Gipuzkoako enpresak urte hasieran baino baikorrago daude orain, baina zalantzak ez dituzte guztiz uxatu, eta tentuz begiratzen diote urtearen bigarren erdiari. Izan ere, koiuntura ekonomikoa espero baino hobea izan da orain arte, baina inflazioari aurre egiteko hartutako neurriek moteldu egin dute hazkundea. Horrek kezka eragin du enpresen artean, eragina izan baitezake negozioen jardueran eta eskarietan.
Horixe ondorioztatu du Gipuzkoako merkataritza ganberaklurraldeko enpresen artean egindako inkesta batean. Ia 400 enpresak parte hartu dute Bazkundearen galdeketan. Horietatik %34k uste dute urte hasieranesperotako fakturazioa hobetuko dutela, eta erdiek erantzundute aurreikusitakoari eutsiko diotela.
Emaitzak urtarrileko inkestan jasotakoaren antzekoak badira ere, hobekuntza txiki bat nabari da, aurreikuspen ezkorra zutenen kopurua bost puntu apaldu baita: urtarrilean, enpresen %21ek espero zuten beren negozioaren datuak okertu egingo zirela, baina orain %16k dute iritzi hori. Bazkundeak nabarmendu du tentuz hartu beharreko datua dela, halere.
Sektoreka bada alderik, herritarren eguneroko kontsumoari lotutako alorretan ezkorragoak baitira industrian baino, esaterako. Merkataritzako enpresen %25ek espero dute beren negozioa urritu egingo dela; %18 dira bigarren sektoreko enpresen artean iritzi hori dutenak. Kontrara, eraikuntza da perspektibarik onenak dituena: %47k espero dute beren negozioa handitu egingo dela, eta %10ek okerrera egingo duela.
Errentagarritasuna kezka
Gipuzkoako enpresek iragarri zuten 2023a «ziurgabetasun urtea» izango zela, eta hala berretsi du inkestak orain ere. Gehienek negozioen bilakaeraren ikuspegi «nahiko baikorra» badute ere, badira mesfidati begiratzen diotenak ere. Eta badituzte horretarako arrazoiak, urte hasieran espero baino gutxiago haziko direla ikusi baita azterketak neurtutako zenbait parametrotan.
Adibidez, bederatzi puntu jaitsi da inbertsioa handituko dutela uste duten enpresen kopurua: %32 ziren urtarrilean, eta %23 orain. Enpleguari dagokionez ere, aldatu egin dira aurreikuspenak: urte hasieran, enpresen %25ek espero zuten langile kopurua handituko zutela, eta orain %19 dira hori espero dutenak. Edonola ere, enpleguaren hazkundeari eutsi egingo zaiola uste du Bazkundeak.
Aurreikuspenak onak dira kanpo merkataritzari dagokionez ere, eta azken urteetako bolada onari eutsiko zaiola uste dute lurraldeko enpresek. Hain zuzen ere, urte hasieran kalkulatu zuten esportazioek 10.000 milioi euroren langa gaindituko zutela. Hala ere, errentagarritasunak kezka sortzen du, ekoizpen kostuen garestitzeak estutu egin baitu irabazien tartea.
Gipuzkoako enpresek zalantzaz begiratzen diote urtearen bigarren erdiari
Bazkundeak uste du urte hasieran espero baino hobea izango dela 2023a, baina moteltzea aurreikusten du enpleguan eta inbertsioetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu