Lan bat onartu ala ez: hori omen da gaur egungo gazte askoren dilema. Patronalek denbora daramate hainbat lan sektoretan langile falta dagoela ohartarazten; langile kualifikatuak falta dira, baina baita kamioilariak, iturginak, eraikuntzako langileak eta zerbitzariak ere. Itxuraz, baina, gazteak ez dira korrika hutsune horiek betetzera joaten azkenaldian, nahiz eta 16 eta 34 urte arteko gazteen langabezia tasa %14tik gertu egon. Horren harira, gazteek lanik egin nahi ez dutela zabaldu da azkenaldian, sektore batzuetan batez ere; baina zer dago gazteek lan jakin batzuk ez onartzearen atzean? Nagiak dira, edo ez dute edozein baldintzatan lan egin nahi?
Gazteen Euskal Behatokiaren ikerketa baten arabera, 2019an, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 16 eta 29 urte arteko gazteen %78,2 espero baino kategoria txikiagoko lan bat onartzeko prest zeuden, eta %78,8k onartuko lukete duten prestakuntza mailari dagokion ordainsaria baino txikiagoa jasotzea. Bi adierazle horiek handitu egin dira 2019tik 2021era; lehena, %78,2tik %85,6ra, eta bigarrena, %78,8tik %84,2ra. Hau da, lanik ez duten gazteek lan baldintzen inguruko pretentsioak jaitsi dituzte, eta lan merkatuan sartzea lehenesten dute gero eta gehiago.
Ikusi gehiago:LANGILEAK, BAINA EZ EDOZEIN BALDINTZATAN
Zenbaterainokoa da, baina, langile falta? 143.020 langabe daude egun Hego Euskal Herrian, eta bete gabe dauden lanpostuak, berriz, ez dira 10.000ra iristen.
Datu horien kontrakoak dira ugazaba batzuen kexuak eta hainbat telebista programaren eztabaida eta titular alarmistak. Oihana Lopetegi LAB sindikatuko Ekintza Sindikaleko idazkariak ez du ukatzen lanbide batzuetan eskulan falta dagoenik, baina uste du horren atzean dauden lan baldintzei erreparatu behar zaiela: «Eskulan falta badago, ikusi beharko da zer eskaintzen den, eta ea eskaintza horrek modua ematen duen bizitza duin bat izateko eta bizi proiektu bat garatu ahal izateko». Xabier Zabala ELAko Azterketa Bulegoko kideak patronalak eta enpresariak jo ditu gazteei egozten zaien horren erruduntzat, eta esan du haien kexak ez direla errealitatean ikusten: «Gazteei bota nahi izan zaie errua, eta, egiatan, errua haiena da. Lan baldintza txarrak eta soldata txikiak eskaintzen zaizkie».
Zedarriak enpresariei lotutako euskal plataformak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresariak kritikatu ditu azken txostenean, gazteei eskainitako kontratuengatik. Haien ustez, behin-behineko eta jardunaldi murriztuko kontratu gehiegi sinatzen dira, eta ez dituzte betetzen «oinarrizko beharrizanak». Horri aurre egiteko, gazteen kontratazioan kuotak ezartzea proposatu dute.
Iñaki Urrestik, baina, esan du eraikuntzaren sektorean lan baldintzak onak direla. Hilabete hasieran hitz egin zuen BERRIAk Ascobi-Bieba eraikuntzaren Bizkaiko patronalaren idazkari nagusiarekin, eta horren inguruan mintzatu zen: «Baldintza ekonomikoak beste sektoreekin alderatuta, ez dute zerikusirik: hobeak dira. Industrian baino hobeak, eta, zerbitzuen sektorekoen aldean, ezta gerturatu ere». Bestalde, eraikuntza lanen inguruko aurreiritziak eta «hesi mentalak» daudela uste du: «Irudi klasikoak kalte egiten digu: beste ezertarako balio ez duena, obrara. Eraikuntza azken aukeratzat hartzen da, baina egun teknologia asko dago sektorean».
Joan den udan, Espainiako ostalarien patronalak adierazi zuen iazko udan 100.000 lanpostu gehigarrien erdiak soilik bete zirela. Horren inguruan, Lopetegik dio ostalaritzan ikusten dutena lan baldintzen urraketa dela: «Sektore horren errealitatea da hitzarmena ez dela errespetatzen, egiten diren lan ordu guztiak ez direla ordaintzen eta desregularizazio handia dagoela». Antzera pentsatzen du Zabalak: eskulan faltaren zurrumurrua gehien udaren hasieran entzun zela iritzi dio, ostalaritzako enpresariek bultzatuta. Sektore horretan langileen eskubideen urraketa asko daudela uste du, eta arazoaren muina hor kokatu du.
Gazteen egoera datuetan
Azken urteetan behera egin du gazteen erosahalmenak, nabarmen. Izan ere, datu absolutuetan, soldatek behera egin dute 2010etik hona. Eusko Jaurlaritzak egindako Gazteen Emantzipazioa Laguntzeko 2030eko Estrategiaren arabera, 16 eta 29 urte artekoen batez besteko soldata 1.424 eurokoa zen 2010ean, eta 1.297 eurokoa, berriz, 2020an. Hala, azken hamarkadan, gazteen batez besteko soldatak 127 euro egin du behera hilabetean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, baina prezioak %10 handitu dira ordutik. Beste datu deigarri bat plazaratu zuen estrategiak: 2010 eta 2020 artean, gazteen %35,2k bakarrik irabazten zuten 600 euro baino gehiago hilabetean.
Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, Hego Euskal Herrian, 25 eta 34 urte arteko gazteek urteko batez besteko soldata baino 2.820 euro gutxiago irabazten zuten 2008an, eta 5.925 euro gutxiago, berriz, 2020an.
Lopetegiren arabera, gazteen prekaritatea gero eta handiagoa da, eta kroniko bihurtzen ari da: «Gazteen espektatibak eta bizi proiektuak aldatzen ari dira, heldu ahala baldintzak ez baitira hobetzen. Lehen, gaztetasuna iragankorra zen, eta lan baldintzak hobetzen ziren denborarekin, baina hori ere aldatzen ari da». Topikoei tiraka, uste du egoera hori ez datorrela bat gazteen prestakuntzarekin: «Egungo gazteak inoiz baino prestatuago daude, baina horrek ez du bermatzen lanpostu duin bat izatea bizi proiektu bat garatu ahal izateko».
Ikusi gehiago:Kamioiek ez dute nork gidatu
Langile falta
Gazteak: langile ala nagi?
Gero eta gehiago ari da zabaltzen gazteek lan egiteko gogorik ez dutela iradokitzen duen topikoa. Beste batzuek gazteen lan eta bizi baldintzetan jartzen dute arreta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu