Gidabaimenarekin erlazionatutako neurri berriak iragarri zituen atzo Bruselak. Europar Kontseiluak eta Europako Parlamentuak akordio politiko bat erdietsi zuten gidabaimenaren inguruko legedia erreformatzeko. Adostutako aldaketen artean dago gidabaimena eskuratzeko gutxieneko adina murriztea: 17 urterekin hasi ahalko da gidatzen, gaztea gidari heldu eta «eskarmentudun batekin» baldin badoa.
Horrez gain, legedi berriak kamioiak gidatzeko gutxieneko adina 21 urtetik 18ra murriztuko du; eta autobusena, 24tik 21era. Hala, garraiolari eskasiari aurre egin nahi dio Bruselak, atzo zabaldutako oharrean azaldu zuenez.
Atzo egindako akordioa politikoa da, eta oraindik ez dute ofizial egin. Iragarritako neurrien artean beste bat da gidabaimena formatu digitalean izateko aukera eman beharko dutela estatu kide guztiek, eta horretarako 2030era arteko epea izango dute. Iragarri dute gidabaimena atera behar dutenek orain arte landu ez dituzten zenbait alorretan trebatu beharko dutela; besteak beste, ikasi beharko dute zer arrisku dakartzan gidatu bitartean sakelako telefonoa erabiltzeak.