Jose Ignacio Hormaetxe. Energiaren Klusterreko zuzendari nagusia

«Gerraren ondorioz, orain hiru dira energia trantsizioa egiteko arrazoiak»

Jasangarritasuna izan da orain arte trantsizio energetikorako arrazoi bakarra. Hormaetxeren ustez, orain energiaren prezioak eta energia segurtasuna ere aldaketa bultzatzera datoz.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Irune Lasa.
Donostia
2022ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Itsasoko eolikoek baino, olatuen energiatik argindarra sortzeko turbinek izan dezakete etorkizun hobea Bizkaiko golkoan. Hastapenetan dago itsas energien arloa, baina haren inguruko asmo eta teknologiak ezagutzeko modua emango du hurrengo astean, hilaren 18tik 20era, Donostiako Kursaalean energia mota horri buruz egingo duten Nazioarteko ICOE 2022 Konferentziak. Dena den, Jose Ignacio Hormaetxerekin (Bilbo 1962) ezin geratu egungo energia krisiaz eta trantsizio energetikoaz hitz egin gabe.

Itsas energiak ia batere ez dira baliatu orain arte.

Epe luzerako teknologiak eta energia iturriak dira. Hemen, Euskadin, baliabide nagusia olatuen energia da, eta horregatik daude Mutrikuko planta [Gipuzkoa] eta Armintzako [Bizkaia] Bimepeko entseguak egiteko azpiegitura. Baina beharbada datorren hamarkadan izango dugu olatuek sortutako energia kopuru garrantzitsua.

Olatuak, mareak eta korronteak, horiek dira itsas energiak deritzonen iturri nagusiak. Zuek euskal kostaldean posible ikusten duzue olatuen energia baliatzea.

Euskadin bai, olatuen baliabidea daukagu. Hemengo enpresak batez ere olatuen energiaren inguruko garapenak egiten ari dira, nahiz eta baten bat ari den korronteen energiaren teknologiak eta produktuak lantzen.

Zeintzuk dira enpresa horiek? Eta zertan dabiltza zehazki?

Nagusia Idom ingeniaritza da. Orain hiruzpalau urte bereganatu zuen Tecnaliak sortutako Oceantec, zeinak olatu energiaren bihurgailu bat garatu baitzuen. Enpresa txikia zen, eta, merkatua oraindik sortu gabe dagoenez, Idomek hartu zituen taldea eta haren patenteak. Orain, AEBetako Estatu Departamenduak egindako lehiaketetako bi irabazi ditu Idomek, eta hango diruarekin ari dira prototipoak lantzen, AEBetako kostaldean jartzeko bi edo hiru urte barru.

Arrecife Energy Systems start up-a ere ari da olatuetatik energia sortzeko turbina bat garatzen. Beste kontzeptu bat da haiena, oraintxe oso desberdinak baitira olatu energiaren inguruko kontzeptuak. Esango nuke enpresa bakoitzak eta ikertzaile bakoitzak daukala bere ideia propioa. Horregatik izango dira interesgarriak hemen ikusiko ditugun bost edo sei maketak, turbinak eta ekipamenduak zer-nolakoak diren jakiteko.

Gero, enpresa txikiagoak ere hor egongo dira, balio katearen segmentu desberdinetan. Adibidez, Vicinayk kateak egin ditzake turbinak itsaso hondora lotzeko. Ditrel enpresak turbina horiek sarera lotzeko konektoreak garatu ditu, eta hiruzpalau prototipotan jartzeko konektoreak saldu ditu dagoeneko. Zunibal enpresak buiak egiten ditu, olatuen indarra, tamaina eta beste ezaugarri batzuk neurtzeko. Beste batzuk kontrol kontuetan eta softwarean ari dira. Tecnalian Idomekin eta Arreciferekin ari dira lanean... Eta beste enpresa batzuk gure nazioarteko misioetara datoz, energia iturri horien inguruko talde handiak eta proiektuak ezagutzeko, gero haien estrategiak erabakitzeko.

Baina oraindik hastapenetan dagoen merkatu bat da.

Maila komertzialean eta industrialean olatuetatik energia sortzeko datorren hamarkadara arte itxaron beharko da.

Mutrikuko portuko instalazioaren garrantzia aipatu duzue kongresuaren aurkezpenean. Garrantzitsua da?

Bai, bai. Esan behar da EEE Energiaren Euskal Erakundea aitzindaria izan zela Mutrikuko portuan turbinak jartzen, 2011n, eta orduan Europako lehen olatu energiako instalazioa zen sarera konektatua zegoena, sortutako argindarra sareratzen zuena. Gaur egun badaude beste prototipo batzuk, planta txikiak haiek ere, baina 11 urtez Mutrikuko turbinek egunero sortu dute argindarra. Ez da asko, potentzia gutxiko instalazioa da, baina egunero sortzen du elektrizitatea. Orain turbina horiek berritzeko prozesua hasiko da. Ez da aurrekoak zaharkituak daudela, baina berrikuntza asko izan dira, eta EEEk lehiaketa zabalduko du Mutrikun energia gehiago eta modu eraginkorragoan sortuko duten turbinak izateko.

Kongresuaren garrantziaz ere galdetu nahi nizun.

Munduan energia hauei buruz egiten den kongresu nagusia da. Bi urtez behin egiten da, eta IEA Nazioarteko Energiaren Agentziak hautatzen du non. Usadioa da kontinente batetik bestera aldatzea. Japonian izan zen orain urte batzuk, eta aurrekoa AEBetan zen, baina birtuala, pandemiaren ondorioz. Eta hurrengoa Australian egingo dute hemendik bi urtera.

Energiaren gaia giltzarri bihurtu da oraintxe. Nola bizi dituzu zuk gaiaren inguruko interesa eta kezka?

Gaia puri-purian dago orain. Baina guk beti esan dugu kezkatzeko modukoa dela egoera. Orain krisialdiaren arrazoia prezioak dira, baina ez hori bakarrik: energia segurtasuna ere hor dago.

Bat-batean energia segurtasunaren garrantzia azaleratu da.

Energiaren iturrien arazoak hiru arlokoak izan dira. Lehenengoa, prezioa: kontsumitzaileek neurriko prezioan izan behar dute energia. Bigarrena, energia segurtasuna: kontsumitzaile guztiek izan behar duten energiarako sarbidea. Eta hirugarrena iraunkortasuna da, energia sortzea ez izatea kaltegarria ingurumenarentzat. Duela bizpahiru urte bazirudien trantsizio energetikorako arrazoi bakarra zela jasangarritasuna. Zer gertatu da? Gerra bat. Askotan esaten da, argindarraren merkatua ez dagoela ondo diseinatua edo enpresak eta abar... Egoera horren arrazoi bakarra da gerra bat dagoela, norekin eta Errusiarekin, zeina Europaren, Espainiaren eta Euskadiren gas natural hornitzaile nagusia den. Horrek esan nahi du gasaren prezioa Errusiak nahi duena izango dela, eta hortik krisialdia; ez dago beste misteriorik.

Orain, konturatu gara jasangarritasuna oso garrantzitsua dela, klima larrialdiarengatik, baina garrantzia bera daukatela energiaren ekonomiak, prezioak, eta energiaren segurtasunak.

Hirurak dira orain kezka.

Baina berri ona da, horiek aukerak ematen dizkigutelako.

Trantsizio energetikorako?

Trantsizioan bultzada handia etorri zen jasangarritasunean oinarrituta, eta orain hiru dira arrazoiak trantsizioa egiteko. Zein da Errusiak eragindako krisiari aurre egiteko modua? Energia berriztagarriak, energia berriztagarriak eta energia berriztagarriak. Elektrifikazioa, hidrogenoa epe ertain-luze batean alternatiba bezala, betiere berdea, energia berriztagarriei lotutakoa. Gauza da denborarik ez galtzea energia berriztagarrietarako.

Euskadin, zorionez, industria, lanpostu eta enpresa oso lehiakorrak ditugu arlo horietan eta merkatu horietan. Elektrizitate sareetan, eguzki energian...

Trantsizio energetikoarekin baikorra zara edo ezkorra?

Ni baikorra naiz. Trantsizioa egin behar dugu, ez dago beste aukerarik. Orain eztabaida asko daude, batzuk esaten ari dira trantsizioa txarto egiten ari garela, birpentsatu egin behar dela nola egin. Agian bai, beharbada prozedurak alda daitezke, hobetu... Baina aukerak ez dira hainbeste, eta badakigu bidea zein den: arinago eta hobeto egin behar dugu. Bestela zer? Gelditu eta orain hasi pentsatzen berriro zer?

Batzuek diote prezioak...

Baina prezioa handia ez da trantsizioarengatik, trantsizioa irtenbidea da. Prezioez zoaz kontuak eskatzera Errusiara.

Badago bultzada Europatik ere energia enpresen ezohiko irabaziak zergapetzeko. Baina esan da horrek inbertsioak oztopa ditzakeela; Josu Jon Imazek berak esan zuen.

Hor oreka aurkitu behar dute politikariek eta Europako Batzordeak; zein diren aparteko etekinak, eta zein ez. Baina kontuz, hain zuzen enpresa energetikoak dira inbertsioak egin behar dituztenak trantsizioan: Repsolek hidrogenoan, Iberdrolak energia berriztagarrietan eta elektrizitatean. Egia da, kontsumitzaile zaurgarriak babestu behar dituzu, zergak bideratu, etekinak partekatu, baina inbertsioak ere egin behar dituzte. Gobernuak ez du galdu behar epe luzerako bisioa. Eta ez ahaztu, aldi berean, gas naturalaren azpiegiturak egin behar direla, eta mantendu behar direla. Alemania orain hasi da eraikitzen guk joan den hamar-hogei urteetatik dauzkagun birgasifikazio planten modukoak; orain, berandu. Dena den, beti esan dugu gas naturala trantsiziorako energia dela, berriztagarriekin batera joan behar duena. Biak behar dira.

Eztabaida ere eredu zentralizatuak edo deszentralizatuak nagusitu behar diren; enpresa handien esku egongo diren planta fotovoltaiko handiak, parke eolikoak, edo tokian tokiko ezarpen txikiagoak...

Araudia nola dagoen ikusita, ez dut uste horren erraza izango denik enpresa handiek komunitate energetikoak jatea. Eredu oso desberdinak dira, eta bakoitzak izango du bere lekua. Badaude txostenak diotenak komunitate txikiek argindar kontsumoaren %15-%20 hartuko dutela. Nik uste dut bi ereduak aldi berean garatuko direla eta guztiak izango ditugu beharrezko.

Euskal industrian zein alorrek hartuko du trantsizioaren olatua?

Esango nuke olatua baliatuko dutela orain arteko eredua jarraitu dutenek. Enpresa ertain-txikiak, jarduera handia dutenak, eta berritzaileak. Gaitasun handiak izan behar dituzte berritzeko merkatuak, berritzeko produktuak, teknologia sartzeko produktuetan. Gure enpresetan ezaugarri horiek topatzea oso normala da. Teknologietan eta eolikoan sektore sendoa daukagu, zorionez.

Siemens Gamesa...

Baina beste ehun enpresa ditugu, eta guretzat, herrialde gisa, garrantzitsuagoa da ehun ertain izatea handi bat baino; gainera, handi hori ez bada hemengo enpresa bat, galdera asko sortzen dira haren etorkizunari buruz. Baina gure sendotasuna da hainbeste enpresa izatea eta hainbesteezaugarrikoak. Gaitasun horiekin enpresak prest izango dira off-shore eolikoan lehiatzeko. Elektrifikazioan, berdin, digitalizazioa eta produktu adimentsuak. Eta ahaztu gabe epe pixka bat luzeagoko garapenak. Adibidez, hidrogenoan oraindik ez dakigu zenbaterainoko tokia izango duen trantsizioan, baina badaezpada badauzkagu enpresa asko inbertsioak egiten.

Eta zein gera daitezke atzean?

Klusterrean badaukagu talde bat lan egiten petrolioaren eta gas naturalaren balio katean, egunerokoan laguntzen, baina taldearen bileretan gehienetan gaia izaten da aurreikustea zein izango den hurrengo merkatua, ez bada petrolioaren edo gas naturalen merkatua. Munduan badira petrolio enpresa handiak haien estrategia aldatzen ari direnak, eta trantsizioan haien bidea aurkitzen laguntzen ari gara enpresa ertainei eta txikiei. Batzuek zailago dute, haien merkatua desagertu egingo da datozen 10-20 urteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.