Hogei langile inguru arduratzen dira Gipuzkoako Onkologikoa garbitzeaz, eta hogei eguneko greba antolatzea erabaki dute, datorren astelehenetik aurrera. ELA sindikatuak adierazi duenaren arabera, ia denak emakumeak diren talde horrek %25 gutxiago irabazten du Gipuzkoako kale garbitzaileek baino —gizonezkoak gehienak—. Sindikatuaren datuek diote urtean 20.000 euro inguru irabazten dituztela Onkologikoko garbitzaileek, eta 25.000 euro inguru, berriz, kale garbitzaileek. ELAk salatu du sistema kapitalistak ez diela «balio bera ematen» emakumeen lanari eta gizonenari.
Langileek lantokiko hitzarmen propioa negoziatzeko erabakia hartu zuten, baina, ELAren arabera, Ilunion enpresak hiru aldiz «errefusatu» du sindikatuaren bilera proposamena; horregatik jo dute grebara. Hogei eguneko greba antolatzea erabaki dute, urtarrilaren 30ean hasita, astelehenean. Langileek adierazi dute Onkologikoaren zuzendaritzari ere bilera bat egiteko eskatu zaiola egoerari buruz hitz egiteko, baina horiek ere «baztertu» egin dute elkartzea. Hogei langile inguruk garbitzen dute Gipuzkoako Onkologikoa.