Gipuzkoako metalgintza merkataritzako hitzarmena berritu dute, hamalau urte geroago

%30,8ko soldata eguneraketa adostu dute 2009etik galdutako erosahalmena berreskuratzeko. ELAk sinatu du, gehiengoa duelako; LAB, aldiz, kritiko agertu da akordioarekin.

Metalezko erramintak salgai, burdindegi batean. ELA SINDIKATUA
Metalezko erramintak salgai, burdindegi batean. ELA SINDIKATUA
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko uztailaren 19a
14:55
Entzun

Metalgintza merkataritzaren sektorean diharduten Gipuzkoako 7.000 langileek lan hitzarmen berria izango dute. Aurrekoa 2009an iraungi zen, eta patronalak eta ELAk aurreakordioa lortu dute berria sinatzeko. ELAk du gehiengoa sektorean, ia %60ko ordezkaritza baitu. Hitzarmen berriko punturik deigarrienetakoa da atzeraturiko KPI guztiak berreskuratzea eta, ondorioz, %30,8 igotzea soldata kolpetik. LABek, dena den, kritika egin dio akordiorekin, patronala ez dutelako behartu atzerapenak ordaintzera.

Hiru urterako lan hitzarmena adostu dute aurreakordioan. Besteak beste, burdindegietako eta metalgintza sektoreko minoristen —saltzaileak, biltegiak...— lan baldintzak arautzen ditu. Gipuzkoako negoziazio kolektiboan zegoen orbanetako bat zen, hamalau urte behar izan direlako berritzeko. Dena den, sektorean enpresako hitzarmenak ez dira arraroak.

LABek bere atsekabea onartu du ez dutelako patronala behartu atzerapenak ordaintzera, urte askotako izoztearen kalte ordain gisa.

ELAk azaldu duenez, erosahalmena berreskuratzeaz gain, KPIaren araberako igoerak lortu dituzte. Aldiz, taula orokorren gainetik dauden langileek, enpresa akordioen eraginez, gutxienez KPIaren %85aren araberako soldata igoerak izango dituzte.

Horrez gain, urteko lanaldia zortzi ordu murriztu dute, eta azpikontraten ultraaktibitatea hitzarmenaren amaiera datatik aurrera luzatzea adostu dute bi aldeek.

ELAren arabera, akordioa «konfrontazio eta greba gaitasunaren ondorio» izan da. LAB, aldiz, kiritiko mintzatu da. Haren arabera, bilerak aurtengo otsailean hastekoak ziren, baina patronalak trabak jarri zituen maiatzera arte, eta, azkenean, «negoziazio esprint» baten ondorio da ituna.

Itunak ez ditu bermatzen LABek nahiko lituzkeen «gutxieneko baldintzak». Haren arabera, lanaldi murrizketa handiagoa lor zitekeen, eta uko egin zaio «urteetako izoztearen kalte ordaina» eskatzeari. Halaber, atsekabea onartu du ez delako egin borroka sindikalik aurreakordio hobe bat lortzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.