Gaztenpresak beste 2.000 enpresa berri sortu nahi ditu datozen lau urteetan

Azken hamabost urteotan 2.003 enpresa eta 3.848 lanpostu sustatu ditu Euskadiko Kutxako fundazioak

Bilbo
2009ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Lau urtetan orain arte sortutako enpresa kopurua bikoiztu. Helburu hori ipini dio bere buruari Gaztenpresak, enplegua sustatzeko eta enpresak sortzen laguntzeko Euskadiko Kutxaren fundazioak. Horixe adierazi zuen atzo Josu Arrainzak, Euskadiko Kutxako zuzendariordeak: «Gure helburua da azken hamabost urteotan sortutako enpresa kopuru bera sortzen laguntzea datozen urteetan, 2.000 enpresa berri bultzatzea».

Gaztenpresa fundazioko zuzendari Inmaculada Ramosek azaldu zituen 1994tik gaur arte egindakoaren emaitzak. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, 2.003 enpresa sortu dituzte, eta horiek 3.848 lanpostu sortzea ekarri dute. Gehienak enpresa txikiak izan dira, bi langilez osatuak batez beste -%60ren izaera juridikoa enpresa indibidualarena izan da-, eta 2.000 enpresa horietako lautik hiru zerbitzuen sektorekoak dira.

2008an, 234 enpresa eta 370 lanpostu sortzen lagundu zuen Gaztenpresak. Ekintzaile gehienak gazteak izan ziren, 34 urte batez beste. Horietatik %78 langabezian zeuden enpresa sortu aurretik, eta ia hirutik bi emakumezkoak izan ziren.

Jaurlaritzak 400.000 euro

Gaztenpresak sustatutako hamar enpresetik seik Eusko Jaurlaritzak laguntza ere jaso dute. Aurrerantzean ere, askok jasoko dute diru hori, 2002tik duten elkarlan akordioa berritu baitute Jaurlaritzak eta Gaztenpresak. Txus Monreal Jaurlaritzako Enplegu zuzendariak azaldu zuenez,400.000 euroko laguntza emango diote fundazioari. «Horrek ekarriko du enpresak sortzeko 500 laguntza pertsonalizatu inguru, eta ondorioz, 800 lanpostu berri». Bai Gaztenpresak eta bai Lan Sailak «zeregin, ikuspegi eta baliotan» bat egiten dutela gaineratu zuen Monrealek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.