Geroaren ekarpenak eteteko eskatu du Adegik

ELAk ziurtatu du enpresak behartuta daudela pentsio osagarrien plana hornitzen jarraitzeko

Iker Aranburu.
2013ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Soldaten jaitsiera, lanaldiaren luzapena eta enpresa barruko malgutasuna gutxi ez, eta beste fronte bat ireki du ultraaktibitate mugagabearen amaierak: pentsio osagarrirako ekarpenak. Adegik eskatu die bere bazkideei ekarpenik ez egiteko Geroari. BGAE Borondatezko Gizarte Aurreikuspenerako Erakundeetan handienetako bat da Geroa. BGAEn federazioaren 2013ko lehen hiruhileko datuen arabera, Geroak 240.000 bazkide ditu, eta 1.241 milioi euroko ondarea bildu du. Gipuzkoako metalgintzan sortu zuten, baina beste sektoreetara eta lurraldeetara hedatu da. Diru gehiago ez sartzeak arriskuan jarriko luke BGAEa, hilero osatu behar dituelako erretiroa hartu duten milaka langileren pentsioak.

Geroaren gobernu batzordea atzo bildu zen. Ordezkaritza bera dute hor lau sindikatu nagusiek eta Adegik, eta azken horrek du orain lehendakaritza. Agiri baten bidez ELAk zabaldu duenez, bilera horretan «lotsarik gabe» esan du Adegik bere bazkideei aholkatu diela ekarpen gehiago ez egiteko, metalgintzako lan hitzarmena amaituta dagoenez ez daudelako horretara behartuta. Itunaren negoziazio prozesuan behin eta berriz ohartarazi zuen patronalak hori gerta zitekeela. Metalgintzako kasuan, soldataren %2,3 sartzen dute Geroan enpresak zein langileak.

ELAk dei egin die enpresaburuei Adegiri jaramonik ez egiteko, «bai baitakigu euretako gehienek entitatean parte hartzen jartzeko borondatea dutela». ELAk iragarri du «ekintza sindikala» ez ezik, bide juridikoa ere erabiliko duela Geroaren ekarpenak babesteko. Patronalak dioenaren aurka, ziurtatu du lan itunaren amaierak ez diela aukerarik ematen enpresei ekarpenak ez egiteko eta Geroak eskatutako bi txostenek ere hori esaten dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.