Gazpromek dio EBk ez duela gas nahikoa izango negua gogorra baldin bada

Egunero 800 milioi metro kubiko gasaren defizita izango luke tarte laburreko hotzaldietan. IEAk, berriz, ohartarazi du balitekeela datorren negua okerragoa izatea

Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra, atzoko agerraldi batean. H. HANSCHKE / EFE.
xabier martin
2022ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Tentsioa gora doa Europan egutegiak negu aldera aurrera egitearekin batera. Gas horniduraren erronka gero eta modu gordinagoan plazaratzen ari da herrialdeen artean. Gazprom Errusiako gas hornitzaileak bere alea jarri zuen atzo, Europako Batasunean izua zabaltze aldera. Haren arabera, Batasuneko herrialdeek 800 milioi metro kubiko gasaren defizita izango lukete batez beste aurki hasiko den negua bereziki hotza balitz.

«Tarte labur batez hiri osoak izoztu daitezke», ohartarazi zuen Kremlinaren alboko enpresako kontseilari ordezkari Alexei Millerrek, eta zenbakiekin arrazoitu zuen lerroburu deigarri hori: «Gazpromenek 1.700 milioi kubiko gas arteko kopurua hornitu zuen Harmut antizikloiak iraun zuen bitartean, 2018an». Kalkulatu zuen Alemaniak bi edo bi hilabete eta erdirako gasa duela biltegietan; «gero amaitu egingo zaio».

Europako Batasuneko Energia ministroen Pragako bilkurara iritsi zen mezu hori, eta IEA Nazioarteko Energia Agentziak ez zuen askorik lagundu animoak lasaitzen; izan ere, Faith Birol zuzendariak garbi esan zien Batasuneko ministroei balitekeela «2023-2024ko neguan egoera okerragoa» izatea: «Orain hasi behar dugu datorren negurako prestatzen». Birolek badaki Alemaniak, Frantziak, Italiak, Herbehereek eta Espainiak, besteak beste, gasaren prezioari muga bat ezarri nahi diotela.

Estatu kideek ez dute adostu oraindik nola hartuko duten neurri hori, baina Berlinek gas erosketa bateratuaren aldeko jarrera hartu du, eta Batasunak gas inportatzaileen klub bakar baten gisa aritzeko urratsak egin dituela esan daiteke. Gertatzen dena da prezio muga apalegia jarriz gero hornidura arriskuan egon daitekeela, Batasuna ez baita erosle bakarra merkatu globalean, eta faktore hori galgarena egiten ari da oraingoz. Badira Norvegiara, AEBetara eta Qatarrera begiratzen dutenak, «konfiantzako hornitzaile direnez», keinu baten zain, baina «asko hitz egin behar da» oraindik prezioaren inguruko akordioak lortzeko.

Edonola ere, Europako Batzordeari dei egin diote estatu kide batzuek, tartean Alemaniak, aurrera pausoak «orain» eman ditzan akordio bat egon dadin luze gabe. Erlojua ez da gelditu, eta negua ate joka ari da. Biltegiak beterik daude, baina gasa aurrezteko planak ez badira eraginkorrak, hori ez da izango helduleku nahikoa Alemaniaren ekonomian zulo handi bat ez eragiteko. Izan ere, Berlinek onartu du atzeraldian sartuko dela 2023an; -%0,4 egingo du atzera bere BPGak, Ekonomia ministro Robert Habeckek aurreikusi duenez. %2,5eko hazkundetik-%0,4ko erorikora aldatu du aurreikuspena gobernuak.

Putinen eskaintza

Horiek horrela, Bruselak neurri sorta berri bat aurkeztuko du datorren astean, bi helbururekin: energiaren merkatuan esku hartzea berriro, eta eskaera gutxitzea sustatzeko. «Elkarrekin aritu behar dugu, baina adostasun handi baten oinarriarekin», esan du Energia komisario Kadri Simsoonek.

Bien bitartean, Vladimir Putin Errusiako presidenteak jakinarazi du Nord Stream 2 gasbidearen kalteak konpon daitezkeela, eta Ukraina, Polonia eta AEBak direla haren sabotajearen onuradun nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.