunion enpresako hogei langile, emakumeak ia denak, arduratzen dira Gipuzkoako Onkologikoa garbitzeaz. Diote Gipuzkoako kale garbitzaileek baino %25 gutxiago kobratzen dutela, urtean 5.000 euro inguru gutxiago. Sektore maskulinizatua da kale garbiketa, eta ELAk salatu du sistema kapitalistak ez diela «balio bera ematen» emakumeen lanari eta gizonenari.