Koronabirusa. Andre Garreta. Baionako MIGeko presidentea

«Gertatzen denaren neurria hartu ezean, murruaren aurka goaz»

Andre Garretak kinka txarrean ikusten ditu Ipar Euskal Herriko enpresak. Konfinamendu egoerak sektore batzuetan luzera begirako ondorioak utziko dituela uste du. «Paradigma aldatzera» deitu du.

ISABELLE MIQUELESTORENA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Kezkatua dago Andre Garreta (1960, Auch, Okzitania), Baionako MIG Merkataritza eta Industria Ganberako presidentea. Egun duten egoeraz galdetegia bidali diete Ipar Euskal Herriko enpresei. Koronabirusaren krisiak eragin duen konfinamendu egoera hasi denetik, «ia erabat geldirik» dago jarduera ekonomikoa, eta horrek izan ditzakeen ondorioez arrangura erakutsi du Garretak. Ezinbestekotzat jo du etorkizunean «bestelako eredu bat» ezartzea.

Zer emaitza eman ditu MIGen ikerketak?

Jakin behar den lehen gauza da, gure lurraldeko enpresen %90 inguru direla ukituak, kontuan hartuta enpresa txikiak eta ertainak direla nagusiki. Eragin handiena gehienez lau langile dituzten enpresentzat da; enpresen %60 baino gehiago, alegia. Bereziki komertzio arlokoak, zerbitzuetakoak eta ostalaritzakoak, baina orokorrean jarduera sektore guziak ukitu ditu. Zailtasun anitz sortzen ari da krisi hau. Urteko negozio zenbatekoaren apaltzea da handiena —enpresen%85 ukitzen du—, bezeroen eta mandatuen apaltzea, hornikuntza arazoak, salmenten bertan behera uztea...

Zer neurri hartu dituzte ?

Nagusiki, langile kopuruaren apaltze bat izan da, langabezia partzialaren bidez; hori baita [Frantziako] gobernuak ezarri duen neurria. Arazo larriena eskugain eskasiak sortuko du. Inbertsioak apalduko dira, eta ni beldur naiz jadanik egoera ahulean ziren enpresa batzuk ixtera behartuak izanen direla. Krisi batzorde bat plantan ezarri dugu enpresei aholkularitza emateko eta dituzten arazoei erantzuteko. [Frantziako Gobernuak ezarri dituen] Neurri batzuk egokiak dira, baina biziki konplikatua da horietara iristea, webgune gehienak saturatuak baitira, eta enpresaburuek ez dituzte, adibidez, Gizarte Segurantzako eta langabezia partzialeko kudeaketak egiten ahal.

Jarduera sektore batzuetan lanean segitzen dute. Zertan da egoera Ipar Euskal Herrian?

Eraikuntza paralizatua da osoki. Segurtasun neurriak hartzeko baldintza dute, baina maskarak falta dira, gel hidroalkoholikoa falta da. Enpresaburua bere langileen arduradun denez, ez ditu segurtasun neurriak betetzen ahal ez dituzten langileak lanarazten ahal.

Kontrakoa dioten lekukotasunak jasotzen ari gara.

Badira autonomoak lanean ari direnak. Baina langile bat zure ardurapean baduzu, ezin duzu lanean jarrarazi. Zerbait gertatzen bazaie, koronabirusa harrapatzen badute, nagusiaren erantzukizuna da.

Eta hori errespetatua da?

Frantziako Eraikuntza Federazioaren webgunean begiratzen baduzu, ikusiko duzu gehienak geldirik daudela. Bakarrik lan egiten baduzu, ez da arazorik. Bezeroarekin hitzartuta gutxieneko segurtasun arauak bete, eta kito. Baina langileak badituzu, behartua zara neurriak hartzera ez baduzu arazorik nahi.

Hori da, hain zuzen ere, eraikuntzako federazioak azpimarratu duena. Lan egitera bultzatu dituzte, baina gaur egun ez dira gai langileen arrisku baldintzei erantzuteko. Kasu horietan langileek erretiratzeko eskubidea dute.

Nahikoa dira Frantziako Gobernuak hartu dituen neurriak?

Gobernuak fite hartu ditu neurriak. Beste gauza bat da neurri horiek betearazteko gaitasuna izatea. Aski konplexua iruditzen zait, lehen errandakotik, webguneak saturatuak baitira. MIGen etengabe jasotzen ditugu enpresaburuen deiak arazo horiek nabarmenduz. Eskugain eskasiak dituztenentzat atzerapenak onartzea aipatu ditu, baina uste dut jarduera berriz hartzen dutenean ere ez dutela ordaintzeko gaitasunik izanen, ez dutelako eskugaineko dirurik izanen. Horregatik, nik galdetu dut enpresa txikienentzat ordainketak bertan behera uztea, eskugain eskasia dutelarik.

Batzuek ekonomia erabat gelditzeko eskatu dute. Osasun baldintzek ez ote dute hori agintzen?

Jarduera gehienetan dena gelditu da. Nik bi jarduera ditut —higiezin agentzia bat eta turismo egoitza bat—, eta biak gelditu ditut. Nire bezeroek erreserba guziak bertan behera utzi dituzte; ondoko asteetakoak, baina baita uda honetarakoak ere. Ostalaritza arloan eragina biziki handia izanen da; gutxienez urte baterakoa. Espero dezagun pandemia laster bukatuko dela. Horretarako, konfinamendu arauak hertsiki bete behar dira, bestela ez gara aterako. Aterabide onena, ez ateratzea.

Mundializazioaren eragina gaitzetsi duzu.

Azken urteetako nire adierazpenetan behin baino gehiagotan zabaldu dut halako mezua. Duela urte bat, dena paralizatzen duen mundializazio honen aurrean zirkuitu laburrak indartzearen alde egin nuen MIGen agiantzetan, eta aurten, paradigma aldaketaz mintzatu naiz. Gure funtzionatzeko moduak osoki berrikusi beharko ditugu. Hazkundea aipatzen dugu etengabe; nik uste dut gogoetatu beharko dugula zer desazkunde behar dugun, hazkunde berri baten norabidea hartzeko. Gaur egun, lurrak eman dizkigun lehengaien %80 kontsu- mitu ditugu; beraz, pentsa zer gertatuko zaien hurrengo belaunaldiei. Garapen iraunkorrari buruzko desmartxa bat behar dugu, eta uste dut horretan jarduera berriak sortzeko aukera izan daitekeela. Aurreikusten da 2040an gaur egun diren jardueren%80 ez direla gehiago existituko. 500 urte guziz paradigma aldaketa bat gertatzen da; gizarte batetik bestera aldatzen gara, beste egiteko modu batera. Horixe gertatuko da gaur egun. Etorkizuna horretan da.

Adibiderik baduzu?

Begira, Frantziako enpresen patentea duten sendagai gehienak Txinan eta Indian fabrikatuak dira, eta, ondorioz, haiek jasotzen dituzte lehenik. Gaur egun, sendagai horien eskasian gaude, berez Frantziaren asmakuntzak direlarik. Sinesgaitza da. Gaur egun ez gara gai maskarak egiteko: paperezko maskarak! Munduko zazpigarren potentzia gara, eta ez gara gai paperezko maskarak egiteko. Sinesgaitza da. Gela; ez da gel hidroalkolikoa baino gauza sinpleagorik, eta eskasian gaude. Elementu horiek guziek pentsarazten didate krisi honetatik ateratzean bestelako eredu bat beharko dugula.

Zer eredu eta nola?

Ni ez naiz kapitalista. Ekonomiaren mundua defendatzen dut, enplegua sortu eta herritarrak bizi ahal izatea ahalbidetzen duelako. Eta, horretarako, enpresak behar dira halabeharrez, ekonomia sortzeko eta arlo sozialerako: erretiroa ordaintzeko, osasungintzarako... Ekonomiarik ez bada, ezin da ezer sortu. Pentsatzen dut gaur egun ekonomia bestela pentsatu daitekeela, beste eskema eta norabide batzuetan. Ez dut erranen pandemiak bere alde onak dituenik, baina CO2 mailan planetak arnasa pixka bat hartuko du. Badu beharra. Pentsatzen dut beste egin-molde ekonomiko batzuk aurkitu daitezkeela, garapen iraunkorrean eta ingurumenean oinarrituak. Gertatzen ari denaren neurria hartzen ez badugu, murruaren kontra goaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.