Euskal gazteek zailtasunak dituzte lan merkatura sartzeko. 16 eta 24 urte bitarteko neska-mutil gehienak ikasten ari direnez, horien jarduera tasa txikia da, baina 25 eta 34 urte arteko gazteen %17,4 langabezian dago. Eta horregatik dio EGAB Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak Arabako, Bizkaikoa eta Gipuzkoako gazteek zailtasunak dituztela lan merkatura sartzeko.
Alderaketa egin dute antzeko egoera sozioekonomikoa duten Bavaria, Flandria eta Eskoziarekin, eta bertako gazteekin alderatuta euskal gazteen egoera okerragoa dela azaltzen du EGABek atzo aurkeztutako txostenean. Langabezia tasa handiagoa da EAEko gazteen artean, batez ere 25 urtetik beherakoen artean. Lan baldintzak ere hiru lurralde horietakoak baino okerragoak dira, eta, horregatik, «bizi proiektu bat bideratzeko aukera kaskarragoak dituzte».
Datu horiek eskuan zituela, ikerketa egin duen Jon Barrutiak «estatu itun bat» eskatu zuen, gazteek lan merkatura iristeko zailtasun gutxiago izan ditzaten. Itun horretan parte hartzen duten agente guztien presentzia eskatu zuen, etorkizuneko testuinguruari egokitutako gazteak edukitzeko. Hala ere, bi kolektibori arduratsu jokatzeko deia egin zien: «Alde batetik, herritarrei erantzukizuna eskatu behar zaie, hautatzen dituzten titulazioak zein baliabide dituzten jakiteko garaian; baina, horretaz gainera, politikariei gazteen enplegagarritasuna sustatzeko lidergoa hartu dezaten eskatu behar zaie. Eurei ere badagokie neurriak hartzea».
Etorkizuneko enplegua, gainera, digitalizazioaren eremutik iritsiko da, eta horrek aldaketa ugari ekarriko ditu berarekin. «Digitalizazioak, sektore batean sartzen denean, muturrera eramaten du dena; egoera horretarako prest daudenak ondo biziko dira, baina gainerakoen lana edo negozioa okertu egingo da». Horregatik, egoera horiei aurre egiteko «antidotoa» goi mailako hezkuntza dela adierazi zuen Barrutiak.
Horren harira, 4.0 iraultzaren eraginez, hainbat lanpostu desagertu egingo direla aurreratu zuen. Hori dela eta, kalifikazio mailarik apalena duten langileek «asko sufrituko» dutela azaldu zuen. Baina lanpostu batzuk desagertuko diren arren, beste berri batzuk sortuko dira. Horiek ere kalifikazio maila handikoak. Kalifikaziorako beharra, beraz, gero eta arlo gehiagotara zabalduko da etorkizunean. 2025. urtera arte kalifikatutako lanpostuak handitu egingo dira lehen sektorean, instalazio eta makinetako langileen artean, ostalaritzan, osasun arloan eta irakaskuntzan.
Prekarizazioari aurre egin
Lan merkatura iristeko dituzten zailtasunez gain, egun lanean ari diren gazteen artean prekarizazio maila handia ere nabarmendu du EGABek. Horregatik, baldintza horiek hobetzeko neurriak eskatu dizkie enpresariei, lantegiekin duten konpromisoa indartze aldera. Baina kultura aldaketa bat ere eskatu du, batez ere emakumeak sektore eta ikasketa maskulinizatuetara erakartzeko. «Etorkizun profesional hobea eskaintzen duten lanpostu eta ikasketetara gerturatzeko aldaketa bat beharrezkoa da». Horregatik, orientazio akademikoan ere hobekuntzak beharrezkoak direla uste du batzordeak, eta jakintza tekniko eta digitalak eskainiko dituzten ikasketak bultzatzeko beharra nabarmendu zuen.
Talentua sustatzeko neurri adostuak hartzeko beharra ere eskatu zuen EGABek, atzerrira joaten diren profesionalek ostera sorterrira itzultzeko aukera izan dezaten. Horren harira, erretiratzen ari diren langileen eta berrien arteko ordezkatze kontratazioak gehiago bultzatu behar direla adierazi zuen batzordeak: «Kalitatezko enplegua sortzen dute kontratu horiek, eta, gainera, sartzen den langilearen egonkortasuna lortzen du».
Gazteen enplegua sustatzeko «estatu ituna» eskatu du EGABek
Ikasketak aukeratzeko orduan, sortuko diren lanpostu kalifikatuak kontuan izateko eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu