Gipuzkoak 26 milioi gutxiago bilduko ditu «kontrarreformaren» ondorioz

EAJk, PSEk eta PPk itun fiskalean adostutako neurriak onartuko dituzte gaur Batzar Nagusietan

Larraitz Ugarte eta Helena Franco, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
2014ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
«Iraganaren eta porrotaren ereduari» lotuko zaio gaur Gipuzkoa zerga atalean. Hala esan zuen atzo Helena Francok, Ogasun diputatuak. Lurraldeak «urrats bat atzera» egingo du «berdintasunean eta progresibitatean», eta kapital errenten alde «urrats bat aurrera». EAJk, PSE-EEk eta PPk egindako zerga ituneko neurriak onartuko dituzte Batzar Nagusiek gaur goizean; «zerga kontrarreforma» horren ondorioa izango da Gipuzkoak 26 milioi euro gutxiago bilduko dituela, Francoren arabera. Foru Gobernuak landu duen zerga erreformarekin 29 milioi euro gehiago bilduko zirela erantsi zuen Ogasuneko buruak.

Larraitz Ugarte aldundiko bozeramailearekin batera aztertu zituen Francok gaur Batzar Nagusietan onartuko dituzten hiru zergak; «gutxien dutenei egingo die kalte, batez ere 20.000 eurotik behera irabazten dutenei», esan zuen. Enpresa handiei egiten die mesede onartuko den erreformak; «gutxiago pagatuko dute», esan zuen Francok, eta Gipuzkoa «Europako estandarretatik aldenduko da».

1. Oinordetza eta dohaintza zerga

Oposizioak adostutako zerga erreforman jasotzen da zuzeneko ahaideen arteko salbuetsitako murrizpenaren kopurua 220.000 eurotik 400.000 euro igotzea. Neurri horrek eragin nabarmena izango du bilketan, «1.121.452 euro gutxiago bilduko baitira aurten bildu den kopuruarekin alderatuta».

2. Sozietate zerga

Enpresa handien zerga ordainketa «oso maila apaletan» egoteaahalbidetzen duten aldagaiak—kasurako, «mugarik gabeko» kenkariak I+Gren kasuan, oinarria gutxitzen duten erreserba bereziei lotutako «pizgarri handiak» edota partaidetza maileguei loturiko hobaria— ez dituzte mugatuko, eta, gainera, «indar handiagoa» hartuko dute itun fiskalak jasotzen duenaren ondorioz, Francoren ustez. «Erregimen berezi batzuen ezaugarriak ere orokortu egiten dira enpresa guztientzat».

Beraz, sozietate zergak «pisua galduz» jarraituko du zerga bilketaren barruan. Haatik, Ogasun diputatuak dio enpresek ordaintzen duten zerga, sozietate zerga alegia, «Europako batez bestekotik oso urrun» dagoela bilketa ahalmenari dagokionez. «Horretan ere Europatik urrunduko da Gipuzkoa». EAJ, PSE eta PPren neurri hori foru gobernuak egin duen zerga proposamenaren «norabidearen aurkakoa da erabat». Izan ere, sozietate zergari esker 29 milioi euro gehiago jasotzeko prestatu zuen Bilduk bere zerga erreforma.

3. Errenta zerga

«Atzeranzko aldaketa» da. Bilketan eragin txikia izanagatik banaketa ez dela «homogeneoa», dio Francok. «Gutxien dutenek gehiago ordaindu beharko dute». Zerga bilketak behera egingo du, haren ustez, batez ere «ahalmen ekonomiko handiagoa» dutenen multzoak eraginda. Kapital errentekin «eskuzabalagoa» da; «mezenasgoko jardueren kenkaria handitzen du» eta jarduera ekonomikoen «galeren konpentsazioa ahalbidetzen du».

Jaitsiera hori estaltzeko, gogorragoa da ituna beste atal batzuetan. Esaterako, 20.000 eurotik beherako errentei eragingo die gehien kenkari orokorreko aldaketak. Gainera, ohiko etxebizitza erosteagatik edo alokatzeagatik, 30 eta 35 urte arteko gazteak kenkaritik kanpo geratuko dira. Eta sindikatuei ordaintzen zaien kuotaren kenkaria murriztuko da, halaber; soldatapekoei eragingo die horrek.

«Datu hauek guztiak ikusita, oso argi dago kontrarreforma bat dela», esan zuen Helena Franco Ogasun diputatuak; «atzera egitea delako ekitatean, progresibitatean, eta baita diru bilketarako ahalmenean ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.