Gaztenpresak 770 lanpostu sortzen lagundu zuen, 2013an halako bi

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2015eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
2013. urtea amaitzen ari zela jarri zuten helburua Gaztenpresan: 2014ak historikoa behar zuen. Ekonomia hazi egingo zela aurreikusi zuen Laboral Kutxak, eta, horri esker, inoiz baino enpresa gehiago sortzen laguntzeko erronka jarri zioten euren buruari. Esan eta izan. 2014an %1 hazi zen EAEko ekonomia, eta %1,4 Nafarroakoa; hazkunde horri esker, 462 enpresa sortzen lagundu zuen Gaztenpresa fundazioak. Lanpostuei dagokienez, 771.

Xabier Egibar Gaztenpresa fundazioko presidentea gustura dago datuarekin. Gainera, azken lau urteetan sortu diren enpresen iraupena zenbatekoa izan den neurtu dute, eta %77koa dela nabarmendu zuen atzo Inmaculada Ramos Gaztenpresako zuzendariak. «Krisiaren garairik zailenetan maila horri eustea datu oso ona da». Huts egin duten enpresa gehienek, gainera, mikrokreditu bat eskuratu zutela ere azaldu du. «Halako kreditua eskatzen dutenean, ekimen batekin probatu nahi izaten dutelako da. Ez badu aurrera egiten, beste batekin saiatzen dira». Horregatik, aurrera egin ez duten enpresa horien datua ematen duena baino arinagoa dela azaldu zuen.

Iaz enpresa bat sortu zuten pertsonen soslaia ere jakinarazi zuten. Lanean dagoen 38 urteko gizonezkoarena da soslai hori. Generoaren aldetik, eskatutako kredituen hamarretik sei gizonek eskatu zituzten iaz. «Normalean, orekatuagoa izaten da proportzioa», argitu nahi izan zuen Ramosek. Proportzio berbera zen, halaber, lanean eta langabezian dauden pertsonena. Gainera, lanbide heziketako ikasketak egin dituztenak %69 izan dira. Batez beste 50.700 euroko inbertsioa egin dute ekintzaile horiek euren enpresak abiatzeko, eta 30.012 euroko mailegua eskatu. Sektoreei dagokionez, pasa den urtean sortu ziren enpresa gehienak zerbitzuen arlokoak izan ziren. 1996an sortu zen Gaztenpresa fundazioa, eta geroztik 3.700 enpresa eta 6.600 lanpostu sortzen lagundu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.