Araba, Bizkai eta Gipuzkoan alokairuan bizi eta urtean 85.000 euro baino gutxiago irabazten duten 36 urtera arteko pertsonek etxearen jabeari ordaindutakoaren %35 berreskuratu ahal izango dute errenta aitorpena egitean. Gazteek ez ezik, alokairuan bizi diren edozein adinetako familia ugariek, guraso bakarrekoek eta elbarriek %30 eta %35 arteko kenkariak izango dituzte errenta aitorpenean. Orain arte %20ko kenkaria zuten, alokairuan bizi diren beste maizter guztiek bezala; hori bai, neurri berriarekin asko jota 2.800 euro berreskuratu ahal izango dituzte. Aldaketa hori EAJk eta PSE-EEk elkarrekin adostu duten zerga erreformako neurri deigarrienetako bat da.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasun diputatuek gaur eman dute erreforma proiektuaren berri hiru aldundietan. Haien hitzetan, etxebizitza, aurreikuspen soziala eta zaintza dira ardatz nagusiak. Onartu dute aldaketekin diru gutxiago bilduko dutela, baina uste dute hobeto banatuko dela gizartean. Orain xehetasunak plazaratu eta beste alderdien zuzenketak jasotzeko epea ireki da. Bizkaiko Batzar Nagusietan prozesua arina izango da, EAJk eta PSEk erreforma onartzeko behar besteko gehiengoa baitute. Araban eta Gipuzkoan, berriz, beste alderdi baten babesa beharko dute.
1
Etxebizitza: familia dohaintzak, libre 30.000 euroraino
Erreforman ez dago ondare edo oinordetza zergei eragiten dien aldaketa sakonik, eta neurri berri gehienek PFEZean eta sozietate zergan dute eragina. Kasu gehienetan kenkariak dira, gainera. Horrek ezkerreko alderdien babesa zaildu dezake. Deigarriak dira, halaber, etxebizitza merkatua berpizteko asmoz diseinaturiko neurriak, hala erosteko nola alokairuan jartzeko. Alokairuan, esaterako, etxea errentan duten jabeek gastuen %50 kenkari bezala sartu ahal izango dituzte tentsio handiko gune batean badaude.
Erosketari dagokionez, 36 urtera artekoentzako baldintzak hobetu dituzte. Izan ere, aldundiek 30 urtetik 36ra igo dute gaztetzat joa izateko adina. Hor, esaterako, hamar urtera luzatu dute etxebizitza erosteko aurrezki kontuen indarraldia, eta %23ko kenkaria mantendu. Era berean, etxebizitza erosteagatik 8.500 euroko gehieneko muga desagertu egingo da lehen urtean, eta senideren baten bitartez jasotako maileguek ez dute zergarik izango. Alegia, hirugarren graduko senide batek 30.000 eurorainoko dohaintza egiten badio gazte bati, eta helburua etxea ordaintzea bada, ez da zergapetuko. Mailegu hipotekarioek, normalean, etxearen kostuaren %80 estaltzen dute, eta ogasunek ikusi dute familia barneko dohaintzak ohikoak direla beste %20 lortzeko.
Alokairuen kenkariekin gertatu bezala, errenta oso handiko langileek ez dute kenkaririk izango etxea erosteagatik. Zenbat da oso handia? Bada, alokairurako muga bera: 85.000 euroko soldata garbia urtean. Gaur egun, etxea erosteagatik jasotzen den kenkaria unibertsala da, eta 36.000 euroko muga du. Kenkari hori urtez urte banatuta jaso daiteke, eta 1.580 euroko muga du urteko. Iragan asteburuan zabaldu zenez, gehiegizko muga hori PSEren eskaera izan da.
2
19.000 eurotik behera, aitorpenik ez
Urtean 19.000 euro baino gutxiago irabazten duten zergapekoek ez dute errenta aitorpenik egin beharko. Gutxieneko soldata irabazten dutenak, esaterako, langa horren azpitik geratuko dira. Orain arte, muga 14.000 eurokoa zen bi ordaintzaile bazeuden —enpresa bat baino gehiago, langabezia, gizarte diru laguntzak...—, eta 20.000koa ordaintzailea bakarra bazen. Errentarik txikienei laguntzea da aldaketa horren espiritua. Aldea handia da Nafarroarekin konparatuta, bertan 14.500 euroren langa jarria baitute.
PFEZarekin jarraituz, irabazien araberako kenkarien taulak berrituko dituzte, eta gaur egungo bost tarteetatik seira handituko dituzte. Testua argitara ateratzean jakingo dira xehetasun gehiago, baina aurreratu dute zerga tasa berri bat ezarriko dietela lanetik kanpoko diru iturriekin 200.000 euro baino gehiago irabazten dutenei. %25 ingurukoa izatea espero da.
3
Kenkariak zaintzaileak kontratatzeagatik
Familiarekin, berdintasunarekin eta zaintzarekin lorturiko kenkariak ere proposatu dituzte. Esaterako, kenkariak proposatu dituzte 6 urtetik beherako edo menpekotasun handiko pertsona bat zaintzeko langile bat kontratatzen dutenentzat. Hori bai, bakarrik zerbitzu horiek profesionalki kontratatzen dituztenentzat izango da kenkaria.
Zaintza baimenek ere gainsaria izango dute; ondorioz, zaintza lanetarako lanaldia murrizten dutenek 1.500 eurorainoko kenkaria izan ahalko dute gizonak badira, eta 1.200erainokoa emakumeak badira. Halako neurriak errazten dituzten enpresek ere kenkariak izango dituzte sozietate zergan, eta bereziki handiak izango dira lantaldearen heren batek eskatzen baditu.
4
Auto elektrikoarentzako kenkariak
Ogasunek hainbat pizgarri fiskal onartu dituzte trantsizio berdetzat jo dutena bultzatzeko. Norbanakoentzat zein enpresentzat izango dira. Esaterako, auto elektrikoa erosten duenak %5eko kenkaria izango du; eta %10 igoko da ibilgailu zahar bat kentzen badu; eta %15era kargaleku bat jartzen badu. 40.000 eurorainoko autoei aplikatuko zaie, eta erabat elektriko edo hidrogeno bidezkoak izan beharko dute; alegia, hibridoei ez diete aplikatuko. Aldiz, enpresa batek erosten badu, %35erainoko kenkaria lor dezake sozietate zergan.
Deskarbonizazioa sustatzeko ere kenkari handiak prestatu dituzte. Ikerketa eta garapeneko kenkaria %30etik %35era igo dute, eta, kenkari guztiak kontuan hartuz gero, %75erainokoak izan daitezke. Araua diseinatzean, esaterako, erregai fosilak erretzen dituen labe elektriko bat hidrogeno bidezko bategatik aldatzen duen enpresa izan dute buruan. Enpresa guztiak baliatu ahal izango dira horretaz, haien irabaziak kontuan izan gabe.
5
BGAEak dira bidea
Aldundiek etorkizunera begirako hausnarketa egin dute, eta pentsio ordainketek behera egingo dutela aurreikusi. Egoera zuzentzeko biderik onena BGAE borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeak direla sinetsita daude, eta haiek diruz hornitzea sarituko dute kenkarien bitartez.
Langileei dagokienez, %10 eta %25 bitarteko kenkariak proposatu dituzte BGAEra bideratzen duten kopuruaren arabera; baita enpresei ere sozietate zergan. Ekarpenen kopuruaren eta BGAEaren araberakoa —gizabanakoena edo enplegukoa— izango da hori. Ogasunen helburua soldata igoerak ekarpenekin aldatzea da, baina zaila izango da asmo horrek sindikatuen oniritzia jasotzea.
Langileek soldataren %6 BGAE batera bideratzea nahiko lukete ogasunek, baina langa errealistago bat jarri dute hasieran: %3. Neurriaren lehen bost urteetan, gainera, ekarpena edozein izanda ere enpresek kenkariak jaso ahal izango dituzte. Hori bai, bost urte barru ekarpen horiei derrigorrezko gutxieneko bat ezarriko zaie, %3 ingurukoa.
Eta BGAEtik dirua ateratzeko garaian? Ogasunek argi eta garbi errenta bidez ateratzea sustatuko dute, hau da, langileak bere lan bizitza osoan BGAEan sarturiko dirua hilabetez hilabete ateratzea, eta ez dena kolpetik. Errenta bidez ateratzen dutenek, esaterako, ez dute zergarik ordainduko bere diruak urte horietan sorturiko mozkinengatik. Kolpetik ateratzen dutenek, berriz, aurrezki errenta gisa bezala ordainduko dute, eta ez lan errendimendu bezala.
6
Talentua erakartzea, errotzea... hurrengorako
Zerga erreforma honek ikusmin handia sortu du azken hilabeteetan, eta ogasun diputatuek zehaztu dute ez dagoela bukatuta. Enpresa elkarteek, esaterako, talentua erakartzea eta enpresek errotzea sustatzeko neurri eskuzabalagoak eskatu dituzte jendaurrean; horietarako, baina, urte oso bat itxaron beharko dute. Ogasunek beste lehentasun batzuk izan dituzte oraingoan, baina aurreratu dute hurrengo urtean erantzungo dietela eskakizun horiei.