Euskal kostaldean inoiz ikusi gabeko azpiegitura bat izango da aurki: itsas zabalean arrainak gizentzeko piszifaktoria bat; hegalabur edo atungorrientzat, zehazki. Orioko (Gipuzkoa) portuko parkingean dago material guztia, eta eguraldia lagun badute, 25-30 egunetan egongo da uretan instalatuta, Getariako kostatik 3,7 itsas miliara (6,6 kilometrora). Bi kaiola jarriko dituzte, 50 metroko diametrokoak eta 40 metroko sakonerakoak.
Proba pilotu bat izango da: ez da hegalaburrik egongo barruan. Azpiegitura itsasoko egoerara nola egokitzen den aztertzea da asmoa. Ondo badoa, 2025eko udan 50 atungorri gizendu nahi dituzte han, eta hiruzpalau urtean kaiola gehiago jarri eta 1.100 tonara iristea da xedea, Bizkaiko eta Gipuzkoako ontzien hegalabur kuota osoa hara bideratzeko.
Orioko San Nikolas kofradian eman dute egitasmoaren berri. Eusko Jaurlaritzak bultzatu du, Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradien oniritziarekin eta Aztiren bitartez, eta, horretarako, halako azpiegituretan esperientzia handia duen enpresa bat izango dute bidelagun: Kataluniako Balfego. Mediterraneo itsasoan ditu hegalaburrak gizentzeko haztegiak, eta atungorriaren salmentan erreferente bat da mundu osoan.
Getariako azpiegiturarako, Itsasbalfego enpresa sortu dute: %70 Balfegoren esku dago, eta %30, Aztiren esku. Lehenengo bi kaiolek 2 milioi euroren kostua izango dute. Aurreneko inbertsioa baliabide propioekin finantzatu dutela azaldu dute arduradunek. Egitasmoak aurrera eginez gero, beste lauzpabost kaiola jartzeko oniritzia eman du Jaurlaritzak, eta guztira 7 milioi euro beharko lituzkete. Aztiko zuzendari Rogelio Pozok azaldu duenez, administrazioen «baimen guztiak» dituzte. Bruselak behin-behinekoa eman die proiektu pilotuarentzat, eta, erakusten badute hura bideragarria dela, berriz ere eskatuko dute.
Kanaberatik sarera
Azpiegitura berritzailea da, hainbat arrazoirengatik. Hasteko, gisa horretako aurrenekoa izango delako Bizkaiko Golkoan. Mediterraneoan eta Europako iparraldean badaude halakoak; Norvegian, esaterako, bakailaoak eta izokinak gizentzeko. Mediterraneoan Balfego da jaun eta gabe. Gaur egun, Bizkaiko eta Gipuzkoako ontziei dagokien hegalabur kuota guztia —1.100 tonakoa— enpresa horri saltzen diote kofradiek, han erabili dezan. «Errentagarriago zaigu horrela egitea guk arrantzatu eta komertzializatzea baino», azaldu du Miren Garmendiak, Gipuzkoako kofradien zuzendariak.
2010. urtean, Bizkaiko eta Gipuzkoako ontziek hegalaburra harrapatzeari utzi zioten, arrantzatzeko eta merkaturatzeko arazoak tarteko, eta kuota saltzen hasi ziren. Orain, beste modu batera probatu nahi dute. Haiek arrantzatu eta Balfegori saldu.
2010etik, Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradiek hegalabur kuota guztia saltzen dute, «errentagarriagoa» zaielako
Neurri batean, euskal arrantzaleek beren burua behartuta ikusi dute horretara. Iaz, Espainiako Gobernuak arrantza iraunkorrari eta arrantza ikerketari buruzko legea egin zuen, eta, horren arabera, ontzi batek bi urtez ez badu esleitutako kuota arrantzatzen, galdu egiten du. Horretaz jakitun, kofradiak irtenbide baten bila hasi ziren, Jaurlaritzarekin elkarlanean, eta Itsasbalfego enpresa sortu zuten.
Arrantzaleek ez dute ezkutatzen «kezka», egitasmoak aldaketa batzuk ekarriko dizkielako, hegalaburrak arrantzatzeko moduan esaterako —historikoki kanaberarekin arrantzatu izan dute, eta orain inguratzeko teknikarekin aritu beharko dute, beste espezie batzuekin egiten duten moduan—. Dena den, begi onez hartu dute egitasmoa. «Guk gure barkuekin parte hartuko dugu, eta, dena ondo ateratzen bada, bete-betean sartuko gara enpresan. Ezin zaio trenari bitan pasatzen utzi», adierazi du Norberto Emazabalek, Gipuzkoako kofradien presidenteak.
Aztiko Rogelio Pozok azaldu duenez, pausoz pauso egin nahi dute aurrera. Lehenengo fasean daude orain, eta erronka nagusia azpiegitura bera izango da. «Arriskua kaioletan dago». Mediterraneo itsasoan frogatuta dago bideragarriak direla, baina Bizkaiko Golkoko urak bestelakoak dira, eta horietarako zenbait egokitzapen egin behar izan dituzte. Nagusiki bat: ekaitzei eta olatu handiei aurre egiteko kaiolak hemezortzi metroraino urperatu ahal izango dira, gainean estalki bat jarrita, hegalaburrek alde egin ez dezaten.
Sistema hori datorren udazken-neguan probatuko dute. Bideragarria dela erakutsiz gero, 2025eko ekain-uztailetan 50 hegalabur ale sartuko dituzte, eta irail amaierara edo urri hasierara arte han gizenduko dituzte, arrain urdinarekin soilik —debekatua izango dute beste elikagai mota batzuk erabiltzea—. Lortzen den «produktuak» aurreikuspenak beteko balitu, kaiola gehiago jartzea aztertuko lukete. «Ideia da Euskadiri esleitutako hegalabur kuota guztia sartzea», zehaztu du Pozok.
Baina, horrez gain, beste «arazo» bati egin beharko diote aurre, Juan Jose Navarro Balfegoko zuzendariak azaldu duenez: arrantzatzen den atunak egokia izan behar du gizentzeko. Kaiolan sartzeko 80-100 kilo inguru izan behar ditu, eta euskal arrantzaleek Bizkaiko Golkoan harrapatu ohi dituzten hegalaburrek 10-20 kilo baino ez dituzte izaten. Inguraketaren teknika erabilita tamaina handiagoko aleak arrantzatu ditzaketen egiaztatu beharko dute. «Gauza berri asko probatzen ari gara», azpimarratu du Pozok.