Hautagaien formakuntza edo profila eskaintzen den lanerako egokia ez delako edo haien «jarrera, prestutasuna edo interesak» enpresarenarekin bat ez datozelako, Gipuzkoako hamar enpresatik zortzik aitortu dute arazoak dituztela bilatzen ari diren langileak kontratatzeko. Hala dio Adegi Gipuzkoako patronalak egindako inkesta batek.
Adin batetik gorako langileak ere ez dituzte gogoko. Soilik enpresen %1,9k kontratatuko lukete 45 urte baino gehiago duen norbait. Langileak 35 urte baino gutxiago izatea nahi dute enpresen %42,2k, eta 35 eta 40 artean izatea %40,3k. Gainerako %15,6ri ez zaie axola adina.
Ikasketa mailari buruz, azaldu dute aurten Gipuzkoan egingo diren lau kontratutik hiru unibertsitateko eta lanbide heziketako formakuntza dutenentzat izango direla. Unibertsitate ikasketen artean, %66 ingeniaritzakoak izango dira —batez ere industriakoak eta elektronikakoak—; %13, informatikakoak; eta %2,5, arkitekturakoak. Lanbide heziketakoen artean, nagusiki mekanikakoak, elektrizitatekoak eta elektronikakoak, informatikakoak, enpresen kudeaketaren alorrekoak, eta ostalaritzakoak eta turismokoak dira gehienak.
Jarrera, formakuntzaren aurretik
Lurraldeko bi enpresatik batek adierazi du aurten pertsona gehiago kontratatuko dituela, jarduera handitzea aurreikusten duelako edo erretiratuko diren langileak ordezkatzeko. Guztira, 4.100 kontratu berri izango lirateke sektore pribatuan, hamarretik sei lan kontratu mugagabearekin, eta batez ere lanaldi osokoak. Enplegua sortzen duen sektore nagusia zerbitzuena izango da, 2.800 lanpostu berri inguru sortuko baitira, eta ondoren industria —1.100— eta eraikuntza —134—.
Enpresek hautagai bat kontratatzean gehien baloratzen dituzten alderdiak jarrera pertsonala, formakuntza eta lan esperientzia dira, ordena horretan.