Geroak estatutuak aldatu ditu, pentsio osagarria errenta gisa jasotzea lehenesteko

Jaurlaritzaren dekretuari jarraituz, dirua kolpe batean eskuratzeko aukera batzuk ematen ditu. Geroaren Kaltetuak plataformak protesta egin du batzarra egin duten hotelaren kanpoaldean.

Geroako Kaltetuak plataformaren batzar bat, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Geroako Kaltetuak plataformaren batzar bat, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Iker Aranburu.
2024ko azaroaren 8a
15:33
Entzun

Azken urteetan eztabaida izan da pentsio osagarria ordainketa bakarrean jasotzeko eskubidearen inguruan Geroa BGAE borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundearen barruan. Eztabaida hori amaitzeko helburua ere baduen urrats bat egin du gaur Geroako batzarrak, aho batez onartu baitu bere araudia urte hasieran Eusko Jaurlaritzak onartutako dekretura egokitzea. Horren bitartez, BGAEn jarritako dirua hileko errenta gisa jaso behar dute herritarrek behin erretiroa hartu dutenean, baina ate bat irekita uzten du dirua edo haren zati bat kolpe batean jasotzeko.

Ez dirudi, ordea, ate hori nahikoa denik Geroako Kaltetuak plataformako kideentzat. Geroak batzarra egin duen Donostiako hotelaren aurrean bildu dira talde horretako kideak, eta haserrea adierazi dute. Batzarkideen aurkako irainak eta mehatxuak izan direla eta janaria bota dietela azaldu diote lekuko batzuek Diario Vasco-ri. Batzarkideak Adegiko eta sindikatuetako ordezkariak dira, haiek kudeatzen baitute Geroa.

Duela bost urtetik gora sortu zen Geroako Kaltetuak taldea, eta haien aldarria izan da dirua eurena dela, eta nahi duten moduan berreskuratzeko eskubidea dutela. Salatu izan dute ez dietela eman aukera hori trabatzen duten estatutuen aldaketen berri, eta «euskorralitoa» hitza erabili dute beren egoera deskribatzeko.

Dirua ordainketa bakar batean jaso ahal izateko baldintza batzuk jartzen ditu Jaurlaritzaren dekretuak, eta, hortaz, baita Geroaren estatutu moldatu berriak ere.

Batetik, beren BGAEaren kontuan 43.398 euro baino gutxiago daukatenek den-dena kapital gisa jasotzeko aukera izango dute —lehen, muga 49.8560 eurorena zen—. Kopuru horiek eguneratu egingo dira urtero, honako aldagai honi lotuta daudelako: Gizarte Segurantzan ezkontidea bere kargura dutenen gutxieneko pentsioa halako hiru izango da.

Bestetik, muga berriaren gainetik daudenek eskubidea izango dute diruaren laurdena ordainketa bakar batean eskuratzeko, baina gainontzekoa hileko errenta gisa ordainduko zaie.

Errenta hori gutxienez hamazazpi urtez banatuko da, eta 25 urtez gehienez. Aurretik, gutxieneko muga 20 urtekoa zen. BGAEaren bazkidea tarte horretan hilez gero, haren oinordekoek eskuratuko dute.

Negoziazio kolektiboaren emaitza

Gipuzkoa da Euskal Herriko lurraldeen artean BGAE edo pentsio osagarriak gehien hedatuta dauden lurraldea, eta hori, neurri handi batean, Geroaren ondorio da. Gipuzkoako metalgintzako lan hitzarmenak sortu zuen BGAE hori, baina gero harekin bat egin dute lurraldeko beste hainbat sektoretako itunek, eta gaur egun soldatapeko langileen erdiek baino gehiagok dute enpleguari lotutako pentsio osagarri bat.

Araban eta Bizkaian, ordea, langile publikoek, kooperatibista batzuek eta Kutxabank, Tubacex eta beste enpresa batzuetako langileek dituzte, gutxi gorabehera langileen %15ek, baina pentsio osagarri hori zabaltzeko egitasmoak martxan jartzen ari dira. Besteak beste, autonomoentzako BGAE bat sortu nahi du Jaurlaritzak. Nafarroan ere gutxi hedatuta daude.

Eusko Jaurlaritzaren dekretuak lehentasuneko BGAEak arautzen ditu; hau da, enplegatzaileen eta langileen ekarpenarekin hornitzen diren pentsio planak. Horietako hiru daude gaur egun: Geroarena, Elkarkidetzarena (udaletako eta aldundietako langileena), eta Lagun Aro (Mondragoneko eta beste kooperatiba batzuetako langileena).

Geroaren kudeaketan parte hartzen dute Adegi patronalak eta ordezkaritza handiena duten lau sindikatuek. Batzarreko 106 kideak ere haien artean banatzen dituzte: 53 ditu Adegik, eta beste hainbat sindikatuek, horrela banatuta: 25 ELAk, hamasei LABek, zortzi CCOOk eta lau UGTk.

Paritarioa da hilero Geroari egindako ekarpena: diruaren erdia jartzen du enpresak, eta beste erdia soldatatik ateratzen da.

Diru guztia kolpe bakar batean ateratzeko trabak lotuta daude Geroaren diru kontuekin. Inflazioak ez dezan aurreztutako diruaren balioa jan, bazkideen dirua inbertitu egiten du finantza merkatuetan, akzioetan eta zor publikoan. Iazko datuen arabera, 2023an BGAEek 28.000 milioi euroren inbertsioak zituzten, eta horietatik 1.700 milioi (%6) zeuden jarrita Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

ZEr dira bgae-ak

Borondatezko gizarte aurreikuspenerako erakundeak dira. Hau da, pentsio publikoaz gain herritarrei pentsio osagarri bat ematen dieten erakundeak. Pentsio plan arruntekiko aldea da Eusko Legebiltzarrak araututako tresna bat direla, eta kudeaketa bazkideek egiten dutela. Esaterako, Gipuzkoako metalgintzatik sortutako Geroa BGAEko gobernu batzordean, hamahiruna kide dituzte Adegik eta sindikatuek.
Nork jartzen du dirua?
Bi BGAE mota nagusi daude. Batetik, norbanakoenak, bankuek bultzatutakoak; horietan, diru guztia bazkideak jartzen du. Enplegukoetan, ordea, hilero langileak soldataren zati bat baztertzen du BGAErako, eta enplegatzaileak beste zati bat jartzen du.
Noiz jasotzen da dirua?
Araudi berriarekin, enplegukoetan erretiroa hartzean jasotzen da, errenta moduan, baina diru gutxi jarri dutenek badaukate aukera dena batera jasotzeko, eta besteek diruaren zati bat eskura dezakete horrela. Norbanakoetan, lehen ekarpena egin eta hamar urtera jaso daiteke.
Zenbat langilek dute?
Aurten, hirugarren hiruhilekoaren amaieran 540.848 langilek zuten enplegu BGAE bat Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta beste 622.446k norbanakoen bat. Erakunde horiek guztira 29.500 milioi euro kudeatzen dituzte. Geroa da bazkide gehien dituen BGAEa (309.985), eta 3.065 milioi euroren ondarea kudeatzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.