Bidesariak

Gipuzkoako Aldundiak eutsi egingo die N-1eko eta A-15eko bidesariei

Aldundiak uste du orain arteko aurkako epaiek ez dutela behartzen garraiolariei kobratutako dirua itzultzera. Aztertzen ari da Gorenaren epaiari helegitea jartzea

Ordainsari sistemaren arku bat. N-1 errepidean. JON URBE / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko martxoaren 22a
11:19
Entzun

Gipuzkoako Aldundiak ez du bere jarrera aldatu bidesarien auzian. Hortaz, N-1 eta A-15 autobiak erabiltzen dituzten kamioiek aurrerantzean ere bidesariak ordainduko dituztela iragarri zuen atzo Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak. Gainera, diputazioak ez du oraingoz ordainsaria pagatu zutenei dirua itzultzeko beharrik ikusten, bere iritziz, auzitegiek ez dutelako horretara behartzen.

Martxoaren hasieran, Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi zuen martxoaren hasieran legez kanpokoa zela bidesarien lehen araua, 2016 urtekoa, kanpoko garraiolariak diskriminatzen zituelako. Ez da hori, ordea, indarrean dagoen araua, aldundiak aldatu egin baitzuen EAEko Auzitegi Nagusiaren lehen aurkako epaia iritsi zenean. 2018ko bigarren arau horrek zenbait moldaketa egin zituen prezioetan eta ordaindu beharreko errepide zatietan.

Fenasdimer garraio enpresen Espainiako patronalak —hark jarri zuen salaketa— eta Hiru garraiolari autonomoen sindikatuek eskatu diote Gipuzkoari bidesarietan kobratutako dirua itzultzeko garraiolariei, eta ohartarazi diote bidesarietan «tematzeak» ondorio ekonomiko «larriak» ekarriko dizkiola. Oiarbidek, aitzitik, jakinarazi du ez duela dirua itzultzeko eskaera formalik jaso. «Iristen direnean, banan-bana aztertuko ditugu».
EBren zuzentaraua

Gipuzkoako Batzar Nagusietako azpiegitura batzordean agertu da Oiarbide, bidesarien aferari buruz azalpenak emateko. Diputazioaren betiko tesiari eutsi zion: bidesariak legezkoak direla eta ez zela diskriminaziorik egin kanpokoei kalte egiteko. Are gehiago, nabarmendu zuen errepideak erabiltzeagatik ordaintzea Gipuzkoako Batzar Nagusien agindu bati erantzuten diola, eta horregatik jarraituko dutela bidesariek indarrean.

Helegitea aztertzen ari dira

Aldundiko zerbitzu juridikoak Auzitegi Gorenaren epaia aztertzen ari dira, haren aurka errekurtsorik jarri behar den zehazteko; izan ere, oinarri juridikoetan ez zaie erantzunik ematen sortutako gai nagusietako batzuei. «Batetik, Auzitegi Gorenak ez du auzi prejudizialik egin, baina Europako zuzentarau bat ezartzea derrigorrezkoa da auzialdi honetarako. Bestalde, epaiak ez du sakon aztertzen eta ez du azaltzen diskriminazio hori zertan gauzatzen den», azaldu du Oiarbidek. Oroitarazi duenez, Europako Batzordeak ontzat jo zuen 2016ko arauaren tarifikazio sistema.Aldundiak uste du orain arteko epaiek ez dutela zalantzan jartzen bidesarien ezarpena, ezta horien bidez zuzentarauan jasotako kostuak berreskuratu ahal izatea ere. «Ez du ezer esaten aplikazioa eragin duten egoera juridiko indibidualizatuei buruz, eta ez du eskubiderik aitortzen».

Gauzak alda daitezke baldin eta auzitegiek 2018ko araua ere baliogabetuko balute, baina Oiarbidek azaldu du ez dutela horri buruz espekulatzen hasi nahi. «Dena da posible. Auzitegi Gorenak kontuan har dezake aldundiak egin duen ahalegina, kanona ezarri zen bideetan egin daitezkeen ibilbide aukerak zehatz-mehatz eta modu didaktikoan azaltzeko. Adibide errazekin azaldu dugu bakoitzaren zenbatekoa eta diskriminaziorik eza».

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.