Lan istripua

Gernika-Lumoko eskola batean aurreko astean zauritu zen langilea hil egin da

46 urteko gizonezkoa teilatua konpontzen ari zela jausi egin zen. LABek salatu du gertaeraren ikerketarik ez dela egin oraindik, baina enpresak dio Osalanek aztertu zuela.

2009ko martxoaren 11
19:20
Entzun
LAB sindikatuak gaur jakinarazi duenez, hilaren 3an Gernika-Lumoko (Bizkaia) eskola batean beharrean istripua izanda zauritu zen langilea hil egin da. Bihotzekoak jota zendu da Gurutzetako (Barakaldo, Bizkaia) erietxean.

Teilatua konpontzen ari zela jausi egin zen, eta hezur haustura batzuk izan zituen. 46 urteko gizonezkoa da hildakoa, Busturiakoa (Bizkaia). Bengozarra Gernikako enpresako behargina zen, eta Udalak kontratatu zuen enpresa lan haietarako.

LABek salatu du oraindik gertaeraren ikerketarik ez dela egin, eta berak bihar idatzia sartuko du, hori exijitzeko. Enpresak, aldiz, jakinarazi du gertaera hura izan ostean Osalanekoak bertan izan zirela kasua ikertzen.

Protesta gisa, 24 orduko lanuztea egiten ari dira eta LABek biharko elkarretaratzea deitu du -11:30ean hasiko dute, Bengozarra enpresa aurrean, Txaparta poligonoan-.

LAB sindikatuaren arabera, aurten Euskal Herrian lan istripuetan hil den hamaseigarren behargina da gaurkoa. Haien artean Gernika-Lumon bertan bat, otsailaren 9an. Iaz lan ezbeharretan 125 zendu direla dio LABek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.