Uztailera arte, bildutakoaren eta itzulitakoaren arteko saldoa Gipuzkoako Ogasunarentzat bakarrik izan da negatiboa. Iaz baino %1,6 gutxiago bildu du. Izan ere, 1979a baino lehen mutualitateetan kotizatu zutenei bost urteri dagozkien ordainketak egin behar izan dizkiete. Bizkaian eta Araban ere egin dituzte itzulketa horiek, baina urte bati dagozkionak bakarrik. Hala, Bizkaian orain arteko saldoa positiboa izan da —iaz baino %2,5 gehiago—, eta Araban ere bai —iazkoaren pare—. Nafarroan oraindik ez dute ordainketarik egin mutualitateen aferagatik.
Gipuzkoan, orotara 2.671,2 milioi euro bildu dituzte 2024ko lehen zazpi hilabeteetan, iaz baino %1,6 gutxiago. Aldundiak 204,4 milioi itzuli ditu, eta, hala, Espainiako Auzitegi Gorenak mutualitateen kotizazioei buruz emandako epaia bete. 59 milioi 2023ko errentaren kanpainan itzuli zituen, eta gainerako 145,4 milioiak, berriz, aurtengo uztailean. Kopuru hori preskribatu ez duten ekitaldiei dagokie (2019, 2020, 2021 eta 2022). Gipuzkoako Ogasunak azaldu duenez, mutualistei egindako itzulketengatik izan ez balitz, uztailera arteko bilketa iazko epe berekoa baino %5,9 handiagoa zatekeen.
Bizkaiko Ogasunak 106,7 milioi euro itzuli dizkie mutualistei, baina oraindik ordaindu gabe ditu preskribatu ez duten beste lau urteei dagozkien ordainketak. Datozen hilabeteetan egiteko asmoa du, eta, kalkulatu duenez, 432 milioi inguru izan daitezke guztira. Orain arte, iaz baino %2,5 gehiago jaso du: 6.207 milioi guztira. Arabak 31 milioi itzuli ditu mutualitateen lehen ordainketagatik, baina iazkoaren parekoa izan da bilketa, 1.310 milioi guztira, 273.000 euro gehiago.