Gipuzkoako Foru Aldundiko langileen batzordeak eta foru gobernuak lantaldea «gaztetzeko» akordio bat egin dute. Besteak beste, errelebo kontratua bultzatuko dute zenbat neurriren bitartez. Araban eta Bizkaian ez bezala, Gipuzkoako Diputazioan ez zegoen horretarako aukerarik. LAB eta CCOO sindikatuek babestu egin dute akordioa, baina ELAk ez. Azpimarratu dutenez, 2010etik Foru Aldundian egin den lehen lan itun orokorra da. Aurreikuspenen arabera, hamabost urteren buruan mila bat funtzionariok erretiroa hartuko dute diputazioan.
Akordioak bost neurri jasotzen ditu. Batetik, erretiroa hartzera doazen langileek aldundiaren Partekatuz programan parte hartu ahal izango dute: sei hilabete arteko baimen ordaindua hartu ahal izango dute, «ezagutza partekatzeko». Lan bizitzaren amaieran urte erdi sabatikoa hartzeko aukera izango dute, baina aurretik bost urtez %98 kobratuko eta kotizatuko dute. Urtebetekoa ere egin dezakete, baina bost urtean %85 kobratuz eta kotizatuz. Horrekin batera, pizgarridun lanaldi murrizketa bat eskatu ahal izango dute, eta soldatarik gabeko baimenak 6 hilabetera arte luzatu ahal izango dituzte.
LAB eta CCOOren ustez, akordioak oinarriak jartzen ditu errelebo aldaketa eta enpleguaren banaketa «orokor eta ordenatu» baterako, eta esan dute Gipuzkoako udaletan ere aplikatu dadin lan egingo dutela.