Enpresak

Gipuzkoako enpresak, balazta zapalduta

Merkataritza ganberaren ustez, jarduera moteldu egingo da, baina egoerak ez du okerrera egingo. Lan kostuak eta errentagarritasuna dira kezka nagusiak.

Iñigo Muguruza eta Javier Zubia ganberako arduradunak, ostegun honetan egindako agerraldian. ANDONI CANELLADA (FOKU)
jokin sagarzazu
2023ko azaroaren 9a
14:06
Entzun

Urte hasieran aurreikusi baino hobeto aritu dira orain arte, baina hemendik aurrera abiadura motelduko dute. Oro har, ikuskera hori dute Gipuzkoako enpresek. «Aurreikuspenak leundu dituzte, baina, aldi berean, eusten diote egoera negatiboa izango delako usteari», azaldu du Javier Zubia Gipuzkoako merkataritza ganberako idazkari nagusiak. Gazako eta Ukrainako gerrek eta inflazio eta interes tasa handiek baldintzatutako egoera makroekonomikoaren eraginak saihetsezinak dira lurraldeko enpresentzat, eta horrek eraman du orain arteko baikortasuna apaltzera. Baina, hala ere, «testuingurua baino baikorragoak» dira. «Euren egoera egonkor mantenduko dela diotenen taldea handitu egin da».

Ondorio horretara iritsi da Gipuzkoako Merkataritza Ganbera, lurraldeko laurehun enpresak parte hartu duten inkesta batean oinarrituta. Horren arabera, murriztu egin da datozen hilabeteetan salmentak handituko dituztela uste dutenen kopurua —%33k pentsatzen dute horrela—, baina txikitu egin da, halaber, negozio datuak okertuko zaizkiela uste dutenen taldea (%17). Ondorioz, handitu egin da egonkor mantenduko direla aurreikusten dutenen multzoa: Gipuzkoako bi enpresatik bat. Joera bat nagusitzen ari da, Zubiaren arabera: laburrera begirako ikuskerarena.

Inkestako datuek motelaldi leun bat irudikatu arren, ganberak uste du ez dela kezkatzeko modukoa. Iñigo Muguruza erakundeko Marketin eta Komunikazio idazkariaren arabera, funtsezkoa da gogoratzea aurreko urteetako emaitzak «inoizko hoberenetarikoak» izan direla. «Aurtengo metatua iazkoaren antzekoa da, baina azkenengo hilabeteetan behera ari gara egiten, Europako egoera ekonomikoarengatik. Hala ere, ez gara erortzen ari. Oinarri sendoa dugu».

Industria, «sufritzen»

Zubiak sektoreka zehaztu ditu inkestaren emaitzak, eta azpimarratu du industria dela «gehien sufritzen» ari dena, bereziki Europako esportazioek izandako beherakadarengatik —%70eko pisua dute—. Nabarmendu du enpresak ahalegin handia egiten ari direla merkatuak zabaltzeko.

Esportazioetan, «albiste positiboa» zerbitzuen sektorea ematen ari da. Salmentak gutxitzea aurreikusten ez duen sektore bakarra da. Industria sektorean, berriz, %19k uste dute beren egoerak okerrera egingo duela. Hala ere, «bi errealitate» bereizi ditu ganberako buruak. Epe luzeko kargak dituztenena eta epe motzekoak dituztenena. Lehenengo multzokoen egoera hobea dela azaldu du. Hor sartzen dira ekipo ondasunak ekoizten dituztenak —trenak, autogintza—, makina-erremintako «batzuk» eta energiaren alorrekoak. «Halakoak oso inportanteak dira Gipuzkoan, eta enpresa traktoreak dira».

Bestalde, okerrago daude epe motzagoko eskaerekin lan egiten dutenak. «Bezeroek erosketak aurreratu dituzte, prezioen igoera dela eta, eta stockak dituzte orain». Enpresa horiekin batera, «kontsumoaren sektoretik gertuago» daudenak ere aipatu ditu; adibidez, elikadura alorrekoak eta ontziak-eta egiten dituztenak. «Kontsumoa jaisten ari da, eta marka zuri gehiago kontsumitzen dira. Saltzaileek fakturazioak handitu dituzte, baina ez produktu gehiago saltzen ari direlako, baizik prezioak igo direlako».

Langile falta

Enpleguaren kasuan, «joera orokorrarekin bat» datorrela azaldu du ganberako buruak. «Dezelerazio arina, baina, hala ere, positibo dago». Enpresen %17k lantaldea handitzea aurreikusten dute, eta %6k murriztea. Zubiaren arabera, «erresistentzia» horren kausak dira «enpresek langileak aurkitzeko dituzten zailtasunak eta lantaldeak argaltzeko duten erresistentzia logikoa».

Izan ere, inkestaren arabera, langile falta da enpresen kezka nagusietako bat. %40k diote arazo hori dutela. «Oso arazo serioa dugu, eta sektore guztietan. Ez da berria, baina gero eta zabalduago dago. Gainera, ezin da egun batetik bestera konpondu. Aldaketak behar dira legerian, emigrazioan, demografian...».

Zubiak onartu du arazoa azal dezaketen faktoreetako bat soldatak izan daitezkeela —lan kostuen igoera da enpresentzat lehen arazoa; hala diote %68k—. Dena den, beste batzuk ere badaudela dio, telelana adibidez. «Gero eta jende gehiago bizi da hemen, baina kanpoko enpresentzat lan egiten».

Inbertsioak ere enpleguaren antzeko joera markatzen du, moteltzekoa, eta bi arrazoirengatik: maileguen kostu handiagoa eta bankuek jartzen dituzten muga gero eta handiagoak. Hala, ez da handitu inbertsioak murriztuko dituzten enpresen kopurua —%17k dute asmo hori—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.