Enpresak

Gipuzkoako enpresek zalantzaz begiratzen diote urtearen bigarren erdiari

Bazkundeak uste du urte hasieran espero baino hobea izango dela 2023a, baina moteltzea aurreikusten du enpleguan eta inbertsioetan. Marjinak kezka dira enpresentzat.

Behargin bat lanean fabrika batean. GOTZON ARANBURU/FOKU
aitor biain
2023ko ekainaren 20a
13:58
Entzun

Gipuzkoako enpresak urte hasieran baino baikorrago daude orain, baina zalantzak ez dituzte guztiz uxatu, eta tentuz begiratzen diote urtearen bigarren erdiari. Izan ere, koiuntura ekonomikoa espero baino hobea izan da orain arte, baina inflazioari aurre egiteko hartutako neurriek moteldu egin dute hazkundea. Horrek kezka eragin du enpresen artean, eragina izan dezakeelako negozioen jardueran eta eskarietan.

Horixe ondorioztatu du Gipuzkoako merkataritza ganberak lurraldeko enpresen arten egindako inkesta batean. Ia 400 enpresek parte hartu dute Bazkundearen galdeketan. Horietatik %34k uste dute urte hasieran esperotako fakturazioa hobetuko dutela, eta erdiek erantzun dute aurreikusitakoari eutsiko diotela.

Emaitzak urtarrileko inkestan jasotakoaren antzekoak badira ere, hobekuntza txiki bat nabari da, aurreikuspen ezkorra zutenen kopurua bost puntu apaldu delako: urtarrilean enpresen %21k espero zuten beren negozioaren datuak jaitsi egingo zirela, baina orain %16k dute iritzi hori. Bazkundeak nabarmendu du tentuz hartu beharreko datua dela, halere.

Sektoreka bada alderik, herritarren eguneroko kontsumoari lotutako alorretan ezkorragoak baitira industrian baino, esaterako. Merkataritzako enpresen %25k espero dute beren negozioa urritu egingo zaiela; %18 dira bigarren sektoreko enpresen artean iritzi hori dutenak. Kontrara, eraikuntza da perspektibarik onenak dituena: %47k espero dute beren negozioa handitu egingo dela, eta %10ek okerrera egingo duela.

Errentagarritasuna kezka
Gipuzkoako enpresek iragarri zuten 2023a «ziurgabetasunaren» urtea izango zela, eta hala berretsi dute bazkundearen inkestaren emaitzek ere. Aurreikuspenak onak badira ere, urte hasieran espero baino gutxiago haziko direla ikusi baita azterketak neurtutako parametroetan.

Adibidez, bederatzi puntu jaitsi da inbertsioa handituko dutela uste duten enpresen kopurua: %32 ziren urtarrilean, eta %23orain. Enpleguari dagokionez ere, aldatu egin dira aurreikuspenak: urte hasieran, enpresen %25ek espero zuten langile kopurua handituko zutela, eta %19 dira hori espero dutenak orain. Edonola ere, enpleguaren hazkundeari eutsi egingo zaiola uste du Bazkundeak.

Aurreikuspenak onak dira kanpo merkataritzari dagokionez ere, eta azken urteetako bolada onari eutsiko zaiola uste dute lurraldeko enpresek. Hain zuzen ere, urte hasieran kalkulatu zuten esportazioek 10.000 milioi euroren langa gaindituko zutela. Hala ere, errentagarritasunak kezka sortzen du, ekoizpen kostuen garestitzeak estutu egin baitu irabazien tartea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.