Geldialdi ekonomikoaren mamua oso presente egon da Nazioarteko Diru Funtsa (NDF) eta Munduko Bankua asteon Marrakexen (Maroko) egiten ari diren bileretan. Ostegun honetan, Kristalina Georgieva NDFko zuzendari nagusiak esan du oso adi daudela Israelen eta milizia palestinarren arteko gatazkaren bilakaerari, inflazioa igotzea ekar dezakeelako, batez ere petrolioaren ekoizpena eta banaketa zailtzen bada. Eragina neurtzeko «goizegi» den arren, ohartarazi du prezioetan gorabeherak izan direla azken egunetan, eta horrek ekonomiaren etorkizun hurbila «belzten» duela.
Gerra «hauskortasun garai batean» piztu da. Munduko ekonomia hazten ari da oraindik ere, baina «herrenka», Pierre-Olivier Gourinchas NDFko ekonomista buruak asteartean esan zuenez. Eta epe ertaineko panorama udaberrian irudikatutakoa baino okerragoa bazen, orain ilundu egin dela gaineratu du Georgievak. Kezka nagusia gatazka hedatzea da, eta bereziki inguruko herrialde batzuek, petrolio ekoizle eta esportatzaileek, hala nola Saudi Arabiak eta Iranek, zuzenean edo zeharka parte hartzea.
1973ko krisiaren itzala oso handia da oraindik. Halakorik ez du inork aipatu, baina nazioarteko ekonomia erakundeak beldur dira oraingo gatazkak inflazioan beste gorakada bat eragingo ote duen. «Gatazka zabaltzen bada, eragina izango du ekonomietan», ohartarazi du Gita Gopinath NDFko idazkariordeak Bloomberg-en egindako elkarrizketa batean.
Kezka gero eta erakunde gehiagotara hedatzen ari da. Ostegun honetan, Energiaren Nazioarteko Agentzia (IEA) zuhur agertu da, eta esan du gatazkak «oraingoz» ez duela eraginik izan petrolio fluxuetan, baina prezioetan gorabeherak izan direla ohartarazi du. Brent upela %5 igo da gerra piztu zenetik, eta 88 dolar inguruan dago. Irailaren 28an, 97,5 dolarrera iritsi zen, eta lehen erasoak gertatu baino bi egun lehenago 84 dolarretan zegoen. Energia agentziak ohartarazi du «epe motzean» gerrak petrolio merkatura bideratuko dituela begirada guztiak, ezegonkortasuna handitu daitekeelako. Ziurtatu du gertutik zainduko duela hori eta, «behar izanez gero», hornikuntza bermatzeko neurriak hartuko dituela.
Ekoizleei begira
Izan ere, hileko txostenean, IEAk aurtengo petrolio kontsumoaren aurreikuspenak handitu ditu: joan den hilean aurreratu zuena baino 100.000 upel gehiago egunean. Igoera horren %77 Txinari dagokio. 2024an, berriz, kontsumoa jaitsi egingo da: egunean 380.000 upel gutxiago.
Testuinguru horretan, Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak eta haren aliatuek, LPEE+ izeneko taldeko kideek, ahalik eta zuku gehien atera nahi diote produkzioari, eta haietako batzuek berretsi dute ekoizpena murrizten jarraituko dutela, prezioa igotzeko eta 100 euro inguruan finkatzeko. Hala baieztatu du ostegun honetan Abdul Aziz Bin Salman Saudi Arabiako Energia ministroak. «Produkzio murrizketak bi, hiru, lau edo bost hilabete iraungo ditu; alegia, merkatuetan lasaitasuna bermatzeko eta egonkortasuna ekartzeko behar den denbora guztia». Bin Salman Errusiako lehen ministrorde Alexander Novakekin bildu da Moskun. Hark ez du «arrisku handirik» espero petrolioaren merkatuetan, «oraingoz behintzat».
Ekoizleen edozein erabakik ekonomiaren bilakaera baldintzatuko du. NDFk badu hipotesi bat: prezioak %10 igoz gero, munduko Barne Produktu Gordina (BPG) %0,2 inguru murriztuko litzateke, eta munduko inflazioa bi eta lau hamarren artean handituko. «Eskualdean ezegonkortasun geopolitikoak daudenean, sarritan ikusten ditugu energiaren eta petrolioaren prezioetan igoerak», adierazi zuen asteartean Pierre-Olivier Gourinchas erakundeko ekonomialari buruak.
Banku zentralak ere kezkatuta daude egoerarekin. Gainera, gatazka garairik «desegokienean» piztu da, interes tasen igoeren ondorioak laster ikusiko zirela uste zutenean, Ajay Banga Munduko Bankuko presidenteak Reuters agentzian egindako elkarrizketa batean adierazi duenez. «Lurreratze leun baterako aukera bat zegoela sentitzen hasi ginenean gertatu da. Egoera berriak gogorrago bihurtuko du lurreratzea».