Georgievak aulkiari eutsi dio, europarren presioari esker

Kristalina Georgieva Nazioarteko Diru Funtseko zuzendaria, artxiboko irudi batean. LUDOVIC MARIN / EFE.
xabier martin
2021eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Munduko Bankuan zegoela Txinari emandako ustezko tratuak kinka larrian jarri du egunotan Kristalina Georgieva Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendariaren kargua, baina, Europako herrialdeei esker, aulkiari eutsi ahal izan dio. Bi astez iraun duen ikerketan zortzi elkarrizketa egin ditu NDFk, eta haren zuzendariari babes osoa ematen dion ohar batekin itxi du ikerketa. Azken orduetan kargua galduko zuela ematen zuen, NDFk jakinarazi zuelako «laster» emango zuela ebazpen bat, Georgievari berari galdeketa egin ostean. Baina erakundean beste zuzendari bat nahi zuen herrialde taldeak, AEBak buru direla, atzera egin behar izan du Europako estatuen babesaren aurrean.

Wilmer Hale abokatu bulegoaren auditoretza batek duela hilabete ondorioztatu zuen Txinari aldeko tratua eman ziola Georgievak, Munduko Bankuaren txosten izarrean, Doing Business zerrendan. Bulegoak ziurtatu duGeorgievak «modu irregularrean» estu hartu zituela bere ardurapekoak, Txina zegokion baino gorago jartzeko sailkapenean. Herrialde bakoitzak negozioak egiteko ematen dituen erraztasunen arabera egiten dute sailkapen hori. Orain, berriz, akusazio horiek oinarririk gabekoak direla ondorioztatu du NDFk.

2019ko urriaz geroztik da Kristalina Georgieva NDFko zuzendaria (Sofia, Bulgaria, 1953). Christine Lagarde frantziarraren lekukoa hartu zuen, Lagarde Europako Banku Zentraleko presidentetzan jarri zutenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.