Gero eta zonbi gehiago

Enpresa asko estatu laguntzei esker ari dira bizirik irauten pandemiaren aroan, baina horietako batzuek ateak itxi beharko dituzte, ez baitira bideragarriak.

Taberna bat itxita, aurtengo neguan, Euskal Herriko kale busti batean. RAUL BOGAJO / FOKU.
xabier martin
2021eko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Kreditu ureztatze apartekoa jarri du martxan Europako Batasunak eta hura osatzen duten estatu kide nagusiek, pandemiak leherrarazitako krisi ekonomikoari erantzuteko; kosta ahala kosta saihestu nahi dute finantza krisi bat. Atzeraldi Handiaren aldean, egungo krisia desberdin egiten duen aldagai nagusietako bat da milaka enpresei bizirik eusten dien kreditu jario sendoa. Izan ere, Euroguneko estatu kideen eta EBZ Europako Banku Zentralaren esku hartze keynestarra nabarmena izaten ari da, eta Suspertze Planak are nabarmenagoa egingo du luze gabe. Baina politika horrek badu susperraldiarentzat traba bilakatu daitekeen albo ondorio bat: gehiegi handitzea kreditu errazaren eta estatu laguntzen oxigenoak zutik eusten dituen enpresa zonbien kopurua.

Enpresa asko itxiko baitituzte azkenean; hainbat hiltzear daude dagoeneko, ez baitira gai finantza kostuei (zorra batik bat) aurre egiteko beren negozioen mozkinen bidez, ezta zorraren interesei. Zabalik daude, baina ixteko bidean urratsak egiteko soilik: zonbiak dira. Bada, pandemiak bikoiztu egin du enpresa zonbien kopurua Europan, eta batez ere joera nabarmena da Europako hegoaldean, turismoarekin eta eraikuntzarekin lotutako sektoreetan nagusiki.

Laguntza irizpideak, miran

EBZk maiatzeko txostenean onartu du laguntzen politikaren ifrentzuan zonbi gehiegi sortzeko arriskua azaltzen dela, eta horrek zor pribatua handitzeko mamua dakarrela, ordaintzeari uzten dioten enpresen kopurua izugarri handituko delako 2022. urtean, aurreikuspen guztien arabera.

EBZko presidente Christine Lagardek eman du datua: pandemiaren aurretik, enpresa guztien %4 ziren zonbi gisa jo zitezkeenak, eurogunean, eta, orain, %8 dira. Hego Euskal Herrian, hamar urtetik gorako enpresei dagokienez, 2.850 dira ez bizirik, ez hilik dauden enpresa horiek, Dun & Bradstreetek argitaratutako txosten baten arabera, apirilean. Hau da, %8ko sabai horretatik gertu dago Hegoaldeko datua. Kezkarako zio bat.

Europa prest dago Bigarren Mundu Gerratik suspertze planik handiena martxan jartzeko, eta zor publikoa inoizko abiadurarik handienean hazten ari da. Ekonomiak birusaren aurreko maila lehenbailehen hartzea da xedea, baina enpresa zonbiak ugaltzean, etorkizuneko kiebrak sustatzen dira, eta zor pribatua bridatuta edukitzea ezinbesteko jotzen dute nazioarteko erakunde ekonomikoek atakatik ateratzeko.

Alegia, EBZk abisua eman die euroguneko estatuei aurrerantzean ere diru publikoz lagundu behar dituzten enpresekin zorrotzago izan daitezen, eta laguntza horiek emateko irizpide baztertzaileagoak baliatzeko, enpresa zonbien jarduera luza ez dezaten. Kontua da gobernuek gerorik gabeko enpresa horiek sailkatzeko gaitasuna eduki beharko luketela, eta hori ez da batere erraza; errazagoa zaie sektore oso bati laguntzea, esaterako.

Paradoxa da: 2020. urtean kiebra egin duten enpresen kopuruak behera egin du nabarmen,-%22 eurogunean eta %12 mundu osoan—. Gobernuen laguntza planek erabat baldintzatu dute erakusle hori, noski, eta esan beharrik ez dago: laguntza publiko horiei esker bizirik iritsi dira gaur arte enpresa ugari, etorkizunean ere bizirik egongo direnak, enplegua eta aberastasuna sortzeko. Horregatik, onartu behar den arrisku gisa ikusten dute aditu askok enpresa zonbien hazkundea, jakinda ere zorpetze pribatuan eragina izan dezaketela, eta, beraz, susperraldiaren abiaduran ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.