Europako berreraikitze funtsetik 1.020 milioi euro lortzea espero du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Eider Mendoza bozeramaileak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzari «behin-behineko zerrenda» bat bidali dio 31 proiekturekin, eta ziurtatu du Bruselak ezarritako ildoekin «erabat lerrokatuta» daudela. Funtsean, pandemiaren aurretik Etorkizuna Eraikiz programan jasotako egitasmoak dira gehienak. Horien artean daude Adinberri eta Naturklima programak. Lehenaren helburua da zahartzaro osasungarriaren esparruan eragina izan dezaketen jarduerak babestea eta bereziki arreta emateko modu berriak sustatzea. Bigarrenak, berriz, klima aldaketari buruzko institutu bat sortu eta haren inguruan trantsizio ekologikoarekin loturiko jarduerak garatzea du xede. Horrez gain, zerrendan beste zentro batzuk sartu ditu aldundiak: Mubil elektromugikortasunekoa, ZIUR industria zibersegurtasunekoa, LABe gastronomia digitalekoa, 2deo euskarazko ikus-entzunezkoak sustatzekoa, eta Koldo Mitxelena kulturunearen erreforma, besteak beste.
Mendozak ziurtatu duenez, segurua da proiektu horiek gauzatuko direla , Europatik babesa jaso zein ez, aldundiak «lehentasunezkotzat» jo zituelako COVID-19a dela-eta aurrekontuak berregokitu zituenean. Baina azpimarratu du Bruselaren laguntza jasoz gero «indartu»egingo liratekeela, eta exekuzio epeak murriztuko.
Programa eta zentro horiez gain, digitalizazioarekin loturiko beste egitasmo batzuk jaso ditu aldundiak: adibidez, banda ultra azkarra Gipuzkoako baserri guztietara hedatzeko proiektua eta 4.0 administrazioa garatzeko egitasmoak. Mugikortasun jasangarriaren alorrean, berriz, errepideen ingurumena hobetzeko eta bidegorrien sarea hedatzeko egitasmoak sartu dituzte. Lehiakortasuna eta lurralde kohesioa hobetzeko atalean, berriz, zenbait azpiegitura: adibidez, N-I eta A-15 errepideen arteko Andoaingo lotunea, Azkoitia-Urretxu errepidea hobetzekoa, eta Donostiako 27. poligonoko sarbidearena.
EH Bilduren eskaera
Jaurlaritzako Ogasun Sailak espresuki sortutako bulego batek aztertuko ditu egitasmoak, eta hark Espainiako Gobernuari igorriko, Madrilek izango baitu azken hitza. Datorren ostegunean emango dio behin-behineko zerrenda, 11.600 milioiren kostua duten egitasmoekin. Dena den, Pedro Azpiazu sailburuak azpimarratu duenez, prozesua luzatu egingo da, Europak hainbat baldintza zehazteke dituelako; hortaz, proiektu gehiago aurkeztu ahal izango dituzte.
Horren harira, EH Bilduk jakinarazi du udal mailako batzuk bidaliko dizkiola Jaurlaritzari, Eudelen bidez. Europako funtsen %30 udalerri mailako egitasmoentzat izatea galdegin du.
Gipuzkoak 1.020 milioi jaso nahi ditu Europatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu