Mitxel Lakuntza. ELAko idazkari nagusia

«Gerrilla gerra? Emaitza partzialak lortzen ditugu, baina nork ditu hobeak?»

Adolfo Muñozen lekukoa hartu berri du Lakuntzak, eta saio betean ari da garbi uzteko ez dela aldatuko ELAren konfrontazio estrategia aski ezaguna. Maiatzaren Lehenean iragarri du grebarako tresna indartu duela ELAk: erresistentzia kutxa.

GORKA RUBIO / FOKU.
xabier martin
Donostia
2019ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Gaur da hilabete Mitxel Lakuntzak (Iruñea, 1976) Adolfo Muñozen lekukoa hartu zuela ELAko idazkaritza nagusian. Ordutik,inor ez nahasteko moduko mezua helarazi du etengabe: «ELAk bere ildoan jarraituko du, konfrontazioan». Muñozen hiztegi bera baliatzen ari da iruindarra, baina ñabardura gehiago ditu hiztegi horrek orain, nahiz eta zorrotz aritu behar den horiek sumatzeko. ELAren trena aspaldian doa martxan eta norabide jakin batean beti; tarterik ba ote du makinista berri batek bere zigilua uzteko?

Dena erabakita badago, ELAko idazkaritza nagusian pilotu automatikoa jarrita ere nahikoa, ezta?

Ez nago ados trenaren metaforarekin. Gure proiektua kolektiboa da, eta horrek ematen dio indarra. Egia da gure-gureak diren gauza batzuk aspalditik datozela, dagoeneko kultura propioa dugula, alegia.

Zerbait aldatuko den galdetu beharrean, zerbait alda daitekeen galdetuko dizut.

Garai bakoitzak erronka desberdinak jartzen ditu mahai gainean. Aldatu baino gehiago, ildoan sakontzea egokituko zaigu beharbada. Daukagun ardura da asmatzen jarraitzea.

Giza aldagaiak ez al du pisurik? Liderrak pertsonak dira, eta harremanak pertsonen artekoak.

Hain zuzen, neoliberalismoaren aurka ditugun borroken artean hori da bat: pertsonei ematea garrantzia, proiektuen gainetik.ELA ezin da ulertu bakarrik idazkari nagusi baten ekarpenaz. Gure proiektu kolektiboariTxikik jarri dio ahotsa orain arte, eta aurrerantzean nik jarriko diot.

Baina zu ez zatoz Ilargitik. Zu Mitxel Lakuntza zara, Iruñekoa, orain arte harreman jakin batzuk garatutakoa, eta zu ariko zara eragileekin negoziatzen.

Gehiegizko garrantzia ematen zaio horri, benetan. Guk oraintxe ditugun hausturak eta akordio nagusiak ez dituzte harreman pertsonalek erabaki, proiektuak berak baizik.

Confebaskeko presidente Roberto Larrañagarekin bat zatoz gauza batean. Hark ere ez du ezer berririk espero zure erreleboa dela eta.

Badakit, bai, eta beste gauza batean ere ados gara: Euskaltelen auziaren interpretazioan. Pentsa nolakoa den hanka sartzea Confebaskek ere esateko.

Zuk zerbait espero duzu laster Confebasken presidente berria izango den Adegiren gizonaz, Eduardo Zubiaurrez?

Ez, patronalaren jarrera oso finkaturik dago, tamalez.

Adegiren kontua da Enpresa Kultura Berria; Confebask osora zabaltzeko kezka baduzue?

Badakigu patronalak hortik joan nahi duela, eta Adegi dela estrategia horren babesle nagusia. Baina bai sektore pribatuan bai publikoan ordezkaritzaren indar korrelazioaren arabera lortzen ditugu emaitzak, presio eginez. Adegirena dela posiziorik gogorrena? Bai, baina patronal osoa doa bide beretik.

Bakoitza bere lubakian geldirik marrazten duen koadro horrek ez du egoera erreala adierazten batzuetan. Zeure burua aurkezteko bilera sorta bat egin behar duzue? Eskatu duzue bilerak egitea Confebaskekin, Jaurlaritzarekin eta LABekin, adibidez?

Beti egiten da horrelako bilera sorta bat, eta guk ez dugu inongo arazorik horren berri jakinarazteko. Gure arazoa da EAJrekin eta Urkullurekin; gainontzeko eragile guztiekin ez dugu arazorik.

Eta Nafarroako Gobernuarekin?

Inolaz ere ez. Guk ez dugu arazorik Uxue Barkos lehendakariarekin edota kontseilariekin elkartzeko. UPNko agintariekin ezin ginen elkartu, eta oraingo gobernuarekin bai. Desadostasunak ditugu, noski, eta ez gara labur geratzen gauzak argi esan behar direnean, baina egoerak ez du zerikusirik aurreko gobernuarenarekin.

Geroa Baiko kide da EAJ. Zer gertatzen zaizue Urkullurekin?

Ez dugula inongo aukerarik harekin elkartzeko, haren alderdiak hautu garbia egin duelako gurekin ez biltzeko. Funtsean, ez dute onartzen ELAren errealitatea, baina ELAk %41etik gorako ordezkaritza dauka, bere sabai historikoa; ez da edozer gauza.

Erakundeetatik mezurik jaso duzu kargua hartu duzula eta?

Uxue Barkosek zoriondu egin ninduen, adibidez, baina Jaurlaritzak ez du horrelakorik egin, inondik ere ez. Harrokeriaz dihardutela esaten dugunean, horrelako gauzetan ere islatzen da. Oposizio bakarra gara askotan, eta EAJk ez du jasaten hori.

Zuek inoizko ordezkaritzarik handiena eta EAJk inoizko botere mailarik handiena. Aurreko igandean ere bozak irabazi zituen Hego Euskal Herrian. Aurkakotasun handi hori ez zaizue kaltegarria botoei begira.

Aurkakotasun hori ez da elkarri mesede egiteko estrategia baten emaitza, baten batek esaten duen bezala. ELAren historiari erreparatu, eta ikusiko duzu lidergo hori ez dela berria. ELAk ez du estrategia aldatu. Gauza berria dena da gobernuaren hainbat posizio. Elkarrizketa Sozialerako Mahaiarekin egin dutenak argi islatzen du. Baina gu gurera, gure ordezkaritza zabala batik bat kontrabotere ereduarekin dagoelako loturik, eta gure jendearen lanarekin. Zilegitasuna mahaietatik kanpo lortzen dugu.

Azkenean, ez duzu esan norekin biltzekoak zareten.

Tira, denekin biltzen garela esan dizut, eta erantzun gisa hartu duzula pentsatu dut.

Hitzordu zehatzak egin dituzue?

Ez.

Eskatu diozue bilera egitea Jaurlaritzari?

Aspaldian eskatu genion, eta, egitera zihoala, bertan behera utzi zuten, bezperan. Eta gaur arte.

Eta eskatu diozue berriro?

Nondik gatozen ulertu behar da egoera ulertzeko. Ez diogu eskatu, gurekin ez dutelako ezer jakin nahi. Ez dugu zertan bilerarik eskatu berriro.

Baina zu zara iritsi berria, eta besteei eskatuko diezu.

Badakit nora eraman nahi duzun eztabaida, baina gure interpretazioa da gobernu honek ez duela gurekin elkartu nahi; garbi adierazi digute.

Zu ez zara, ordea, Adolfo Muñoz; hura zegoen karguan, Urkulluren ezetz hori iritsi zenean.

Ez da pertsona kontua, berriro diot. ELAk gauzak nola ikusten dituen jakiteko litzateke bilera, ez Mitxelek nola ikusten dituen.

Elkarrizketa Sozialerako Mahai instituzionalizatuaz zer esango zenioke Urkulluri?

Lotsagarria bakarrik ez, antzua ere izango dela. Ezagutu dut eredu hori Nafarroan, muturrera eramanda; 200 lagunek soldata eramaten zuten Nafarroako Gobernutik, eta horretarako egiten zen.

Bide horretan doa Jaurlaritzaren mahaia?

Hori da asmoa; baina, orain, finantzaketarekin ezin dira garai bateko gauzak egin. Dena den, esertzen diren guztiek badakite mahai hori antzua dela. Zilegitasuna ez baduzu langileen artean aurkitzen, mahai batean bilatu behar duzu, eta batzuek uste dute hor esertzeagatik inportanteak direla. Guretzat erraza litzateke hor egotea, baina iruzur egingo genieke geure buruari eta langileei.

Prekaritateari aurre egiteko grebaren garrantzia azpimarratu du ELAk Maiatzaren Lehenean. Erresistentzia kutxa ere indartu egin duzue. Gerrilla gerra bat nahikoa ote da prekaritatea gainditzeko?

Ez nago ados gerrilla gerraren kontuarekin. Ez da egia gu sektoreetan ez garenik ari. Iaz, hemezortzi sektore itun sinatu ziren, eta horietako gehienak gurekin. Ez gabiltza bakarrik enpresetan, ez da egia.

Lan gatazka zehatzetan indar handia jartzen duzue, baina han eta hemen, ez horrenbeste sektore handietan. Indarrak batu gabe posible da prekaritateari aurre egitea?

Aliantzak behar direla da bat, etagatazka batzuk asko nabarmentzen direla bestea, baina luzatu egiten direlako. Eta gehienek aldagai komun bat dute: administrazioa dagoela atzean. Sektore pribatuan lehenago lortzen ditugu akordioak, administrazioak hautu garbi bat egin duelako bereari eusteko, kosta ahala kosta.

Ez da ELAren hautua gatazka bat gogortzea, batzuek dioten moduan, sindikatuaren gaitasuna erakusteko?

Baina nola izango da hori gure hautua? Bada esaten duenik botoi bat sakatu eta lan gatazka non hasiko den ere erabakitzen dugula. Grebak egiten dira langileek antolatzen eta erabakitzen duten lekuetan. Guk jendea antolatzen dugu, hori da gure estrategia. Greba baten iraupena patronalak erabakitzen du, beti. Gerrilla gerra? Onartzen dugu gure emaitzak partzialak direla; nahiko genuke emaitza orokorragoak lortzea, baina norbaitek lortzen ditu guk baino hobeak? Begira, hemen bi eredu daude: edo langileak antolatzen ditugu ahal dena egiteko, edo lehen aipatutako mahaira zoaz, propaganda egitera eta denbora pasatzera, eta zorte pixka batekin dirua ateratzera.

LAB ez dago mahai horretan. Ez al da eraginkorragoa aliantza bat estatalizazioari eta prekaritateari aurre egiteko?

Aliantzazaleak gara gu, baina arazoei buruz ere hitz egin behar da, fikzioetan bizi gabe.

Gehiengo sindikala fikzio bat da?

Errealitate praktiko bati begira, bai, zoritxarrez. Gehiengo sindikalari mamia ematen diona estrategiak adostea da; bestela, batuketa hutsa da.

LABen etxeko lanak zein diren garbi utzi du ELAk: grebetan elkarrekin aritzea, eta alderdienganako independentzia erakustea. Zein dira ELAren etxeko lanak balizko aliantza bati begira?

LABekin ez dugu sekula izan fundamentuzko akordio bat negoziazio kolektiboan. Eman dezake orain urte batzuk elkarrekin genbiltzala beti, baina ez da horrela. Ez bagaude ados negoziazio kolektiboaren estrategian, boluntarismo hutsean geratuko gara beti.

Aliantzan sinesten duzue?

Bai, aliantzaren beharrean sinesten dugu; hau ez da erretorika, bai baitakigu zein aurpegi izango lukeen patronalak horren aurrean;gaur egun duen irribarrea ez litzateke hain handia izango. Baina gauzak ikusten ditugun bezala esan behar ditugu, zintzoki. LABekin bat gatoz gai kontzeptual askotan, baina ez oinarrizko batzuetan.

Alderdi politikoek bezala, sindikatuek ere hauteskunde emaitzei begiratu behar diete. Ez zaizue gaizki joan aliantza hori egin gabe.

Ea, guk badakigu bakarrik ezin dugula, nahiz eta gure ordezkaritza inoizko handiena izan. Baina egia da beste inork lortzen ez dituen gauzak lortzen ditugula, grebaren bitartez askotan. Nola orokortu emaitzak, hori beste kontu bat da. Garbi dugu emaitzak ugaltzeko aliantzak behar direla.

Nafarroan elkarlan estuagoa izan dute ELAk eta LABek. ELAko Nafarroako arduraduna izan zara urte askoan. Horrek ere ez du lagunduko?

Ez dut uste nafarra naizelako nagoenik hemen eserita. ELAren eta LABen arteko harremana Nafarroan pixka bat desberdina izan bada, izan da salbuespen egoera bat jasan dugulako han, bazterketa hutsa.

ELAk Nafarroako aldaketa ez duela ezbaian jartzen argitu zenuen Kursaaleko biltzarrean. Zer behar zenuen argitzeko?

Laukoa osatu duten batzuek ez dituzte ongi hartu gure kritikak. 'Egon zaitezte isilik, besteei egingo diezue-eta mesede' esan nahi dute. Horregatik, hitz egin nuen gure posizioaz. Eta guk ez ditugu besteak ikusi ere egin nahi, gure larruan sufritu ditugulako. Beste kontu bat da uste dugula aldaketa soziala eta politikoa beste gauza bat dela; egiten ari dena sakondu egin behar dela, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.